Hasi dute sasoi-aurrea

Eibar eta Athletic hasiak dira sasoia prestatzen. Hiruna fitxaketa egin dituzte. Eibarrek entrenatzaile berria aurkeztu du: Ana Junyent

Ana Junyent Eibarreko entrenatzaile berria, atzo, denboraldiko lehenengo entrenamenduan. EIBAR.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Hasi da baloia mugitzen: joan den astean Alaveseko jokalariak hasi ziren, eta atzo Athleticekoek eta Eibarrekoek ekin zioten denboraldi-aurreari. Biek ala biek taldearen bizkarrezurra mantendu dute, eta ez dute nobedade handirik; hiruna fitxaketa egin dituzte. Bizkaitarrek Mariasun Quiñones, Itxaso Uriarte eta Ainize Barea Peke fitxatu dituzte, eta gipuzkoarrek, Amaia Peña, Alejandra Bernabe eta Elba Verges.

Eibarrek jokalarietan ez, baina aulkian badu nobedadea: Ana Junyentek ordezkatuko du Iker Dorronsoro. Junyent Bigarren Mailan egon da Bartzelonako Seagull taldean azken bi denboraldietan, eta jokalari ere izandakoa da, Bartzelonan. Irailaren 4an edo 5ean emango diote hasiera denboraldiari; Eibarrek Sevilla hartuko du, etxean, eta Athleticek, berriz, kanpoan jokatuko du, Madrilen aurka. Bi taldeak aurrez aurre ariko dira hirugarren jardunaldian, Unben (Eibar).

Eibarrek atzo egin zituen azterketa medikoak, eta futbol zelaian ere egin zituzten zenbait ariketa. Horrez gain, Ana Junyent lehen aldiz bildu zen taldeko jokalari guztiekin, eta atzo izan zen aurkezpenaren prentsaurrekoa. Kataluniarrak adierazi zuen nolakoa nahi duen izatea bere taldea: «Klubaren identitatea galdu gabe, nik emandako ñabardurak izango ditu taldeak».

Eibarrek taldearen bizkarrezurra mantendu du, eta multzoa ez da asko aldatu. Bost jokalarik ez dute taldean jarraituko: Nerea Abancens Napo-k eta Esti Aizpuruak erretiroa hartu dute, eta Jujuba Cardozo, Thembi Kgatlana eta Mar Torrasi kontratua amaitu zitzaien. Kgatlana aurrelariaren falta sumatuko du gehien Eibarko taldeak. Izan ere, hegoafrikarra taldeko golegile nagusia izan zen, hamar gol sartuta. Eta ez hori bakarrik, golak ez ezik goleko paseak ere eman zituen: zazpi guztira. Atletico Madrilera joan da aurrelaria. Horien hutsunea betetzeko etorri dira Amaia Peña atezaina, Alejandra Bernabe ezker hegaleko atzelaria eta Elba Verges atzelaria. Peña eta Bernabe Athleticek eta Athletico Madrilek utzita etorri dira. Vergesek, berriz, sasoi baterako sinatu du, eta Espanyoletik dator. Eibarrek, bost lagunarteko jokatuko ditu denboraldi-aurrean; lehena, Osasunaren aurka izango da, Zangozan (Nafarroa), abuztuaren 7an.

Athletic, berri handirik gabe

Athleticek, Eibarrek bezala, atzo egin zituen azterketa medikoak, eta gaur hasiko da entrenamenduekin. Iraia Iturregik jarraituko du talde zuri-gorriaren aulkian. Athleticeko entrenatzaileak urte hasieran hartu zuen taldea, Angel Villacampa ordezkatuz. Iturregik harrobiko jokalariei eman nahi die aukera, eta zortzi jokalarik egingo dute sasoi-aurrea lehenengo taldearekin. Haietako zenbaitek aukera izango dute lehen taldean geratzeko.

Hamar jokalarik ez dute taldean jarraituko: Andene Leginak eta Leia Zaratek futbola utzi dute; Andrea Sierrak, Jone Ibañezek, Marta Pereak eta Maria Diazek ez dute kontratua berritu; eta Bibiane Schulze, Nerea Nevado eta Amaia Peña beste talde batera joan dira utzita. Haien hutsunea betetzeko etorri dira Itxaso Uriarte, Mariasun Quiñones, eta Ainize Barea Peke. Lehen biak Realetik etorri dira, eta Barakaldokoa, Deportivotik. Horiez gain, harrobiko bi jokalariri lehen taldeko fitxa egin diete: Irene Ogizari eta Leyre Monenteri. Ogizak sei gol sartu zituen joan den denboraldian, eta, Lucia Garciaren atzetik, taldean gol gehien sartu zuen jokalaria izan zen. Athleticek denboraldi-aurreko lehenengo lagunartekoa Osasunaren aurka jokatuko du, abuztuaren 10ean, Lerinen (Nafarroa). Bestalde, Realak hurrengo astean ekingo dio denboraldi-aurreari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.