Agertu da azkenean

Dennisek bigarrenez jarraian irabazi du Munduko Txapelketako erlojupekoa, Evenepoel eta Gannaren aurretik. 24. izan da Castroviejo

Remco Evenepoel, Rohan Dennis eta Filipo Ganna, podiumean, atzo, Harrogaten. NIGEL RODDIS / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Erlojuaren kontrako espezialistarik onena dela berretsi zuen atzo Rohan Dennis australiarrak. Iazko Munduko Txapelketan izandako nagusitasun berarekin gailendu zen Northhallerton eta Harrogate (Erresuma Batua) arteko 54 kilometroko saioan. Ordubete pasatxoan potentzia handia lantzeko erlojupekoa zen, eta, halakoetan, Dennisek ez du parekorik. Saiatu zen Remco Evenepoel ezustekoa ematen, baina 1.09ra gelditu zen. Handia egin zuen flandiarrak, 19 urte eskasekin zilarrezko domina kolkoratuta. Hirugarren Filippo Ganna italiarra izan zen, 1.55era.

Garaipena amorruz ospatu zuen Dennisek. Izan ere, denboraldi zaila bizi izan du Bahrain Merida taldean. Emaitzak ez dira onak izan. Atzo arte, erlojupeko bakarra zuen irabazia, Suitzako Itzulian. Tokitan zeuden iazko zazpi garaipenak. Gainera, kalapita galanta izan zuen taldeko zuzendariekin Frantziako Tourrean, begiz joa zuen erlojupeko luzearen bezperan. Australiarrak bizikletatik jaistea erabaki zuen eztabaida baten ondorioz, eta desagertuta izan da geroztik. Harik eta atzo erakustaldi batekin itzuli zen arte. Hori bai, oraindik ez ditu bakeak egin Bahrain Meridarekin, taldearena ez den materiala erabili baitzuen.

Hiru ziklista zeuden Dennis estu har zezaketenak: Primoz Roglic, Victor Campenaerts eta Evenepoel. Bada, kale egin zuten aurreneko biek. Esloveniarrak Espainiako Vueltan pilaturiko nekea sumatu zuen, eta espero zenetik urrun jardun zen: 12. izan zen, hiru minutura. Aurreratu egin zuen irabazleak, eta haren erreferentziak lagunduta egin zituen azken kilometroak. Sasoi hobean zen Campenaerts, baina dena oker atera zitzaion flandriarrari. Erorikoa izan zuen lehenik, eta katea hautsi zuen gero. 11. postuan bukatu zuen, 2.50era.

Evenepoel aho bete hortz utzi zituen zaleak, beste behin ere. Flandiarra junior mailako txapelduna izan zen iaz, eta urte bakarrean bi koska igo ditu. Eta ez edonola, atzo Dennis bakarrik izan baitzuen aurretik. Ametsetako debuta izaten ari da gorengo mailan: Donostiako Klasikoa eta Europako Txapelketako erlojupekoa irabazi ditu, eta, itxura guztien arabera, Munduko Txapelketako errepideko probako izarretako bat izango da. Domina bat lortu du jada, eta igandean beste bat eskuratzen ahaleginduko da.

Podiumaren lehia estua

Zirrararik gabekoa izan zen urrezko eta zilarrezko dominen lehia. Jada erabakita zegoen bigarren mugarrian. Haatik, garestiago egon zen brontzezkoa. Nelson Oliveirak urteak zeramatzan podiumean tokia egin nahian, eta atzo ere gogotik saiatu zen portugaldarra. Hirugarren iritsi zen azken txanpara, Gannarekiko bost segundoren aldearekin; baina amildu egin zen amaieran, zortzigarren bukatzeraino. Oliveiraren aurretik, Patrick Bevin saiatu zen italiarra podiumetik ateratzen, eta hiru segundo eskasengatik ez zuen lortu.

Onenekin borrokatzeko ilusioa zuen Jonathan Castroviejok, baina ez zen posible izan: 24. postuan amaitu zuen saioa, Dennisengandik 4.19ra. Getxoztarrak bazekien lehiaketako erritmoa falta zitzaiola, eta ez zen gai izan pedalkada sendoa topatzeko. «Ez naiz ondo sentitu. Indarrak neurtzen saiatu naiz hasieran, eta gero, estutu nahi izan dudanean, hanketako min handia sentitu dut».

Gaur gizonezkoen junior mailako errepideko proba jokatuko da. 148 kilometroko ibilbidea izango du, eta Igor Arrieta izango da bertan parte hartuko duen euskal herritar bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.