Ezustekoa zailegia zen

Bera Berak 29-28 galdu du Alcobendasen, eta bigarren bukatu du ligan. Irabazita ere ez zen txapeldun izango, Ro'Casak ez baitu kale egin

Elke Karsten Bera Berako jokalaria gora begira partida baten amaieran. Alboan, taldekideak, burumakur. J. C. R. / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Emaitza konbinazioa zailegia zen, eta Super Amara Bera Berak ez zuen azken uneko ezuste gozorik izan. Txapeldun izateko Alcobendasi irabazi behar zion, eta Ro'Casak gal zezan itxaron, eta ez zen bi emaitzetako bat ere gertatu. Ro'Casak 31-18 irabazi zion Porriñori, eta Bera Berak 29-28 galdu zuen. Liderraren partidak, baina, erabat baldintzatu zuen Bera Beraren jarduna. Ro'Casak hasieratik lortu zituen alde handiak, eta liga irabaztea ezinezkoa zela ikusteak apaldu egin zuen Bera Beraren grina. Ondorioz, bigarren postuan bukatuko du liga, eta EHF Koparako sailkatu da. Espainiako Kopa irabazi izanak denboraldia gozatu du, eta Europako bidea ere ona izan da, baina ez du lortu sasoiko helburu nagusia.

Bera Berak begi bat Kanaria Handian zuela jokatu zuen Alcobendasen. Ro'Casak estropezu handia egitea behar zuen, baina Porriñok deus ere jokoan ez zuela jakinda, ia mirari bat behar zuela bazekien. Handik zetozen albisteak, gainera, txarrak ziren. Ro'Casak oso indartsu ekin zion partidari, eta 20. minuturako 11-3 zen aurretik. Ezinezkoa zen, ez zuen kale egingo.

Beste partidak eragin zuzena izan zuen Bera Beraren lanean. Alcobendas sailkapeneko behe mailako taldea da, eta atzo ez zuen ezer jokoan, eta, hala ere 20. minutuan 11-7 zen aurretik. Imanol Alvarezek pixka bat estutzeko eskatu zien jokalariei, eta bigarren zatian gora egin zuten (18-20, 40. min.). Ordurako Ro'Casaren festa hasia zen: 21-10 irabazten ari zen.

Galdu arren, partida hunkigarria izan zen Bera Berarentzat. Udan bospasei jokalarik utziko dute taldea, hainbatek arrazoi pertsonalengatik, eta Imanol Alvarezek aukera eman zien guztiei. Askorentzat azken minutuak izan ziren Bera Beraren elastikoarekin. Emozioengatik agian, ez zuten ondo kudeatu partidaren amaiera (25-25, 50. min.), eta Alcobendasek azken txanpa hobeari esker irabazi zuen.

Goñiren agur gazia

Anaitasunak, berriz, hamargarren edo hamaikagarren postuan bukatuko du Asobal Liga. Atzo jokatu zuen azken jardunaldiko partida, eta 37-38 galdu zuen Logroñoren aurka. Bere postua Blendio Sinfinek gaur egiten duenaren arabera aldatuko da. Iruñeko taldeak ezin izan zuen garaipen batekin agurtu Miguel Goñi kapitain historikoa. Taldean hemeretzi denboraldi egin ondoren erretiroa hartzea erabaki du.

Hegalekoak penaltiz sarturiko gol batekin lagundu zien kideei, baina ez zen aski izan. Atsedenaldira 23-22 aurretik iritsi, eta 40. minutuan lau goleko errenta pilatu arren (31-27), Logroñok ez zuen asko behar izan aurretik jartzeko (33-34, 50. min). Kanpokoek arazorik gabe kudeatu zuten alde hori. Bidasoak, bere aldetik, gaur jokatuko du azken partida, etxean (17:00), Cuencaren aurka. Irungo taldeak bigarren postua ziurtatua du, eta gaurko partida festa izatea nahi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.