Opus Liricak Mozarten 'Txirula magikoa' eramango du Kursaalera

Ostiral eta larunbatez izango dira emanaldiak, eta igandez, piano bertsio murriztuan. Gizakiaren beldurrez eta haiei aurre egiteaz mintzo da obra
Almudena Jal-Ladi sopranoa, entseguko irudi batean, atzo.
Almudena Jal-Ladi sopranoa, entseguko irudi batean, atzo. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Ainhoa Sarasola -

2019ko otsailak 20
Musikaren historiako operarik entzutetsuenetako bat da Txirula magikoa, eta Wolfgang Amadeus Mozarten obrarik ezagunenetako bat. Hainbeste bertsio dituenez eta hainbeste aldiz interpretatu denez, lan «berezi» bat taularatzea zaila dela badakite Donostiako Opus Lirica elkarteko kideek. Baina lortu dutelakoan daude, eta obraren bertsio gaurkotu bat eramango dute Donostiako Kursaaleko auditoriumera, ostiralean (20:00) eta larunbatean (19:00). Igandean, berriz, Txirula magiko txikia izenburupean, piano bertsio laburtu bat egingo dute publiko gazteenarentzat, 17:00etan. Sarrerak ohiko lekuetan salgai daude dagoeneko.

Marc Sala tenorra ariko da Taminoren rolean, baina Tamino moderno bat izango dela adierazi zuten atzo Pablo Ramos eta Carlos Crooke eszena zuzendariek, ikuskizunaren aurkezpenean. «Amets batean murgilduko da, eta bere beldur guztiak agertuko zaizkio bertan. Ikusiko dena izango da bere irudimenetik igarotzen den guztia». Nafarroako Ganbera Operako kideak dira biak, eta eszenografiaz arduratu dira. Haien hitzetan, «gizakiaz letra larriz hitz egiten du obrak, bere beldurrez eta haiek garaitzeko aukeraz. Tenplua gizakia da, eta txirula, berriz, arima, bide onetik gidatzen duena. Obra osoa amets handi baten modukoa da».

Salarekin batera, Ainhoa Garmendia sopranoak eta Opus Liricako zuzendariak (Pamina), Cesar San Martin baritonoak (Papageno), Almudena Jal-Ladi sopranoak (Gaueko erregina), Nika Guliashvili baxuak (Sarastro), Irene Fraile sopranoak (Papagena) eta Josu Cabrero tenorrak (Monostatos) interpretatuko dituzte obrako beste pertsonaia nagusietako batzuk. Haiekin batera izango dira oholtzan Donostiako Opera Abesbatza eta Opus Lirica orkestra ere. Eszenografia sinboliko batean mugituko dira denak, non tenpluak ispiluen bidez irudikatuko diren, eta non basoak eta gelak beharrean, argiak, oihalak eta proiekzioak erakutsiko dituzten. Edonola den, Mozartek irudikatutako mundu magikoa aurkeztuko dute.

Gehiago zabaltzeko nahia

Orain dela bost urte jaio zen Opus Lirica Elkartea, Donostian opera emanaldiak egotea helburutzat hartuta. Ordutik, hiru denboraldi antolatu ditu dagoeneko, eta hamargarren lana izango du Txirula magikoa. Ainhoa Garmendia elkarteko zuzendariak atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, ekoizpen xumea da, Donostiako Udalaren diru laguntza jasotzen baitu konpainiak, baina sarreren salmentaren menpeko aurrekontua duena %90. «Jende gehiagorengana iritsi beharra daukagu. Duela bost urte hasi ginen, eta jada hiru denboraldi egin ditugu, baina oraindik bada Donostian opera dagoela ez dakien jendea». Sarrerak prezio eskuragarri batean jarri ahal izateko, erakundeen laguntza ezinbestekoa dutela gaineratu zuen. Egoera hori izanik, Garmendiak azaldu zuen ezinezkoa zaiela ekoizpen handiagoak edo konplexuagoak sortzea.

Baina lanean jarraitzeko asmoa dute elkarteko kideek hala ere. Garmendiak aurreratu zuenez, heldu den urteko otsailerako beste titulu bat dute mahaiaren gainean dagoeneko, Mozartena hori ere: Don Giovanni.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna