Istiluak izan dira Bolivian, «sarraski» baten aurkako protestan

Senatuak Senkatan eginiko saioak eragin du haserrea. Poliziak negar gasak jaurtiz erantzun du

Senkatan eginiko protesta bat, iragan azaroan. RODRIGO SURA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Herritarrek protesta egin zuten herenegun, Boliviako Senatuak Senkatan egindako saio batengatik, eta Poliziak gogor erantzun zuen, negar gasak jaurtiz; saioak piztu zuen metxa, baina kexa horiek iragan azaroaren 19an egindako operazio militar eta polizialen ondorio izan ziren; gutxienez bederatzi hildako utzi zituen, eta egun gris markatua da El Altoko eremu horren historian.

Hain zuzen, Jeanine Añez Boliviako estatuburuak boterea hartu zuen unean dago jatorria. Ordura arte oposizioan aritu zen senatari horrek Boliviako presidente izendatu zuen bere burua, botere hutsunea baliatuz eta Evo Morales ordura arteko presidentea erbestera iritsitako egun berean. Horrek Moralesen aldeko protesta jendetsuak ekarri zituen; nekazariak eta indigenak izan ziren gehienbat kalea hartu zutenak, «estatu kolpea» gaitzesteko asmoz. Boliviako Armadak eta Poliziak indarkeriaz erantzun zuen, eta oldarraldiak hainbat hildako eragin zituen. Moralesek salatu zuen «gizateriaren aurkako krimenak» izan zirela.

Hori dela eta, herenegun Boliviako Senatuak Senkatan eginiko saioak herritarren haserrea ekarri zuen, eta kritikatu zuten parlamentariak «eskuak garbitzera» joan zirela hara. «Hildakoekin ez dago negoziaziorik», azpimarratu zuten. Egunotan hainbat saio egiten ari dira Boliviako senatarien eta diputatuen ganberak, eta horietako zenbait El Alto hirian daude antolatuta.

Bada, herritarrek ez dute ahaztu gertaturikoa, eta hainbat lagun bildu ziren egoitzaren kanpoaldean protesta egiteko. Oihu eta afixen bitartez, «justizia eta laguntza humanitarioa» eskatu zituzten biktimen familientzat. Hala, senatariak irten zirenean jo zuen goia tentsioak: manifestariek arrautzak eta harriak bota zituzten, eta Boliviako Poliziak, berriz, negar gasa jaurtiz erantzun zuen. Oscar Ortiz senatari demokratak protestarien «erasoak» arbuiatu zituen, eta presidente ohiaren aldeko «talde erradikalen» ekintzak izan zirela salatu.

Kritiko agertu zen, halaber, Senkatako Sarraskiaren Biktimen Senideen Elkartea. Añezen gobernua kritikatu zuen «sarraskiak» agintzeagatik, eta MAS Moralesen alderdia biktimak «bakarrik» uzteagatik. Komunikatu baten bitartez, justizia galdegin zuten «hildakoentzat, zauritutakoentzat eta torturatutakoentzat».

Saioa egiteko hautatu zuten egunak ere eman du zeresana. Izan ere, CIDH Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarrak Senkatan gertatutakoa «masakretzat» jo zuen txosten batean, eta, hain justu, hurrengo egunean Haitin saio batzuk lantzekoak ziren, hilketa horiek gaitzesteko asmoz.

Morales hautagai

Bestalde, maiatzaren 3an izango dira bozak, eta MAS alderdiak Morales mantentzea erabaki du senatari izateko hautagai gisa. Horrela, uko egin dio Herrialdeko Hauteskunde Auzitegi Gorenaren debekuari. Hark jakinarazi zuenez, ezin da hautagai izan, ez dituelako «baldintzak betetzen, ez baita era erregularrean Bolivian bizi».

Legearen arabera, barruti bakoitzeko hautagaiek gutxienez azken bi urteetan bizi behar dute ordezkatu nahi duten barruti horretan bertan; Morales Boliviatik kanpo dago iazko azarotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.