Ondo hasteak badu garrantzia

Kirolbet Baskoniak gaur ekingo dio Euroligako liga erregularrari, Zalgiris Kaunasen pabiloian
Pedro Martinez, aginduak ematen Zaragozaren aurkako partidan.
Pedro Martinez, aginduak ematen Zaragozaren aurkako partidan. ENDIKA PORTILLO / ARGAZKI PRESS

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko urriak 12
Aurreko sasoian, Baskoniak garesti ordaindu zuen Euroligan izandako hasiera kaskarra. Pablo Prigioniren aginduetara lehen lau norgehiagokak galdu zituen erreskadan. Pedro Martinezek arabarrak zuzentzeko ardura hartu zuenean, egoera iraultzea lortu zuen. Baina denboraldi osoan kontrakarrean aritu zen kanporaketetan sartzeko. Azken-aurreko jardunaldian sailkatu zuen, baina kantxa faktorea aurka izanda. Azkenean, Fenrebahcek hartu zuen mendean, final-zortzirenetan.

Sasoi honetan ez du halako estutasunik pasatu nahi. Lauko Finala Gasteizen jokatuko da, eta arabarrek begiz jota dute txapelketa. Horretarako, etxeko lanak egiten hasi beharko du hasieratik. Lehen azterketa gaur izango du, ligaxkako lehen partida izango baitu Zalgirisen kontra (19:00).

Elkarren aurka jokatu dituzten partidetan zenbakiak Baskoniaren aldekoak dira, hemezortzitik hamar irabazi baititu. Baina, Kaunasen jokatutakoetan, etxekoak dira nagusi: bederatzi lehia jokatu dituzte bertan, eta bost irabazi dituzte. Aurreko sasoian, dena den, Baskonia gailendu zen: 77-97. Hamazazpi hiruko sartu zituzten Pedro Martinezen taldekoek. Euroligan talde batek sekula partida batean sartutako kopururik handiena da. Gaur ere urrutiko jaurtiketetan egon daiteke partidako gakoa, bi taldeek eskumutur fineko jokalariak baitituzte.

Zalgiris ez da nolanahiko kontrarioa. Euroligako aurrekonturik txikiena izan arren, aurreko sasoian ezustekoa eman zuen. Lauko Finalera ailegatu zen, Sarunas Jasikeviciusek gidatuta. Lan zaila zirudien arren, jokalari gehienek taldean jarraitzea lortu du, bi salbuespenekin: Kevin Pangos eta Axel Toupane. Bartzelonan eta Olympiacosen ari dira sasoi honetan, hurrenez hurren. Baina horiek ordezkatzeko jokalari onak fitxatu ditu Lituaniako taldeak: Nate Wolters, Thomas Wakup, Marius Grigonis eta Leo Westermann.

Honela aztertu zuen atzo aurkaria Pedro Martinezek, Baskoniako entrenatzaileak: «Oso ondo fitxatu du, eta, Euroligako talde onentsuenen antzera, etxean oso talde indartsua da. Gustuko dut hala hastea. Azterketa on bat izango da taldearen bilakaera ikusteko».

Defentsan gorabeherak izaten ari dira partidetan, eta hori aldatzeko beharra aitortu du Martinezek: «Ez da erraza lehen egunetik gauzak ondo ateratzea, baina ondo ari gara lanean. Ahaleginak egitea da hobetzeko bidea». Talde guztia jokatzeko moduan izango du, Ajdin Penava izan ezik. Min hartuta segitzen du.

Lehiaketa aurreko sasoikoaren bidetik joango dela uste du: «Ez dut ezusteko handirik espero. Aurreko sasoian emaitza txarrak lortu zuten taldeek, Efesek eta Milanek batez ere, inbertsio handiak egin dituzte, eta jokalari bikainak fitxatu dituzte. Ikusi egin beharko da nola egokitzen diren».

Martinezek Gasteizko Lauko Finalari buruz honako hau esan du: «Nahiago dut arreta egunerokoan jarri, eta gauzak ondo egin. Emaitzak horri esker lortzen dira».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna