Arrastaka doazen borrokak

Orainaren korapiloak eta iraganaren zama Beñat Sarasolaren 'Deklaratzekorik ez' lehen nobelan
Beñat Sarasola, <em>Deklaratzekorik ez</em> estreinako nobela eskuetan duela, atzo, Donostian.
Beñat Sarasola, Deklaratzekorik ez estreinako nobela eskuetan duela, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Andoni Imaz -

2019ko martxoak 16
Bermutaren orduan goraino bete ziren Pandora tabernako izkina guztiak, Donostiako Gros auzoan. «Akontezimentu giroa» nabari zen, Harkaitz Canok esan zuen moduan. Aldamenean zuen Beñat Sarasola, Susa argitaletxearekin argitaratu berri duen liburuan deklaratu gabeak kontatzen; parean, mikrofonoa, bien hitzak jasotzeko. Ikusmira handia sortu zen Deklaratzekorik ez nobelaren aurkezpenean: aurreneko nobela du Sarasolak, eta hamar urtean kaleratu duen lehen literatur lana da.

Argitaratuak ditu bi poesia liburu: Kaxa huts bat (Susa, 2007) eta Alea (Susa, 2009). Eleberrian «badago zeozer Alea-tik», egilearen harridurarako. Bere buruari traizio eginda iritsi da Deklaratzekorik ez: azken poema liburuaren ondoren, Sarasolak esan izan zuen 40 urtera arte ez zuela nobelarik idatziko, «gauza temerarioa» baita. «Poeta dena ematen du betirako kondenatua dagoela poeta izatera», baina fikziozko lan luzea kaleratu du.

Idazleak berak nabarmendu nahi izan zuen fikziozkoa dela aurkeztu berri duen lana; are gehiago, «fikzioaren aldarrikapena» dagoela abiapuntuan. «Fikzioaren irakurketa gero eta problematikoagoa den fase historiko batean gaude; joera dugu irakurketa sinplista, erraz, panfletarioetarako».

Dena den, istorio errealista bat kontatzeko asmoarekin idatzi du nobela. «Batzuetan, errealitatea mingarria den heinean, nobela ere mingarri suerta daiteke». Fikzioa izan litekeelako deserosoa ere, anbiguoa, bi hitzetan laburtu ezinezkoa. Zer esanik ez Euskal Herrian azken hamarkadetan gertatutakoez idazten denean. «Zer geratzen zaigu deklaratzeko gure betiko gaiari buruz? Ziur aski, ia dena; hobeto esanda: batez ere ia dena. Dei iezaiozue gure gauza, gure kezka, gure beti betikoa, edo, nahi bada, gure gatazka. Modu maiztuan erabilitako gaia, baina gutxi jorratu den ikuspegi batetik eskainia», esan zuen Canok liburuaz.

Euskal gatazka ageri da nobelan, testuinguru horretan osatu duelako istorioa Sarasolak, baina hark azaldu zuen liburua gehiago ari dela zenbait pertsonaiaren arteko harremanen inguruan. Lagunartea, amodiozko harremanak eta protagonistak aitarekin duen harremana kontatzen dira. Hori guztia gatazkaren erdian kokatua, eta hori guztia ezinbestean gatazkak blaitua.

Liburuan izenik ez duen pertsonaia bakarra da protagonista, eta haren harremanek ardazten dute nobela. Halere, pertsonaiak une oro izango du aldean iraganaren zama: «1990eko hamarkadan kale borroka besarkatu zuen belaunaldiaren ajea eta ondorena» ere kontatzen ditu liburuak, Canoren hitzetan.

Beldurrak eta borrokak

Garai batean uste politiko irmoei jarraituta hartutako erabakien arrastoak elkarrizketan daude protagonistaren egungo harremanen gerturatze eta urruntzeekin. «Liburua irakurrita, ematen du protagonistak gaztetan defendatu zituen hainbat ideal orain xalokeriaz betetako kimera iruditzen zaizkiola, edo ezinbesteko ziruditen ideal horiek bere bizitzan aurrera jarraitzeko macguffin hutsa bilakatu zaizkiola», azaldu zuen Canok. Protagonistak liburuko une batean esandakoak irakurri zituen: «Borroka da bide bakarra, bai, baina ez da hau borrokabide bakarra».

Sarasolak azaldu zuen beldurraren sentimenduak zeharkatzen duela nobela, pertsonaien bizitzan, jokamoldeetan, espektatibetan, ideologian. Diskurtso gogorren atzeko errealitatea azaltzeko asmoarekin aritu da idazten: «Saiatu naiz errealitateak pertsonaiei eragiten dizkien zimurrak eta zikinkeriak gordin samar agertzen, espero dut, gordinkerian erori gabe».

Idazlearen harridurarako, «disfrutatu» egin du nobela idazten. Aurretik poesia idatzi zuen, baina ez du narratibazko lanik argitaratu gaurdaino, eta ez zaio aurrez uste bezain nekeza egin. «Idazten hasi nintzenerako, nahiko mamituak nituen ahotsa, narratzailea eta pertsonaiak». Nobela aurkeztu berritan, satisfazio txiki bat darama berekin: Sarasolak uste du gaur egun eman dezakeen neurria eman duela.

Haren idazkeraren «gaiztakeria luzidoa» eta zehaztasuna nabarmendu zituen Canok. Barrerik eragin gabe irribarre mikatza ateratzeko gai den gaiztakeria, eta mimatu gabeko lerrorik uzten ez duen zehaztasuna. Argi dauka zeresana emango duela Sarasolaren lehen eleberriak. «Deklarazio guztiak bukatzen diren bezala: Donostian, 2019ko martxoaren 14an, sinatzen dut, dagozkion efektuak izan ditzan».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna