Eibar Lehen Mailan da

Futbol ez-profesionaleko txapelketak amaitu direla berretsi du Espainiako Federazioak. Athleticen Kopako finalerdia datorren sasoian jokatuko da

Eibarreko jokalariak denboraldi honetako partida batean. EIBAR.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kito. Berretsi du. Espainiako Futbol Federazioak bukatutzat eman ditu futbol ez-profesionaleko ligak: emakumeen guztiak eta Bigarren Mailatik beherakoak gizonezkoetan. Horrek ondorio nagusi bat dakar euskal futbolarentzat: Eibar maila gorenean izango da datorren denboraldian, Realarekin eta Athleticekin batera. 2016-2017 denboralditik ez zeuden hiru euskal talde Lehen Mailan. Orduan Athletic, Reala eta Oiartzun izan ziren. Baina Oiartzunek maila galdu zuen.

Eibar bigarren zegoen sailkapenean koronabirusaren pandemiak liga eten zuenean, Athletic B liderrarengandik bi puntura. Baina Lehen Mailan taldea dutenez, zuri-gorriak ezin dira igo, eta eibartarrek jaso dute saria. Bigarrenez ariko dira maila gorenean.

Jokalari eta teknikariek telematikoki ospatu zuten atzo igoera. Hunkituta mintzatu zen Iker Dorronsoro teknikaria: «Umiltasuna erakutsi duzue, eta une zailetan ere egiten ari ginenean sinetsi duzue», esan zien jokalariei.

Nerea Abancens jokalariak onartu zuen «arraroa»dela hala ospatzea. «Normalean gauza hauek zalaian ospatzen dira. Baina honek ez du esan nahi zelaian merezi ez genuenik».Oso denboraldi «polita» dela nabarmendu zuen. «Hasieran kostatu egin zitzaigun erritmoa hartzea, lesioak izan genituelako, eta jokalari batzuk iristear zeudelako. Baina azarotik hona taldearen dinamika oso ona izan da, eta zortzi partidaren faltan aukera asko ikusten genituen igotzeko».

Argi du non egon den gakoa halako denboraldi on bat egiteko. «Berria izan arren, entrenatzaile taldeak oso argi izan zuen hasieratik zer nahi zuen, eta jokalariek intentsitate handiarekin jokatu dugu.Talde langilea garela erakutsi dugu, eta hasieratik oso batuta egon gara».

Abancensek 11 urte egin zituen Oiartzunen, eta Lehen Mailan jokatu zuen. «Oiartzunekin ere igoera bat bizitzeko aukera izan nuen, baina ez nuen espero horretarako beste aukera bat izango nuenik. Oso eskertuta nago eman didaten konfiantzarekin». Eibarrekin batera, Santa Teresa igoko da Lehen Mailara, eta hurrengo denboraldian Ligak hemezortzi talde izango ditu.

Lehen Mailan Bartzelona izendatu dute txapeldun, harekin batera Atletico Madrilek jokatuko du Txapeldunen Ligara. Jaitsiera postuetan zueden Valentzia eta Espanyol, baina mailari eutsiko diote. Athleticek eta Realak bosgarren eta seigarren amaitu dute, hurrenez hurren.Zuri-gorriek 35 punturekin, eta txuri-urdinek, 33rekin.

Athletic Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatua zegoen. Logroñoren zelaian jokatu behar zuen kanporaketa, partida bakarrera, martxoaren 18an. Federazioak erabaki du datorren denboraldian jokatu ahalko direla Kopako finalerdiak eta finala.

Athletic, Bartzelona eta Taconizan ezik, Lehen Mailako gainerako talde guztiak biltzen dituen Kluben Elkarteak kezka azaldu du Federazioak txapelketa bertan behera uzteko hartutako erabakiarekin. Liga amaitzeko aukera aztertzearen aldekoa zen, eta ezinegona azaldu du Federazioak datorren sasoiari begira proposa dezakeen txapelketa ereduarekin. Izan ere, mahai gainean izan dituen aukeretako bat izan da bederatzi taldez osatutako bi multzo egitea. Kluben Elkarteak argi du horrek «kalte» egiten diola emakumeen futbolari.

Gainera, ekonomikoki ere kolpe handia da klubentzat txapelketa ez amaitzea. Izan ere, telebista eskubideengatik 600.000 eurotik gora gal dezakete, eta horri beste esparru batzuetan izango ez dituzten diru-sarerak gehitu behar zaizkio. Ikusteke dago horrek guztiak nolako eragina duen sinatu berri den lan hitzarmenean.

Gizonezkoen kanporaketak

Ez da jaitsierarik izango gizonezkoen Bigarren B eta Hirugarren Mailan. Igoerak, berriz, kanporaketa bidez erabakiko dira. Partida bakarrera jokatu dira, eta egoitza batean.

Bigarren B Mailako taldeen artean jokatuko diren igoera kanporaketetan Athletic B izango da. Joseba Etxeberriak zuzendutako taldeak Atletico Madril B, Sabadell edo Badajoz izango ditu aurkari lehen kanporaketan. Guztira hiru gainditu beharko ditu.

Hirugarren Mailakoak multzo bereko lehen lau sailkatuen artean jokatuko dituzte. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako multzoan Portugaletek, Sestaok, Gasteizek eta Baskoniak; Nafarroakoan, berriz, Mutiloabeitik, San Juanek, Beti Kozkorrek eta Iruñeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.