Borreroaren legea

Olympique Lyonek jokatuko du Txapeldunen Ligako finala, PSGri 1-0 irabazi ondoren. Bosgarren aldiz segidan txapeldun izateko aukera du

Wendie Renard atzoko gol bakarra sartzeko balio izan zuen jokaldian, San Mamesen. ALVARO BARRIENTOS / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Parean jartzen zaizkion ia talde guztiak menderatzen ari da Olympique Lyon azken denboraldietan, eta atzo, herrikidea bota zuen Txapeldunen Ligatik: PSG. Parisko taldeak ondo ezagutzen du zertarako gai den Lyon, borreroa baitu Frantzian eta Europan. 45 bider aritu dira elkarren aurka, eta atzo gauekoa 33. garaipena da Lyonentzat. PSGk bost aldiz bakarrik lortu du aurkari zuzena mendean hartzea. Horrenbestez, Lyon izango da igandeko finalean, Donostian, eta Wolfsburgek badaki zer datorkion.

Bosgarren finala izango du segidan Lyonek, eta beste horrenbeste aldiz elkarren segidan txapelketa preziatua irabazteko aukera dauka. Azken laurak eraman ditu, eta, igandekoa ere irabaziko balu, zazpigarrena luke. Atzoko pausoa ematea kosta egin zitzaion, baina ez zuen ezustean harrapatuko hala gertatzeak. Izan ere, duela bi aste, Frantziako Kopako finalean, penaltietara heldu ziren atzoko bi aurkariak, eta orduan ere borreroak esan zuen azkeneko hitza.

Pariskoek partida horri sarri egin zioten aipamena atzokoaren atarian, aurkariari irabazteko bidea zein den ikasia daukatela aditzera emanez. Ez ziren hitz hutsak, estu hartuta ibili zuelako atzo ere talde ahalguztiduna. Baina zerbait falta berriz. Lyonek duen erabakitzeko gaitasuna, lehenago edo geroago aurkaria mendean uzteko baliabide mugagabe horiek. Gola sartzeko joa izaten da askotan, baita behin aurretik jartzen denean partida lokartzeko abilezia ere.

Bi taldeak saiatu ziren baloia San Mameseko zelai irregularrera jaitsi eta jokoa atzetik sortzen. Defentsako lanean ñabardurak zituzten, hala ere. Lyonek ez zuen goi-goian estutzen aurkaria; bai, ordea, PSGk. Lehen zatiko une batzuetan, trabatu ere egin zuen Parisko taldeak bestearen jokoa, ez baitzion uzten zelai-erdia gainditzen. Egoera horiei etekina ateratzea falta izan zitzaion. Bi taldeen arteko ezberdintasuna agerian geratu zen. Ikusi zen ikaragarri pila kosta behar zitzaiola PSGri gola sartzea, eduki baitzituen azkeneko pasea area txikian ondo emanez gero baloia sarera botatzeko aukera garbiak, baina huts egin zuen. Lyonek, aldiz, korner batean, hutsa behar izan zuen gola sartzeko Bjorken burukadaren bitartez. Eginahalak eta bi ari ziren egiten PSGko Katoto, Nadim eta Diani aurrelariak, baina ezin zirkinik ere egin Bouhaddiren atean.

Jokaldi erabakigarria

Bigarren zatiak bide bertsutik segitu zuen, 65.minutuan partida aldatu zuen jokaldia gertatu zen arte. Lehen zatian, txartel hori dezente pilatuak zituen PSGk, eta horietako baten zama zuen Geyorok bigarrena ikusi zuen. Partida Lyonen aldeko jartzeko nahikoa ematen zuen, eta uste hori handitu egin zen falta horretan sartu zuelako gol bakarra geroko garaileak. Buruz dotore egin zuen errematea Renardek, Lyon aurreratzeko.

PSGk lerroak atzeratu zituen bat gutxiagorekin, galduz joan arren, eta eroso zebilen aurkaria, baloia lasai asko batetik bestera mugitzen. Erosotasuna, ordea, Parrisen inozokeria batek eten zuen, bigarren txartela atera ziolako Pustovoitova epaile errusiarrak. Ondorioz, azkeneko minutuak Lyonen zelaian jokatu ziren, baina Pariskoek ez zuten ezer sortu, ezta aurkariak egindako pare bat oparietan ere. Horrenbestez, Irene Paredesek Anoetan finala jokatu gabe geratu beharko du. Ametsetik esnatu zen atzo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.