Kontuak egiten hasiak

Urrutikoetxeak eta Aretxabaletak helburu argia dute gaur Larraintzarren: Irribarria eta Zabaleta finalerdietara gerturatzea eragoztea

Mikel Urrutikoetxea kantxako lurrean eserita, pentsakor, tanto bat jaso ondoren. JON URBE / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketako ligaxkan, azken esprintari ekingo diote gaur. Bi jardunaldi falta dira bukatzeko, eta bost bikote daude lehian finalerdietan sartzeko azken hiru tokiengatik. Ezkurdiak eta Galarzak oso aldapa gora dute, baina, matematikek aurkakoa esan arte, balizko kinieletan sartu behar dira. Azken-aurreko jardunaldia Larraintzarren (Nafarroa) hasiko da, gaur, Urrutikoetxea-Aretxabaleta eta Irribarria-Zabaletaren arteko partidarekin. Dena den, korapiloa ez da askatuko hurrengo astera arte, jardunaldi honetan partida bakarra baitago finalerdietan sartzeko hautagaien artean.

Irribarriak eta Zabaletak hobe dute gaur irabaztea; izan ere, galduz gero, egoera zailean geldi daitezke. Balizko berdinketa kasuak galduta dauzkate Altuna-Martija eta Ezkurdia-Galarzarekin, eta lehen itzulian 22-19 irabazi zieten Olaizola-Albisuri. Azken jardunaldian azken horien aurka ariko dira —Olaizola min hartuta dago—, eta, tanto aldeari begira egon nahi ez badute, gaur irabazi egin behar dute. Urrutikoetxea eskuko minez egon da azken lau asteetan, eta gaur itzuliko da txapelketara. Enpresakideei laguntzea da xedea.

Jardunaldiko partida interesgarriena etzi jokatuko dute, Tolosan, Artola-Mariezkurrenak eta Altuna-Martijak. Lehen itzulian, Baikokoek 22-17 irabazi zuten, eta hori buruan dutela irten beharko dute, balizko berdinketarako. Irribarria-Zabaletarekin galduta dute tanto aldea, eta Olaizola-Albisurekin irabazita. Altuna-Martijak, berriz, irabazia dute Irribarria-Zabaleta eta Ezkurdia-Galarzarekin, eta galdua Olaizola-Albisurekin. Igandean galtzen badute, oso zail izango dute sailkatzea.

Ez baztertu Ezkurdia-Galarza

Victorrek, Olaizolaren ordez, eta Albisuk bihar jokatuko dute, Sorian, baita Ezkurdia-Galarzak ere, Iruñean. Aspekoek bost garaipen dituzte, baina, hurrengo bi partidak irabazten badituzte, sailkatzeko aukera izango dute, kasu horretan berdinketa alde izango bailukete Irribarria-Zabaleta, Artola-Mariezkurrena eta Olaizola-Albisurekin. Baikokoen egoera, berriz, ez da dirudien bezain ona. Altuna-Martijarekin bakarrik dute irabazia berdinketa, eta lehen itzulian 22-19 irabazi zieten Irribarria-Zabaletari. Egoera ikusita, bihar Elezkano-Rezustaren aurka galtzen badute, baliteke gorriak ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.