Emakumeak protagonista Nafarroako orkestraren hurrengo sasoian

NOSek estilo askotako obrak interpretatuko ditu, eta Baluarte fundazioaren eskaintzan dantza ikuskizunak izango dira nagusi

Raquel Andueza sopranoak egonaldia egingo du Baluarten. BERRIA.
Ane Eslava.
Iruñea
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) eta Baluarte fundazioak hamalau orkestra programa eta beste hainbeste musika, lirika eta dantza ikuskizun eskainiko dituzte 2019/2020 denboraldian. Emakumea izango da protagonista orkestraren eta fundazioaren ikuskizunetan, Manuel Hernandez-Silva orkestrako zuzendariak atzo eginiko agerraldian adierazi zuenez: «Ez daude hemen emakumeak izateagatik, sekulako artistak izateagatik baizik: artista unibertsalak». Felix Palomero Baluarte fundazioko kudeatzaileak, berriz, nabarmendu zuen orkestrak lurraldean duen tokia indartu nahi dutela, bai eta gizartearen interesei erantzun ere.

Koloreak goiburupean dator NOSen denboraldi berria, «orkestraren atrilak kolorez bete» nahi dituztelako, Hernandez-Silvak esan zuen moduan: «Orkestraren ohiko errepertorio klasiko eta erromantikoaz gain, bestelako soinuak txertatu nahi ditut, orkestra gehiago haz dadin». Horretarako, tokia egin diete Frantziako, Espainiako eta Latinoamerikako musikei. Halere, soinu berriak txertatzeaz gain, orkestrak azken hiru urteetan programatu duen Beethovenen sinfonien interpretazioa egingo du aurten.

Zuzendariak azaldu zuenez, garrantzi berezia eman diote ondarea berreskuratzeari; horregatik, Lorenzo Ondarra musikagile nafarraren Te Deum pieza eta Emiliana Zubeldiaren Bigarren pianorako kontzertua berreskuratuko dituzte. Zubeldiaren obrak eta Teresa Catalan musikagile iruindarrak estreinatuko duen El canto de Atenea piezak erakusten dute NOSen programazioan emakumeei eman nahi izan dieten garrantzia, Hernandez-Silvaren hitzetan. Era berean, Alondra de la Parra zuzendariak debuta egingo du orkestrarekin, eta Raquel Andueza soprano nafarrak egonaldia egingo du Baluarten.

Baluarte fundazioaren programazioan, berriz, dantza izango da protagonista nagusia: programatu dituzten hamalau jardueretatik zazpi dantza ikuskizunak dira. Askotariko estiloak nahasiko dira, gainera: dantza klasikoa egongo da, Espainiako Dantza Konpainiaren Don Quijote lanarekin; garaikidea, Blanca Li konpainiaren Solstice obrarekin eta Antonio Ruizen Electra-rekin, eta antzerki musikatua, berriz, Leonard Bernsteinen West Side Story-rekin. Gainera, Portoko (Portugal) Quorum Ballet taldeak fadoari eskainitako ekoizpen bat aurkeztuko du, eta estiloen fusioa ere egongo da Gurumbé, las raíces negras obran; Arcangel flamenko kantaria, Patricia Guerrero flamenko dantzaria eta Accademia del Piacere taldea ariko dira elkarrekin.

Lirikaren esparruan ere eskaintza zabala egongo da. Vicenzo Belliniren Norma lana ikusi ahal izango da lehenbizikoz Iruñean, Gabrieli Consort & Players taldeak Henry Purcellen King Arthur «erdiopera» interpretatuko du, eta The English Concertek, berriz, Georg Friedrich Haendelen Rodelinda. Bestalde, Ainhoa Arteta sopranoak gala bat emango du, eta Raquel Anduezak, kontzertu bat, hainbat lagunekin batera.

Nazioarteko bi pianista ere ariko dira Baluarte fundazioaren ikasturte berrian: Arcadi Volodos eta Mitsuko Uchida. Eskaintza sinfonikoa osatzeko, Mariinski Antzokiko Orkestra eta Valeri Guerguiev ariko dira Iruñeko Orfeoiarekin elkarlanean. Mariinskik eta Iruñeko Orfeoiak interpretatuko dute Sergei Prokofievek Ivan Izugarria filmerako sortu zuen musika.

Azkenik, Baluarte Camara programan ahotsean oinarritutako lau ikuskizun eskainiko dituzte, eta Baluarte Txikin, berriz, sei obra, euskaraz eta gaztelaniaz.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara:

www.baluarte.com/ eus/hasiera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.