Bidaia bat norbere erroetara

Juantxo Skalarik musikari gisa egindako ibilbidea jaso du 'Memorias de kalle y tren' liburuan

Juantxo Skalari, Memorias de kalle y tren liburuaren aurkezpenean. I. Z. / FOKU.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
1930eko hamarkadan, Woody Guthrie musikari estatubatuarrak sorterria utzi eta helmugarik gabeko bidaia bati ekin zion; oinez, auto-stopez eta trenez ibili zen Amerikan barna. Bidaia hartan, mezu bat idatzi zuen gitarran: This machine kills fascists (Makina honek faxistak hiltzen ditu). Ondoren, bidaia horren pasadizoak bildu zituen Bound for glory liburuan. Istorio horri jarraituz, 2012an, Juantxo Skalari musikari iruindarrak antzeko bidaia bat egin zuen: This machine hates capitalism (makina honek kapitalismoa gorroto du) esaldia idatzi zuen gitarran, eta, dirurik gabe, helmugarik gabe eta lagun baten konpainiarekin, Europan barna ibili zen, musikaren erroak berriz aurkitzeko helburuarekin. Rude rock train izena jarri zion bidaiari.

Bidaia gogorra izan zen harentzat, baina sortzaile gisa heldutasuna eman zion, bai eta ska musikaren sustraiak ezagutzeko aukera ere. Horregatik, urte batzuk geroago, bidaian bizi izandakoak liburu batean biltzea erabaki zuen. Hori izan zen Txalaparta argitaletxearekin argitaratu berri duen Memorias de kalle y tren liburuaren abiapuntua. Lanak garapena izan du, eta, azkenean, haren memorien bilduma bihurtu da. Juantxo Skalarik 25 urte beteko ditu aurten musikari gisa, eta denbora horretan bizi izandakoak jaso ditu lanean.

«Liburu berezia da», adierazi zuen Jon Jimenez editoreak lanaren aurkezpenean. «Hainbat liburu biltzen ditu liburu bakarrean: bidaiaren eguneroko bat, road movie bat, abentura liburu bat... Bai eta bidaia bat ere, bere haurtzarora eta gaztarora, bere sustraietara». Editorearen hitzetan, oso lan «bizia» da, eta Juantxo Skalari nor den erakusten duten istorioz betea dago.

Juantxo Skalari gaztetatik erakarri zuen ska musikak, eta, 1994. urtean, Skalariak taldea sortu zuen anaia Peiorekin. Reggaearekin eta punkarekin uztartzen zuten ska musika, eta zazpi disko kaleratu zituzten. 2007an eman zuten azken kontzertua. Ondoren, Juantxo Skalarik The Kluba proiektua sortu zuen, esparru zabalagoa hartzen zuena. Baina 2012an geldialdia iragarri zuten. Izan ere, Skalarik musikaren «erroetara» itzultzeko beharra sentitzen zuen, eta Rude rock train bidaia prestatzeari ekin zion.

Liburuan ordutik aurrerako garaiak kontatu ditu musikariak, eta bederatzi ataletan banatu du. Rude Rock Train atalak zabaltzen du liburua; izan ere, egileak dioenez, bidaia horrek hiru aste iraun bazuen ere, harentzat «urteetako bidaia bat» izan zen, mugarri bat haren bizitzan. «Bidaia hori egin nuenean ezin nuen jakin nire bakarkako ibilbidearen abiapuntua izango zela», aitortu du.

Horren ostean, bira bat egin zuen Latinoamerikan, eta herrialde bakoitzean talde bat osatzen zuen kontzertuak emateko. Proiektu horretatik sortu zen, hain zuzen, Skalariren egungo taldea: La Rude Band. Liburuak bi bidaia horietako bizipenak eta gogoetak dakartza, eta 25 flashback ere baditu, tipografia bereziarekin, musikariak bizi izandako une berezietara jauzi egiten dutenak.

Liburuarekin batera, bi disko osatu ditu Skalarik, bere ibilbidean garrantzitsuak izan diren 25 antiabesti-rekin. «Kantei antiabesti deitu diet Nicanor Parrari erreferentzia eginez, hark antipoesiak egiten zituelako», azaldu du. Skalariak-en abesti ezagun batzuk daude; hala nola Jaia, Puto alcohol, Solo vivir edo Skalari Rude Klub. Egungo taldearekin egindako batzuk ere badaude; adibidez, Rudi not dead, ska musikarentzat garai zailak direnean hor jarraitzeaz hitz egiten duena, edo urteurrenerako sortu duten 25 non stop lana. Haren familiaren historiari ere egin dio tartea diskoetan, José Republica eta Partisana abestiekin; lehenak haren aitonaren istorioa kontatzen du, eta bigarrenak, amonarena. Azkenik, liburuan 1994tik gaur arte egindako 50 argazki sartu ditu.

Lanaren sarreran idatzi du zer zailtasuni egin behar izaten dien aurre 25 urte eta gero ska musikaren munduan jarraitzeko. Askotan, familia eta lagunak ikusteari uzten diola kontatu du, musikaren «lubakiek» mugetatik harago joatera bultzatzen dutelako. «Ez dago atzera-bueltarik», onartu du, halere: «Naizena naiz: rude inkonformista bat naiz, gitarra batetik zintzilik, erbesteratua gizarte ero batean zeinetara oraindik ez bainaiz egokitu».

«Rudi bizirik da oraindik»

Fermin Muguruzak egin du liburuaren hitzaurrea, eta honela laburbildu du lana: «Juantxo Skalari, 25 urteko musika ibilbidea, Woody Guthrieren This machine kills fascists berriz hartzen, eta hura This machine hates capitalism bihurtzen; bere gitarran eta bere bihotzean inprimatutako lema bat. Rudi bizirik da oraindik». Epilogoa, berriz, Skalariak taldearen saxofoi jotzaile izandako Mario Memolak idatzi du. «Epilogoa, baina ez amaiera», ohartarazi du Memolak. «Amaiera? Ezta pentsatu ere; Juantxo Skalarik ez du amorerik emango». Skalarik berak ere baieztatu du hori: «Musika da nire babeslekua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.