Jarduteko beste manera bat

Modus Operandi taldea sortu du Iñaki Ortiz de Villalba Betagarri taldeko abeslari ohiak

Iñaki Ortiz de Villalba, Enrikko Rubiños eta Andoni Garcia Matxain, Modus Operandi taldeko kideak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ez du denbora gehiegi geldirik eman. Betagarri taldea desegin eta berehala hasi zen Iñaki Ortiz de Villalba taldeko abeslaria zena egitasmo berri bati forma ematen. Urte eta erdira aurkeztu dute emaitza: Modus Operandi banda sortu, eta izen bera daraman diskoa kaleratu dute. «Aldapatsua izan da bidea. Bazirudien energia ezkor bat bazegoela egitasmoak aurrera egin ez zezan». Hala azaldu du Ortiz de Villalba abeslariak. «Zailtasunak zailtasun, diskoa argitaratzea eta aurrera egitea lortu dugu». Taldearen izena azken orduan erabaki zutela aitortu du abeslariak, irriz. Whatsapp aplikazioan duten talde batean aukeratu zutela azaldu du. «Bi aukera genituen: Aktibistak edo Modus Operandi». Bigarrenaren alde egin zuten taldekide gehienek. Irriz azaldu du Enrikko Rubiños bateria jotzaileak. «Izen irekia da: modus operandi asko daude, eta guk geurea landuko dugu; nik, behintzat, horregatik egin nuen izen haren alde».

Hainbat taldetan aritzen diren musikariak bildu ditu Modus Operandi bandak, eta guztiak elkartzea zaildu egin du horrek. Bost kide gehitu zaizkio abeslariari: Andoni Garcia Matxain Laurobako gitarra jotzailea, Vendetta musika taldeko Enrikko Rubiños bateria jotzailea eta Ruben Anton tronpeta jotzailea, Julen Barandi Txiki Izaro taldeko baxu jotzailea, eta Gonzalo Fernandez de Larrinoa The Hot Wok musika taldeko tronboi jotzailea. «Ezintasun logikoak dira, egunak 24 ordu ditu eta ez ginen iristen. Gainera, gutariko bakoitza punta batean bizi gara, eta ez da erraza izan», azaldu du Rubiñosek. Ironiaz erantzun du Ortiz de Villalbak aldamenetik: «Deskubritu dugu Euskal Herria txikia dela».

Hein handi batean, musika taldeen desegiteen ondorioa da Modus Operandi banda, orain artean beste taldeetan jardun diren musikariak elkartu baititu: 2017ko uztailean eman zuen Betagarri talde arabarrak agurreko emanaldia, eta Laurobak ere aurtengo martxoan utzi zituen oholtzak. Vendettak ere musika utziko duela iragarrita du, eta abenduaren 28rako antolatu du azken kontzertua: Atarrabian (Nafarroa) egingo dute, Hatortxu Rock jaialdian.

Partekatutako egitasmoa

Ortiz de Villalba eta Matxain musikariak hasi ziren taldea sortzeko bazterrak nahasten; taldea sortu behar zutela eta, inguruko musikariak konbentzitzeko lanetan jardun ziren. «Abestien hezurdurak egiten hasi ginen gu, eta bazirudien sortzen genuen horretatik zerbait ateratzea posible zela», azaldu du Matxainek. Rubiños eta Antonengana jo zuten gero, eta beste bi musikari konbentzitu zituzten: Txiki eta Fernandez de Larrinoa. «Nahiko argi genuen sei pertsona inguruko taldea izan behar zela eta ska estiloaren ildotik jo behar zuela».

Ska estilora jo duten arren, gauza bat argi utzi nahi izan du abeslariak: «Ez da Betagarriren diskoa, guztion indarren batuketa da. Ska estiloa nagusi den arren, rock ukituak nabarmenak dira. Oso lan freskoa eta baikorra da osatu duguna. Letretan gai sozialak, politikoak eta amodiozkoak jorratu ditugu; hau da, gaur egun pil-pilean dauden gaiak». Bat egin du bateria jotzaileak ere. «Abestien ekoizpena taldekide guztiena izan da, eta elkarrengandik asko ikasi dugu sorkuntza prozesuan».

Hamar kantu bildu dituzte diskoan: euskarazko zazpi eta gaztelaniazko hiru. Onintza Enbeita bertsolariak egin ditu euskarazkoen letrak, eta Agnes Toda idazleak katalanez idatzi du beste kantu bat. «Katalunian bizitzen ari diren gorabehera guztien laburpena egin du Todak abestian, nolabait».

Irailean egin zituzten grabazioak, Getxoko (Bizkaia) Panpot estudioan eta Bilboko Taomen. Hasiak dira jada kontzertuak ematen. Durangon (Bizkaia) izan berri dira, eta laster emango dute emanaldi gehiagoren berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.