Erronka berriei eusteko ilusioz

Euskadi Fundazioak sasoi berria aurkeztu du, eta komunikazioa eta harrobia indartu nahi dute

Euskadi Fundazioaren aurkezpena, atzo, Derioko Euskaltelen egoitzan. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU.
Maialen Arteaga.
2021eko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Euskadi Fundazioak ilusioz aurkeztu du denboraldia. Atzo eman zuten aurtengoaren nondik norakoen berri, Euskaltelek Derion (Bizkaia) duen egoitzan. Aurten ere hiru talde erreferente izango ditu: Euskaltel Euskadi, UCI Pro Team kategorian; Laboral Kutxa, UCI Women´s Continental Team-en; eta 23 urtez azpikoen Laboral Kutxa. Oraingoan ere lasterketa eta itzuli nagusietan parte hartzeko erronkari eutsiko dio.

Horretarako, gizonezkoen taldean, besteak beste, bi kide berri batu dituzte: Luis Angel Mate eta Xabier Mikel Azparren. Jorge Azanzak gidatuko du taldea, eta 20 txirrindulari izango ditu bere aginduetara. Bi helburu nagusi bereizi ditu: «Batetik, garaipenetatik gertu egon behar dugu; hori da UCI World Tourreko gonbidapenak lortzeko bidea: Euskal Herriko Itzulia, Espainiako Itzulia… Eta, bestetik, ezin dugu harrobi lana ahaztu. Egitura profesionala elikatzeko gure haztegiak dira». Emakumeen taldearentzat ere denboraldi berezia izango da, kategoria berria estreinatuko baitute; Jon Lazkanok gidatuko ditu. Laboral Kutxarentzat Itzulia eta Durango-Durango lasterketak izango dira mugarri.

Kiroletik haratago ere bestelako helburuak zehaztu dituzte. Harrobia elikatzeko arduraz mintzatu dira. Aurten, 300 neska-mutil bilduko dira proiektura. Fundazioaren jarraitzaileak eta babesleak ere azpimarratu dituzte, eta haien berotasuna eskertu: «Ezinbestekoaegin zaigu laguntza, eta, hari esker, oinarriak indartzeko aukera daukagu. Orain, guri dagokigu erakutsi duten konfiantza bueltatzea. Garaipenak ezin ditugu ziurtatu. Baina, hobetzen jarraitzeko konpromisoa bai. Hori gure esku dago», azaldu zuen Jesus Ezkurdia Fundazioko managerrak. Hala ere, taldeak argi du emaitzen aurretik osasuna dagoela: «Ezin ditugu begiak itxi; ezin diogu bizkarra eman bizi dugun egoerari, eta argi daukagu kirol emaitzen aurretik gure txirrindularien osasuna bermatu behar dugula».

Komunikazioan ere urratsak egin nahi dituzte, zaleak, babesleak eta erakundeak gertu izateko.

Kirol helburuak lortzen lagundu nahi die Azparrenek. «Txikitako utopia» bat lortzea izan da harentzat Euskaltelen egotea: «Amets bat betetzea da hau, betiko taldearekin, askorentzat txirrindularitza munduan sartu gaituen taldearekin». Ilusioz bizi du Azparrenek esperientzia, eta pandemiak ez dio lehiatzeko gogoa kendu:«Ilusio handia dut, gauzak ondo egiteko motibazioa. Lasterketa gutxiago daude orain, baina horrek ere alde ona dauka: gogo biziz goaz lasterketetara. Azkenean, lasterketa guztiak azkenekoak balira bezala bizitzen ditugu, gogo handiagoz». Maillot laranja janzteak dakarren arduraren zama nabari du, ordea:«Euskalteleko arropa daramat soinean, etxeko taldearena da. Horrek ere pisu bat dauka».

Baikor dira: «Apiriletik aurrera egoera hobetuko den esperantza dugu, eta horrela lasterketa gehiago izango ditugula. Nahiko lasai gaude, ez digu buruko min handirik sortzen». Hala ere, osasun mentala asko zaindu behar dela dio Azparrenek. Haren ustez txirrindularitza «psikologikoki oso kirol gogorra da», eta buruak asko baldintzatzen ditu emaitzak. Horregatik, osasun mentala zaintzearen garrantzia azpimarratu du.

Kolore argiz ikusten du aurtengo denboraldia.«Taldea oso indartsu ikusten dut; argi dago oso ondo hasi ginela lehenengo lasterketan bigarren postu batekin», zehaztu du. Emaitzen beste faktore eragile bat taldeko giroa dela dio Azparrenek. Alde horretatik ere, pozik dago: «Giro oso ona daukagu. Emaitza onak iritsiko dira seguru, eta oso denboraldi ona izango da, dudarik gabe». Bere aurreikuspenen arabera, Espainiako Vueltarako tokia izango dute: «Uste dut aurreko urtean ere bertan egon behar genuela. Denboraldiko lasterketa guztietan aurpegia eman, eta gure maila erakutsiko dugu, aurtengo Vueltarako toki bat lortu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.