Bulegoetatik zelaira

Alaves Levanteren zelaian ariko da gaur, sasoi honetan etxetik kanpo bigarrenez irabazteko asmoz. Garitanok eskura ditu Camarasa eta Ismael

Aleix Vidal, jaurtitzen, Mendizorrotzan Betisen aurka jokatutako neurketan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2020ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Lan askoko astea izan da Alavesen bulegoetan. Taldearen gabeziak leuntzeko baliatu nahi dute arabarrek neguko merkatua, eta azeleragailua sakatu dute azken egunetan. Alde batetik, Victor Camarasa eta Ismael Gutierrez fitxatu dituzte, zelai erdia sendotzeko asmoz. Eta, bestetik, jokatzeko aukerarik apenas izaten ari ziren bi jokalari irten dira: Antonio Sivera eta John Guidetti. Bada, jokalarien joan-etorriaz ahaztu, eta zelaiko jardunari erreparatzea dagokio gaur Gasteizko taldeari, garrantzi handiko lehia jokatuko baitu Levanteren zelaian. Bi puntu eskas batu ditu azken bost jardunaldietan; beraz, premiak estututa iritsiko da.

Bolada txarra eteteko aukera ona izan zuen azken partidan, Betisen aurka, jokalari bat gehiagorekin aritu baitzen ia bigarren zati osoan. Haatik, ausardia eta anbizioa falta izan zitzaion, eta puntu bakarrarekin konformatu behar izan zuen. Hots, kale egin zuen etxean, eta, orain, Gasteiztik urrun emaitza ona lortu beharrean dago. Horretarako, asko hobetu beharko du lehen itzulian bisitari gisa eginiko lana. Lau puntu eskas batu zituen bederatzi neurketatan, lehia bat irabazi eta beste bat berdinduta. Beste zazpiak galdu egin zituen; asko, oso itxura txarra emanda. Horiek horrela, balio handia luke gaur Valentzia Hiria estadioan garaipena lortzeak.

Asier Garitanok, zuzenean, final izaera aitortu dio gaurko norgehiagokari: «Zaila eta gogorra izango da etortzeko dagoena. Zailtasuna eta sufrimendua handitu egiten da bigarren itzulian; beraz, partida bakoitza final bat balitz bezala jokatu behar dugu». Aurkariari dagokionez, Alavesek baino sei puntu gehiago ditu Levantek. Bi garaipenekin bukatu zuen aurreko urtea, eta 2020a Atletico Madrilen zelaian ondo lehiatuta abiatu zuen (2-1). «Ondo landutako taldea» dela azaldu zuen atzo Garitanok. «Entrenatzaile trebea eta jokalari garrantzitsuak dauzka, eta gai da edonoren aurka emaitza ona lortzeko, etxean nahiz etxetik kanpo. Izan ere, gola sartzeko egoera ugari sortzen du». Hori horrela, lehia aurrera ateratzeko, aurkariaren trantsizioak «kontrolatu» beharko dituztela adierazi zuen arabarren teknikariak.

Deialdia gaur bertan osatuko du, eta, bertan, tokia eduki lezakete Camarasak eta Ismaelek. Sasoiko iritsi dira biak, eta, taldekide berriekin lan egiteko egun apur batzuk besterik eduki ez duten arren, jokatzeko lehen aukera izan dezakete. Garitanoren aburuz, «desberdinak» dira min hartutako Tomas Pinaren aldean; hortaz, oraindik beste erdilari baten bila dihardute gasteiztarrek.

Wakaso, zigortuta

Pinarena ez da gaur zelai erdian izango duten hutsune bakarra. Izan ere, zigorra bete beharrean dago Wakaso Mubarak. Horiek hala, litekeena da euskarrian Manu Garciak eta Pere Ponsek jokatzea titular. Kataluniarra izango litzateke Alavesen berritasun bakarra, Garitanok azken lehiako hamaikako bera zelairatuko balu.

LEVANTE-ALAVES

Levante. Aitor Fernandez; Coke, Postigo, Cabaco, Toño; Radoja, Campaña, Bardhi, Rochina; Morales eta Roger.

Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Ely, Duarte; Vidal, Manu Garcia, Pere Pons, Rioja; Joselu eta Lucas Perez.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Valentzia Hiria(23.654 ikusle).

Ordua. 13:00etan (Mov. La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.