Garai ederretan bezala

Bidasoak Txapeldunen Ligako etxeko lehen partida jokatuko du gaur, eta tentuz ibili beharko du Riihimaki Cocks Finlandiako taldearekin

Kauldi Odriozola Bidasoa taldekoa atera jaurtitzen, sasoi honetako Bartzelonaren aurkako ligako partidan. J. URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Europako eskubaloi onena Artalekura itzuliko da gaur. 24 urte geroago Txapeldunen Ligaren xarmak Irun besarkatuko du, garai ederretan bezala. Azkeneko aldiz iritsi zenean, Europako Kopa zen, 1996ko finaleko itzuliko partida hain zuzen —23na egin zuen Bartzelonarekin—. Orain, aldiz, izen ponposoagoa du, baina sortzen duen zirrara berdina da, eta ziurtzat jo daiteke harmailak beteko direla. Egun berezia da Bidasoaren zaleentzat, baina puntuek balio bera dute, eta etxekoek hobe dute ez fidatzea. Izan ere, Riihimaki Cocks Finlandiako taldeak agian ez du Europako handien sonik, baina iragan sasoian ondo lehiatu zen.

Bidasoak oso ondo ekin dio sasoiari. Iragan astean, Txapeldunen Ligako multzoko lehen partida irabazi zuen Presoven (Eslovakia), eta Asobal Ligako lehen hiru partidetatik bi irabazi ditu, eta galdutako bakarrean lanak eman zizkion Bartzelonari. Iragan sasoi ona urte bateko lorea ez zela izan erakutsi du, eta gaur bolada on hori luzatzen saiatuko da Artalekuko festa gozatzeko. Festa horretan, gainera, gonbidatu berezi bat egongo da: Milos Orbovic alboko serbiarra. Bulego arazoak konponduta, atzo iritsi zen Irunera, eta ikusteko dago Jacobo Cuetarak jokatzeko aukera emango dion. Entrenatzaileak orain hamazazpi jokalari ditu bere aginduetara; beraz, bat utzi beharko du deialditik kanpo. «Horrek lasaitasuna ematen digu, bateren batek min hartzen badu, beti izango dugulako ordezkoa», onartu zuen atzo. Egun, guztiak daude jokatzeko moduan.

Bidasoak iragan astean erakutsi zuen Txapeldunen Ligako lehen fasea igarotzeko moduko maila baduela, edo behintzat, lehia horretan egon beharko lukeela. Horretarako, baina, Cuetarak argi du Artalekun ezin duela kale egin: «Balentria txiki bat egin genuen joan den astean, baina etxean lortu behar dituzu segurtasunaren puntuak, goiko postuetan mantentzen zaituztenak. Oinarria etxeko puntuak dira, eta, kanpoan ere lortzen badituzu, sailkatzeko aukerak dituzu. Etxean galduz gero, arazo handia duzu».

Aurkariari buruz hitz egitean, Bidasoaren entrenatzaileak nabarmendu zuen «eskarmentu handikoa» dela, eta gogoratu zuen iragan sasoian lan handiak eman zizkiola Ademar Leon Asobal ligako taldeari. Finlandian berdindu egin zuten, eta Leonen bi golen aldeagatik galdu zuen Cocksek. Aurkariaren estiloaazaltzean, laburpen zehatza egin zuen. «Defentsa gogorra edo oso gogorra dute, eta, batzuetan, izugarri gogorra. Erasoan, berriz, kontraerasoa da haien arma nagusia».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.