Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Norbera nor den jakin nahian

Pederastiaren ondorio mingarriak ditu hizpide Gonçalo Waddingtonen 'Patrick' drama gogorrak

Gonçalo Waddington (bigarrena eskuinetik), Patrick filmeko lantaldearekin, atzo, Donostian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Parisen bizi den 20 urteko gazte bat da Patrick, Gonçalo Waddingtonek zuzendutako filmari izena ematen diona. Maitalearekin bizi da, haren luxuzko etxean, eta festaz festa dabil. Horietako batean, atxilotu egingo dute, eta haren ordenagailuan hainbat bideo topatuko ditu Poliziak. Neska gazteei sexu abusuak egiten agertuko da bera horietako batzuetan; haurra zela abusuak jasaten, beste batean. Orduan jakingo du ikusleak Patrick ez dela Patrick, Mario baizik, 8 urte zituenean bahitu zutena, Portugalen. Amaren etxera itzultzearekin batera, bera benetan nor den ulertzeko bidaia hasiko da gaztearentzat. «Zer dagoen ongi eta zer gaizki ulertzen saiatuko da. Bera nor den deskubritu nahian dabil, beste guztiei eta, bereziki, bere buruari nor den esan ahal izateko. Hori erakustea zen helburua», adierazi zuen Waddingtonek atzo goizean, filmaren emanaldiaren ostean.

Barne bidaia horretan, gaztea «hasieran emozionalki hilda» dagoela azaldu zuen zinemagileak, «baina ezin du pentsatzeko gelditu, bestela olatu handi batek harrapatuko baitu». Hugo Fernandesek jokatu du Patrick/Marioren rola, eta Teresa Sobralek, berriz, haren amarena. Haren ustez, «txikituta» dago gaztea; «munstro bilakatu dela pentsatzen du», eta amari ere oso zaila egingo zaio egoera kudeatzea.

Moralitateaz ere hitz egiten du filmak, zuzendariak adierazi zuenez. «Gazte honek baditu ongiaren eta gaizkiaren nozio batzuk, baina ulertu behar da hezkuntza kontu bat dela. Haren kasuan, 8 urtera arte gurasoek hezi zuten, eta bizimodu normala izan zuen, baina, gero, urteetan, beste pertsona batekin egon zen: aita, laguna, maitalea... dena zen harentzat, eta, beraz, harena ez da ongiaren eta gaizkiaren paradigma normala». Moralaz mintzatu bai, baina moralismorik ez duela egin nahi izan ere zehaztu zuen, eta ikuslearen parte hartzea eskatzen duela filmak. «Ikusi ostean ikusleari moralaren inguruko galderak sortu badizkio, nire helburua betetzat jotzen dut. Ez nuen lezio moralik eman nahi, pentsaraztea zen nire asmoa».

Miguel Gomes, Marco Martins, Margarida Cardoso, Joao Canijo eta Ivo M. Ferreira zuzendarien filmetan aktore gisa aritu izan da Waddington, besteak beste, eta bi lan labur ere zuzendu ditu aurrez, baina Patrick du lehen lan luzea. Azaldu zuenez, grabatu aurretik, hainbat astez etxe batean elkarrekin egon ziren bera eta aktoreak. Egonaldi horri garrantzia eman zion Fernandesek: «Bera ere aktorea izanik, [Waddingtonek] badaki konfiantza giro hori nola sortu; haren aktore eskarmentuak asko eman dio filmari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.