Leku ez diren lekuetan

Rubik konpainiak gaur estreinatuko du 'Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak' antzezlana, Zubi proiektuarekin sortua

Estitxu Zaldua eta Juanjo Herrero, txotxongilo batekin, gaur estreinatuko duten antzezlana entseatzen. RUBIK.
Ane Eslava.
2019ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Etengabeko igarotzeak definitzen dituen espazioak dira ez-lekuak: supermerkatuen pasabideak, aireportuko itxarongelak, hoteletako gelak... Nortasunik gabeko lekuak. Mar Auge antropologo frantsesak sortu zuen ez-lekuen kontzeptua, eta arte sorkuntzarako inspirazio iturri izan da askotan. Rubik antzerki konpainiak ere heldu dio kontzeptu horri, eta hainbat galdera plazaratu ditu: zer erlazio mota dute espazio horiek eta hango objektuek gizakiekin? Existitzen da benetan erlazio hori? Zer da iragankorra migratzaile baten bidaia etengabean? Eta gure bizitzako espazio guztiak iragankorrak izango balira? Horien inguruan gogoeta zabaldu nahi dute Babesleku arrotzak eta animalia bakartien hotsak antzezlanarekin. Horretarako, objektu bat hartu dute ardatz: maleta. Horri tiraka, igarotzearen eta migrazioaren gaietan arakatu dute. Guztia, antzerki bisualaren bitartez, gogoeta zabaltzeko asmoz. Gaur estreinatuko dute antzezlana, Zornotzako (Bizkaia) Zornotza Aretoan, 20:15ean.

«Maletetan zer sartzen ahal den, eta zer esan nahi duen iragateak: hortik abiatu ginen», adierazi du Estitxu Zaldua Rubik konpainiako kideak. «Batzuetan, iragatea toki bat uztea da, baina beste batzuetan, itxaropentsua izan daitekeen toki batera iristea». Zalduak Juanjo Herrerorekin batera sortu du lana, biek osatzen baitute Rubik konpainia. Kontatu duenez, ideia horretatik abiatuta migratzaileen auzira heldu ziren, eta hori ere lantzea erabaki zuten, «migratzaileentzat guztia baita ezezagun edo ez-leku».

Antzezlana sortzeko, kontzeptu horiek guztiak hartu, eta «sinplifikatuz» joan dira, haien «esentziara» heldu arte, horien inguruko gogoeta pizteko. Dena, azalpen espliziturik eman gabe. «Ez ditugu gauzak era zehatz batean esplikatzen, baizik eta sinbolikoki: imajina batzuk botatzen ditugu, norberak egin dezan bere gogoeta pertsonala», adierazi du aktoreak.

Horretarako, eszenaratze «xumea» prestatu dutela azaldu du: «Taula gainean bi aktore, manipulatzaile edo dantzari ikusiko dira: Juanjo eta biok. Eszenografia oso sinplea izango da, lau elementurekin; oso era xumean, beste mundu bat sortuko dugu». Iragatearekin lotura duten elementuak egongo dira horien artean: maletak eta kamioi baten olana bat. Eta mugimendua, beste guztiaren gainetik: «Aktoreak gora eta behera ibiliko gara, izerditan blai, antzerki bisuala baita, mugimendukoa». Hala, gorputzekin transmitituko dute istorioa. Izan ere, antzerki fisikoa da Zalduaren eta Herreroren espezializazioa, eta lau urte daramatzate mugimenduan oinarritutako antzezlanak elkarrekin sortzen. Interpretazio fisikoan eta keinuen bidezko interpretazioan oinarritzen dira, objektuek lagunduta. Aldi berean, antzerki hizkuntza berriak bilatu, eta horiekin esperimentatu egiten dute.

Antzezlaneko testua ere xumea eta poetikoa izango da; erabat «aldenduta» antzerki esplikatibo eta narratibotatik, aktoreak adierazi duenez. «Hitz poetikoa eman nahi diegu gorputz malguen mugimenduari eta objektuen antzerkiari». Halere, narrazio espliziturik ez egon arren, hari bat egongo dela erantsi du Zalduak: «Zentzu bat dago, dramaturgia zatikatu bat, eta agertoki gainean dagoen guztiak du zentzua».

Sortze prozesua «luzea» izan dela esan du aktoreak. Iazko martxoan hasi ziren lana prestatzen, eta beren lan ordutegiak egokitzeko zailtasunak direla eta, luzatu egin da prozesua. Bidean hainbat kideren laguntza izan dute, eta Ekaitz Unai Gonzalezek eta Xabier Lopezek emandakoa nabarmendu du Zalduak. Testuekin eta dramaturgiarekin lagundu diete.

Zubi lana

Antzezlana sortzeko, Zubi proiektuaren laguntza izan dute. Zubi euskal sortzaile berriei bultzada emateko helburua duen egitasmoa da, hainbat eragilek osatua. 2012an sortu zuten, eta urtero edo bi urtean behin antzezlan bat hautatu, eta horren sortzaileei babesa, bultzada, baliabideak eta laguntza ematen dizkiete. Lau lan lagundu dituzte ordutik, eta bosgarren deialdian aukeratu dute Rubik taldearen lana. Zalduak esan duenez, haientzat «opari bat» izan da. Baliabideak, hedapena eta sare bat sortzeko bidea eman dizkietela adierazi du.

«Gu Bartzelonatik etorri ginen orain dela bi urte, eta oraindik ez dugu aukerarik izan gure sarea sortzeko; horregatik, orain hau guztia jasotzea gozamena da. Oso eskertuta gaude talde guztiarekin, izugarrizko erraztasunak eman dizkigute», adierazi du Zalduak. Jasotako laguntza itzultzeko modu bat izango da antzezlana estreinatzea, haren ustez. Hori dela eta, aktoreak «gogotsu» daude egindakoa kalera ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.