Fite zutitu, edo amildu

Alavesek Levante hartuko du gaur; Ipuruako kolpea ahaztu eta mailari eusteko funtsezko garaipena lortu nahi du. Duarte eta Pellistri, prest

Alaveseko Joselu, Vila-realeko jokalariez inguratuta. RAUL BOGAJO / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Levanteren kontra lurretik altxatu beharrean dago Alaves. Estropezu mingarria izan zuen Ipuruan 3-0 galdu zuen Eibarren kontra, baina ez du aieneka gelditzeko betarik. Izan ere, lau jardunaldi eskas gelditzen zaizkio Ligako denboraldiari, eta berehala zutitu ezean, Bigarren Mailara jaisteko arrisku bizia izango du Arabako taldeak. Onbideratu egin zen Javier Callejaren lehen lau partidetan, hamabi puntutik zortzi pilatuta; eta Eibarren aurka behaztopa egin ostean, elitean jarraitzeko funtsezkoak liratekeen hiru puntu eskuratzen saiatuko da gaur, Mendizorrotzan jokatuko den norgehiagokan.

Levantek ia ziurtatua du beste sasoi batez gorenean jarraitzea, 38 puntu dituen heinean. Arabakoek, ordea, helburua betetzeko dute oraindik, eta hori zelaian nabaritzea nahiko luke Callejak. «Jakitun egon behar dugu mailari eustea dugula jokoan. Levantek ere irabazi egin nahiko du, baina egin beharrekoak eginak ditu jada. Presiorik gabe ariko da, eta erakutsi behar dugu gu garela jokoan zerbait duen taldea». Berdintasun handia dago sailkapenaren hondoan, eta arabarren teknikariak uste du alderdi mentala izango dela «giltzarria». «Buruz indartsuena denak lortuko du helburua. Ezin gaitezke jota gelditu lehen kolpearekin, aurrekoan gertatu zitzaigun moduan. Jaiki egin beharko ginateke halako egoera batean».

Autokritika egin du Callejak Ipuruako partidaz hitz egitean, baina, halaber, ez du atzera begira gelditu nahi. «Onartzen dugu partida txarra egin genuela. Orain, orduko akatsak ez errepikatzea da kontua. Gaizki egindakoak hor daude, baina orria pasatu behar dugu». Uste du gaurkoak ez duela neurketa haren antzik izango, «aurkariaren ezaugarriak eta egoera ezberdinak direlako». «Bertsiorik onena» eskatuko die jokalariei. «Gure jokorik onena egiten badugu, edonori irabazteko kapazak gara».

Callejak Mendizorrotzan zuzendu dituen lehen bi partidak irabazi ditu Alavesek. Ildo horri eutsi nahi lioke entrenatzaileak. «Indartsuak eta seguruak izan behar dugu etxean, salbazioa lortzeko gakoetako bat delako». Asteartean beste lehia erabakigarri bat jokatuko dute gasteiztarrek, Elxen kontra, baina gaur ez omen dute «ezer» gordeko. «Izango dugu indarrak neurtzeko denbora; Levanteren kontra ahalik eta talderik onena atera behar dugu».

Pellistri eta Duarte deialdira itzuli dira, arazo fisikoak gainditu ostean. Litekeena da defentsako hegalekoa hamaikakora ere bueltatzea, Martin Agirregabiriaren kaltetan. Bestalde, Edgarren tokia har lezake Ponsek edo Riojak.

ALAVES-LEVANTE

Alaves. Pacheco; Ximo Navarro, Lejeune, Laguardia, Duarte; Battaglia, Pina, Jota, Luis Rioja; Joselu eta Lucas Perez.
Levante. Aitor; Miramon, Sergio Postigo, Duarte, Clerc; Malsa, Bardhi, De Frutos, Melero; Roger eta Morales.
Epailea. Del Cerro Grande.
Lekua. Mendizorrotza.
Ordua. 14:00 (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.