Saharari buruzko zinema aztertuko dute Gasteizen, gaurtik hasita

Aztertuko dute nola erabiltzen den zinema identitatea eraikitzeko. 'Un agujero en el muro' animaziozko film laburra estreinatuko dute

Gasteiz
2019ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Hamaika ikus-entzunezko lanek erakutsi dute Mendebaldeko Saharako egoera. Baina galdera hau egin du Arabako SEADen Lagunen Elkarteak: «Nork kontatu ditu istorio horiek? Saharar herritarrek edo beste batzuek berari buruz? Sahararren ikuspuntua jasotzen dute?». Galdera horiei eta gehiagori erantzuteko, Sahara begiradan zinema mostra antolatu dute Gasteizen gaurko eta biharko, SEADen aldarrikapenaren urteurrena baliatuz. Carlos Mourek zuzendutako Un agujero en el muro filma (Zulo bat harresian) estreinatuko dute.

Bi ataletan banatu dute mostra. Batetik, zinemak identitatea eraikitzeko daukan erabileraz hausnarketa egingo dute, eta praktikan jarriko dute ikasitakoa. Bestetik, orain arte garatutako lanak erakutsiko dituzte bihar.

Hasierako txostena

Una brecha en el muro (Zirrikitu bat harresian) txostenak akuilu lanak eginda jaio zen Un agujero en el muro film laburra. «Lurralde okupatuetan bizi zuten egoerari buruz galdetu zien sahararrei gazte talde batek», argitu du Carlos Moure filmaren zuzendariak. «Bertan jasotako bizipen latzak transmititzeko osatu dugu pelikula». Animazioa erabili dute filma egiteko. Izan ere, txostenean parte hartu zutenen anonimotasuna bermatu nahi izan dute. Diasporan dauden sahararrek jarri diete ahotsa pertsonaiei. Gaur estreinatuko da, 20:00etan, Gasteizko Florida zinema aretoetan.

Horren aurretik, identitatea eraikitzeko zinemak izan dezakeen rolaz hausnartuz hasiko dute mostra, hitzaldi batekin eta mahai inguru batekin, 10:00etan, EHUren Arabako campusean. 16:00etan, SEADen aldarrikapenaren urteurreneko jaia ospatuko dute Arka plazan. Bihar, berriz, gaur ikasitakoa landuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.