Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Aske bizi, maitatu eta hiltzeaz

'Il pleauvait des oiseaux' erakutsi du Louise Archambaultek, samurtasuna osagai nagusi duena

Louise Archambault—eskuinetik bigarrena—, filmeko hainbat aktorerekin eta ekoizleekin, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Adineko hiru gizon, esnatu berritan, laku batean bainua hartzen. Basoak inguratzen ditu, lasaitasunak. Lehortu, eta, zuhaitzen artetik, bizitoki dituzten egurrezko etxoletara itzuli dira pixkanaka, nor bere zereginetara. Hil artean hala bizitzea erabaki zuten, arrazoi ezberdinak zirela medio. Eta, ezustean, heriotza iritsiko zaio zaharrenari. Baina beste biek ez dute denbora askorik egingo bakarrik, emakume gazte baten bisita jasoko baitute lehenik, eta adineko beste batena ondoren. Bien bizitzek aldaketak jasango dituzte, baina adinak adin, horien gainean erabakitzeko libre izaten jarraitu nahiko dute. Askatasuna, maitasuna, laguntasuna eta samurtasuna ditu osagai nagusiIl pleauvait des oiseaux filmak, Louise Archambault zinemagile quebectarrak Sail Ofizialaren barruan atzo aurkeztutako lanak.

Basoz inguratutako eremu batean garatzen da istorioa, zeinetan adineko pertsonak diren protagonista. Sute handi bat izan zen aspaldian inguru hartan, eta aztarna sakona utzi zuen bizilagunengan. Museo batentzat lanean ari den argazkilari bat herritarren memoria biltzeko lanetan hasiko da, eta hala ezagutuko ditu basoan bizi diren bi adinekoak. Baita haien bizitzetara orduantxe iritsiko den adineko emakumea ere. Nor bere zauriekin. Eta zauri horiek osatzeko elkarri laguntasuna eta maitasuna emateko prest.

Nork bere bizitzaren gaineko erabakiak hartzeko askatasuna nahiz maitasuna dira, Archambaulten ustez, filmaren gai nagusiak. Baina ez bakarrak. Hor daude eutanasiaren eta memoria kolektiboaren auziak ere, esaterako. «Pertsonaia bakoitzari lotuta, beste hainbat azpigai agertzen dira. Bakartzea eta maitatzeko gaitasunik eza, esaterako. Baina itxaropena agertu nahi nuen; adinak adin, bizitzan edozer gertatuta ere, agertzen zaizkigun aukerak baliatzea dela gakoa». Bi pertsonaiaren artean sortzen den harremana da ideia horren adibide, bietako inork espero ez duenean pizten baita, eta maitasunak eta sexuak adinik ez dutela erakusten baitute. «Edertasuna eta desioa erakutsi nahi nituen, adinak axola izan gabe», adierazi zuen zinemagileak, Gilbert Sicotte, Eve Landry eta Eric Robidoux aktoreak eta filmaren ekoizleak alboan zituela.

Jocelyne Saucier idazlearen izen bereko eleberrian oinarritu du lana zinemagileak. Egiturari, baina, ez dio eutsi, eta pertsonaietako bat musikagile bihurtu nahi izan du, «bere barne mundua eta zaurgarritasuna adierazi ahal izateko modu bat zelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.