Beste urrats baten bila

Euskal selekzioak Venezuelaren aurka jokatuko du partida urriaren 12an, Gasteizen. Estreinakoz, FIFA datetan izango da norgehiagoka

Euskal selekzioaren eta Venezuelaren arteko partidaren aurkezpena, atzo, Mendizorrotzan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2018ko irailaren 25a
00:00
Entzun

2016ko abenduaren 30ean jokatu zuen gizonezkoen euskal futbol selekzioak azken partida; San Mamesen izan zen. 3-1 irabazi zion Tunisiari —Illarramendik, Adurizek eta Oiartzabalek sartu zituzten golak—. Baina oroitzapen mikatza utzi zuen norgehiagokak. Izan ere, zale gutxi izan ziren harmailetan. Euskadiko Futbol Federazioak 30.000 ikusle espero zituen, baina 15.000 lagun inguru baino ez ziren elkartu. Partida aurretik ere giro hotza izan zen Bilboko kaleetan, eta aldarrikapenik ere ez zen izan; selekzioko jokalariek, esaterako, ez zuten ofizialtasunaren aldeko pankartarik atera. Bi urte geroago, oroitzapen hori aldatzeko asmoz, Venezuelaren aurka jokatuko du euskal selekzioak. Urriaren 12an izango da, Mendizorrotzan. Estreinakoz, FIFA datetan jokatuko du partida bat selekzioak. «Ofizialtasuna lortzeko ekimena izango da; helburu horrekin lanean jarraituko dugu», adierazi zuen atzo, partidaren aurkezpenean, Luis Mari Elustondok, Euskadiko Futbol Federazioko lehendakariak

FIFA datetan jokatzea «Europan aitortza lortzeko aurrerapausoa» izango da, Elustondoren arabera. «Selekzioaren historiak merezi duen urratsa da partida», esan zuen Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak. Gainera, aurreratu zuen etorkizunari begira gero eta ekimen esanguratsuagoak egingo dituztela ofizialtasuna lortzeko bidean. Hala, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskadiko Futbol Federazioak bilerak egingo ditu federazioko partaide diren klubekin Gasteizen, Donostian eta Bilbon, eta horietako batzuk partidaren aste berean izango dira.

Redondoren arabera, bi dira ofizialtasuna lortzeko bideak: «zirimiri lana» eta bulegokoa. Lehendabizi, selekzioaren ofizialtasuna helburu, «duintasun ekintzak» egin beharra azpimarratu zuen; esaterako, partidak. Gero, eskari ofiziala egin behar dela esan zuen. «Ofizialtasunerako pausoa eman behar den erabakitzea Euskadiko Futbol Federazioko kideei dagokie». Azken hitza FIFAko kideek izango dute.

Deituko dituzten jokalariei dagokienez, Jose Mari Amorrortu hautatzaileak nabarmendu zuen oraindik ezin dutela ezer aurreratu. Venezuelaren aurkako partida FIFAren datetan izanik, ezin dute jakin zein jokalari izango dituzten jokatzeko prest. Aldiz, iragarri zuen «berrikuntzak» izango direla. Azken urteon Lehen Mailara iritsi diren jokalari gazteak ikusi ahalko dira zelaian urriaren 12an.

Sarrerak eskuragarri

Gaurtik hasi eta urriaren 12ra bitarte, sarrerak Internetez erosteko aukera izango dute zaleek. Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko futbol federazioetan ere salgai egongo dira, bihartik urriaren 4ra bitarte.

Zaleak erakartzeko asmoz salmenta horretan ere «berritasunak» izango direla azaldu zuen Kepa Allica Euskadiko Futbol Federazioko idazkari nagusiak; azaldu zuen sarreren prezioak egokitu eta merkeagoak izango direla. Gainera, 50 pertsona baino gehiagoko taldeentzat sarrera eskaerak egiteko aukera egongo da federazioko webgunearen bidez, urriaren 4ra arte.

BERRIAlagunek eskaintza berezi bat eskuratzeko aukera izango dute. Hiru sarrera erosi ahalko dituzte biren prezioan. Abantaia irailaren 27an izango da indarrean. Egun horretatik aurrera, irakurle guztiei zabalduko zaie eskaintza, sarrerak amaitu arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.