Superligaren sorrerak arrakala sortu du Europako futbolean

Txapeldunen Ligari uko egingo diote hamabi talde sortzaileek. UEFAk mehatxu egin die: «Lehiaketa guztietatik botako ditugu»

Mane, Modric eta Courtois, Liverpoolek eta Real Madrilek Txapeldunen Ligan berriki jokatu duten partidan. P. POWELL / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Europako hamabi klub indartsuk hankaz gora jarri dute kontinenteko futbola: Superliga sortu dute, Txapeldunen Ligari uko eginez. Abuztu honetan hasiko litzateke, eta talde hauek dira sortzaileak: Ingalaterran, Arsenal, Chelsea, Liverpool, Manchester City, Manchester United eta Tottenham; Italian, Inter Milan, Juventus eta Milan; eta Espainiako Ligan, Atletico Madril, Bartzelona eta Real Madril. Beste hiru talde berehala batuko omen zaizkie, eta bat PSG litzateke.

Hogei taldeko lehiaketa nahi dute, eta gainontzeko bostak gonbidapenekin osatuko dituzte. Liga itxia izango da, eta denboraldiro bost talde berrirekin osatuko dute, bakoitzaren emaitzen arabera aukeratuak izango direnak. Hogei taldeak hamarreko bi multzotan banatuko dituzte, eta joan-etorriko ligaxka jokatuko dute. Multzo bakoitzeko lehen hiru sailkatuak final-laurdenetara joango dira, eta bi laugarrenek eta bi bosgarrenek kanporaketa bidez zehaztuko dute zein beste bi talde sailkatuko diren final-laurdenetarako. Denera, 197 partida jokatuko dituzte.

Superligako sustatzaileek igandean eman zuten lehiaketa berria eratutzat, eta honela arrazoitu zuten erabakia: «Erantzun bat da Europako egungo futbolak bizi duen ezegonkortasun ekonomikoaren aurrean, pandemia dela eta. Urteetan izan da lehiaketa berriaren sortzaileen asmoa Europako lehiaketen kalitatea eta intentsitatea hobetzea, eta, bereziki, txapelketa bat sortzea, klub eta jokalari onenek aukera gehiago izan dezaten elkarren aurka jokatzeko». Superliga egiten bada, ez liokete uko egingo beren herrialdeetako ligei. Baldin eta UEFAk uzten badie.

Egitasmo berriak bete-betean jo du Europako futbol federazioak bere gain hartzen dituen erakundearen aurka, eta haren erantzuna oso gogorra izan da. Igandean bertan kaleratu zuen oharra UEFAk: «Superliga ez da solidarioa, zinikoa baizik. Talde horiek ezingo dute beste lehiaketetan parte hartu, ez herrialdeetakoetan, ez Europakoetan, ez eta mundukoetan ere, eta baliteke jokalariek selekzioekin jokatzeko aukera galtzea». Alexander Ceferin presidenteak atzo hitz egin zuen: «Europako lehiaketetan jokatzeko aukerak kirol merituen araberakoa izan behar du, orain arte bezala. Talde guztiek jokatu behar dute denen kontra». Gogor jo zuen Superligakoen aurka: «Aberatsak dira, eta, hala ere, diru gehiago nahi dute».

Auzi honen oinarrian dirua dago, eta eztabaida eragin duen beste gai bati ere egin zion aipamena: «UEFAk irabazten duen dirua Europa osoan banatzen dugu. Diru sarreren %90 futbolera itzultzen da». Superligakoen iritziz, ordea, orain banatzen dena baino diru gehiago banatuko dute haiek lehiaketa berriarekin: «Gure asmoa da diru gehiago ateratzea futbolaren piramide osoaren mesedetan, kalitatezko partiden bitartez, eta, ondorioz, diru baliabide gehiago izango da futbolean, oro har». Bide horretatik jo zuen atzo Florentino Perez Real Madrileko presidenteak eta Superligako buruak: «Futbolari lagundu nahi diogu». Balizko laguntza hori banatzeko, dirua sortu behar lehendabizi, eta, sortu baino gehiago, eman egingo die lehiaketa berriko sortzaileei JP Morgan AEBetako banketxeak: bakoitzari 3.500 milioi euro, azpiegiturak hobetzeko eta pandemiak eragindako zuloei aurre egiteko.

Eta emakumezkoen futbola? Horretaz ere bazioen zerbait Superligaren igandeko oharrak, hitz edo asmo onekin: «Emakumeen futbolak aurrera egitea nahi dugu, garatzen jarrai dezala, eta gure asmoa da lehiaketa hori ere ahalik eta lasterren abiatzea».

Liga berriaren sorrerak erreakzio andana eragin du, eta ez aldekoak, gehienen kasuan. UEFArekin bat eginez, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioak kontra egin du. Europako herrialdeetako hainbat federaziok ere beste horrenbeste egin dute, baita zenbait jokalarik ere: besteak beste, Ander Herrerak. PSGn ari da, eta Athleticeko jokalari ohia da: «Futbol herrikoiaz maitemindu nintzen, nire bihotzeko taldea handienen aurka lehiatzen ikustearen ametsarekin. Superligak aurrera egiten badu, amets horiek amaituko dira. Txapeldunen Liga hobetu batean sinesten dut, baina ez nago ados aberatsek jendeak sortutakoa lapurtu nahi izatearekin», idatzi zuen sare sozialetan. Euskal Herriko Lehen Mailako klubek, Alavesek, Athleticek, Eibarrek, Osasunak eta Realak ere kontrako iritzia eman zuten. Sir Alex Fergusonek ere bai: «Aberdeeneko entrenatzaile gisa Errekopa irabaztea Everest eskalatzea bezalakoa izan zen. Superliga da Europako futbolaren 70 urteko alditik banatzea».

Txapeldunen Liga berria

UEFAk Txapeldunen Ligaren formatu berria aurkeztu zuen atzo. 2024an hasiko da, eta 36 taldek jokatuko dute (orain 32 dira). Talde bakoitzak hamar partida jokatuko ditu beste hainbaten aurka, eta aurreneko zortziak final-zortzirenetarako sailkatuko dira. Bederatzigarren eta 24. postuen artean geratzen direnek kanporaketak jokatuko dituzte, joan-etorrikoak, final-zortzirenetako beste lekuen bila. 225 partida lirateke; egun, 125 dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.