Gitarrek hartuko dute Andoain

Thurston Moore eta Tropical Fuck Storm ariko dira, besteak beste, gaur egingo den jaialdian

mikel lizarralde
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Rock-and-rollari lotutako festibala izanik, Andoaingo Rock Jaialdiak gitarretan oinarritutako hainbat proposamen taularatuko ditu, gaur, Gipuzkoako herri horretako Nafarroa Plazan. Jaialdia egingo den hamabigarren aldia izango da, eta, aurrekoak bezala, doakoa izango da erabat. 18:00etan hasiko da, Mice euskal ordezkariaren kontzertuarekin, eta goizaldeko ordu bata aldera igoko da oholtza gainera programako azken taldea, Tropical Fuck Storm. Bien bitartean, The Llamps, The Rockingbirds, Dimi Dero Inc, eta jaialdiko izen ezagunena, Thurston Moore, Sonic Youth taldearen sortzaile, gitarrista eta abeslari ohia, ariko dira Andoainen.

Zalantzarik gabe, Mooreren kontzertuak bereziki piztu du musikazaleen interesa. Ez da gutxiagorako: Sonic Youth aitzindaria izan zen, 1980ko hamarkadan, punka, noise-rocka, inprobisazioa eta abangoardia uztartzen, eta rock alternatiboaren gorakada eta leherketa barru-barrutik bizi izan zituen, harik eta, 2011n, Kim Gordon bere emazte eta taldeko baxu jotzailearekin zuen harremana hautsi eta taldea bera stand by egoeran sartu zen arte.

Sonic Youth azken 30 urteotako talderik inportanteenetako bat izan den arren, gainerako kideek bezala, Moorek hamaika disko grabatu ditu taldetik kanpo ere, inprobisazio askeari eta esperimentazioari lotutakoak horietako asko. Aurreneko diskoa, eredu klasikoagoetara lerratua (Psychic Hearts), berriz, 1995ean argitaratu zuen, eta orduz geroztik hainbat lan argitaratu ditu, Trees Outside The Academy rockzalea (2007), Demolished Thoughts (2011) akustikoa eta Rock'n'Roll Consciousness (2017), orain arteko azkena. Lan horretan Sonic Youthekin jorratutako ehundura zaratatsuak, gitarretan oinarritutako pasarte luzeak eta rock-and-rolla uztartu ditu.

Andoainen disko hori izango du aurkezteko, eta ondoan izango ditu hiru musikari entzutetsu: Steve Shelley bateria jotzailea (Sonic Youth), Debbie George baxu jotzailea (My Bloody Valentine) eta James Sedwards gitarrista (Nought).

Australiako rocka

Thurston Moore kartelburua izango da Andoainen, baina jaialdiari amaiera emateko ohorea rock-and-rolla bere erara moldatzeko gaitasuna erakutsi duen talde batek izango du, Tropical Fuck Stormek. Australiako laukoteak iaz kaleratu zuen estreinako diskoa, A Laughing Death in Meatspace, gitarretan oinarritzen den rock disko zenbaitetan ilun eta beste askotan katartikoa, psikodeliarekin nahiz punkarekin mintzatzen dena.

Tropical Fuck Storm talde berria izanda ere, ardatzean The Drones Australiako rockak azkeneko bi hamarkadetan eman duen talde interesgarrienetako baten bi kide daude: Gareth Liddiard abeslari eta gitarrista eta Fiona Kitschin baxu jotzailea. Haiei gehitu zaizkie Lauren Hammel bateria jotzailea eta Erica Dunn gitarrista, eta lauren artean, The Dronesen soinu sutsutik aldendu gabe, zerbait berria eskaintzen duen proposamena ondu dute.

Thurston Moore eta Tropical Fuck Stormizango dira Andoaingo Rock Jaialdiko artista ezagunenak, baina festibalak bestelako aukerak ere emango ditu. Hasteko, 18:00etan, Mice ariko da Nafarroa Plazan, jaialdiak izango duen euskal proposamen bakarra. Miren Narbaizak (Napoka Iria) jarri zuen abian proiektua, eta orain dela urte eta erdi kaleratu zuen lehenengo diskoa, Mice, Joseba Baleztenak (gitarrak, teklatuak, baxuak...) eta Ilargi Agirrek (bateria) lagunduta. Atmosfera ilunak, distortsioa, pasarte leunak eta dena estaltzen duen Narbaizaren ahotsa ditu ezaugarri diskoak.

The Llamps taldea, berriz, Ipar Kataluniatik dator, Perpinya hiritik, eta hainbat proiektutan kolaborazioak egin dituzten edo aritu diren musikariak biltzen ditu barnean: The Limiñanas, Jack of Heart, Harlan T. Bobo, Weird Omen, Pascal Comelade... Haien musikak 60ko hamarkadako psikodeliaren eta poparen arrastoak ditu, eta ez da zaila The Velvet Underground nahiz Syd Barretten eragina nabaritzea haien lanean.

Orain gutxi argitaratu dute azkeneko lana, 7 hazbeteko lan bat, zeinean Comeladek berak parte hartu duen. Dans Ma Nuit pieza sartu dute biniloaren alde batean, eta The Rolling Stonesek 60ko hamarkadan idatzitako As Tears Go By balada ezagunaren katalanezko bertsioa bestean (Com passa el plor).

The Rockingbirds taldea Londresen sortu zen, eta 1992an kaleratu zuen lehenengo diskoa, country-rock argi eta melodikoz beteriko lana. Orduz geroztik gorabeheraz beterikoa izan da taldearen ibilbidea, eta, hainbat urtetako etenaren ondoren, 2013an itzuli zen, The Return of The Rockingbirds laudatuarekin. Aurten iritsi da haren segida, More Rockingbirds, Alan Tylerrek itsasontzi batean bizi zela idatzitako kantuak jasotzen dituena.

The Rockingbirdsen country-rockari Dimi Dero Inc australiarren rock gordinak hartuko dio lekukoa. 2002an estreinatu zenetik, rock talde handiekin aritu da zuzenean Dimi Dero Inc, The New Christsekin —haien buru Rob Youngerrek ekoitzi du haien azken diskoa: Cremation Day In the Court Of Miracles—, Gallon Drunkekin, Mick Harveyrekin, Nikki Suddenekin, Hugo Racerekin eta The Dronesekin, besteak beste.

Arratsaldeko kontzertuaren aurretik, eguerdian, hainbat kontzertu izango dira Andoaingo hainbat txokotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.