Bolada onari segida ematera

Eibarrek Betisen zelaian jokatuko du gaur, azken bi partidak irabazi eta gero. Sergi Enrich osatu da, eta hemeretziko deialdian dago

Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Zailena ematen zuena egin du Eibarrek azkeneko bi partidetan, lau eguneko tartearekin: partida bat irabazi lehendabizi, eta baita bigarrena ere, segidan. Sevilla eta Celta menderatu baino lehen, ordea, bi puntu baino ez zeuzkan aterata bost jardunalditan. Zaila zirudien astebetean taldea sailkapenaren zulotik ateratzea, baina egin du hori, eta alde ederreko aldarte eta konfiantzarekin zelairatuko dira gaur jokalariak Sevillan (Espainia), Betisen zelaian.

Hirugarren garaipena segidan lor dezakeela sinetsita dago Jose Luis Mendilibarren taldea, eta, hala gertatuko balitz, lehendabizikoa luke etxetik kanpo liga honetan. Horretan ere erronka polita du gaur, ustez indartsuagoa behar lukeen talde bat aurkari duela. Hala behar luke, baina, sailkapenean, Betisek Eibarrek baino puntu bat gutxiago dauka.

Aurreikuspenak oso goian jarri ohi dituzte talde horren ingurukoek, eta, lehiaketa hasiera kaskarra egiten ari denez, zaleak urduri daude. Horri egin zion aipamena atzo Mendilibarrek: «Ea lortzen dugun hangoak gehiago urduritzea, guk partida hasiera ona eginda». Bi taldeen jokatzeko moldeei heldu zien gero Zaldibarkoak: «Ederki ezagutzen dugu elkar. Haiek badakite gu goian presionatu zaleak garela, eta guk badakigu haiei baloia atzetik jokatzea gustatzen zaiela. Lehia horretan berea ezartzen duenak izango ditu aukera gehien puntuak eramateko».

Ez da egia ezkutatu zalea Mendilibar, eta atzo ere garden asko adierazi zuen ondo datorkiela aurkariaren jokatzeko modua. «Betisen jokatzeko modua oso egokia izan ohi da guretzat, oso goian presionatzeko aukera ematen. Ezinbestean egin behar, eta ondo; izan ere, «gainditzen bagaituzte, guk egin beharko dugu lasterka atzerantz», gaineratu zuen Eibarreko entrenatzaileak.

Partida «irekia» aurreikusi duela ere azaldu zuen: «Halaizango dela eta gola sartzeko aukera asko egongo direla uste dut». Taldea horrela jokatzeko prest dagoela ere esan zuen: «Bi garaipenek konfiantza handia eman digute, eta gogo handia dugu».

Hemeretzi jokalari joan dira Sevillara, eta batek harmailatik ikusi beharko du: «Escalante erdizka dabil, eta ikusiko dugu». Enrich, ordea, osatu da. Eibarren geratu dira, aldiz, min hartuta, Jose Angel, Correa eta Burgos; azken hori berriz dago minez. «Min hartuta etorri zen Alcorconetik, hemen lesio bera izan zuen, eta, taldearekin entrenatzen ari dela, min du berriz ere».

BETIS-EIBAR

Betis. Joel; Emerson, Mandi, Bartra, Alex Moreno; Joaquin, Carvalho, Guardado, Canales; Borja Iglesias eta Loren.

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Arbilla, Tejero; Diop; Pedro Leon, Exposito, Orellana, Inui;eta Quique Gonzalez.

Epailea. Hernandez Hernandez.

Lekua. Benito Villamarin(60.721 ikusle).

Ordua. 21:00etan (La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.