Gidoi berberarekin

Gaur hasiko da Txapeldunen Liga. Bartzelonak, PSGk, Juventusek, Cityk eta Bayernek Real Madrilen nagusitasuna amaitu nahi dute

Real Madrileko jokalariak aurreko sasoian lortutako titulua ospatzen. ARMANDO BABANI / EFE.
ainara arratibel gascon
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Juventus, PSG, Bartzelona, Manchester City, Bayern Munich...Norbait izango al da gai azken hiru denboraldietan Real Madrilek Txapeldunen Ligan erakutsi duen nagusitasuna kolokan jartzeko? Galdera horrekin abiatuko da gaur Europako kluben arteko futbol lehiaketa nagusia. Erantzuna datorren urteko ekainaren 1ean jakingo da, Madrilgo Wanda Metropolitanon jokatuko den finalean.

Txapeldunak hamalaugarren titulua jaso nahi du —laugarrena erreskadan—. Aulkian Zidane eta zelaian Cristiano Ronaldo faltako baditu ere, txapelketa horretan erakutsi ohi duen izaera lehiakorra da haren zutarria. Courtois, Ramos, Modric, Bale eta Benzema dira haren bizkarrezurra.

Beste hautagaiak ohiko dira. Ronaldok Juventus berriro ere Europako txapeldun egiteko erronka dauka. Italian, azken zazpi ligak irabazi ditu erreskadan, baina 1995-96ko sasoitik ez du Europako titulu nagusia irabazi. Ikusteko dago jokalariak fitxatzeko gastatu dituen 260 milioi euroak horretarako berme diren. Ronaldo ez ezik, Can, Cancelo eta Bonucci ere fitxatu ditu.

PSGk ez du gastatu iragan sasoiko dirutza. Baina behingoz Europan aurrerapauso bat emateko beharra du. Horretarako, Nasser Al Khelaifi presidenteak Tuchel alemaniarrari eman dio aginte makila. Europan titulurik irabazi gabea da, baina nortasun handia du. Haren egitekoa izango da Neymar, Cavanni eta Mbappe hirukoak aurreko sasoian izan zituen gorabeherak saihestea.

Azken hiru aldietan final-laurdenetan kanporatua izan gero, Bartzelonak begiz jota du Txapeldunen Liga. Hala adierazi du azkenaldian Leo Messi kapitainak. Arthur, Malcom, Lenglet eta Vidal jokalariak fitxatu dituenez gero, Ernesteko Valverdek talde luzeagoa du sasoi honetan. Horixe izan zuen aurreko sasoietako gabezia.

Bayern Munich eta Manchester City ere hautagaien artean egon dira azken denboraldietan. Baina horien izena ez da hainbeste aipatu. Bayernen kasuan, jokalari nagusiak beren kirol ibilbideko amaieran daude: Lewandowski, Robben, Ribery, Muller... Soilik Goretzkarekin gaztetu dute taldea.

City, berriz, nahi eta ezin aritzen da sasoi guztietan Europan. Guardiolak estiloa ezarri du. Taldeak baloia edukitzen oinarritutako joko erakargarri bat egiten du. Baina jada taldean zeuden Aguerok, Gabriel Jesusek, De Bruynek, Sanek, Sterlingek eta enparauek aurrepauso bat eman beharko dute.

Ikusteko dago, aurreko sasoian Liverpoolek egin bezala, beste talderen bat ezustekoa emateko moduan dagoen. Inter eta Tottenham aipatzen dira horien artean. Liverpoolekin ere adi ibili beharko da. Izan ere, Salah, Firmino eta Mane hirukoari eutsi dio, eta maila handiko jokalariak fitxatu ditu: Shaqiri, Keita, Fabinho eta Alisson.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.