Cesc Gayren eta Nacho Alvarezen film berriak emango ditu Zinemaldiak

'Sentimental' aurkeztuko du Gayk, eta 'Explota explota' bere lehen lan luzea Alvarezek. 'Inés del alma mía' telesaila ere aurkeztuko du jaialdiak

Cesc Gayren Sentimental filmaren irudi bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Erredakzioa
2020ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Jaialdia hasteko hil eskas baten faltan —irailaren 18tik 26ra arte izango da—, Donostiako Zinemaldia ari da aurtengo programazioa gutxika aletzen. Beste hiru ekoizpenen berri eman zuen atzo, guztiak RTVE kate espainiarraren partaidetza dutenak. Cesc Gay (Bartzelona, 1967) zinemagilearena da horietan lehena: Sentimental. Antzezlan baten egokitzapena da, eta aktore ezagunak ditu protagonista lanetan: Javier Camara, Belen Cuesta, Griselda Siciliani eta Alberto San Juan.

Aurrez ere jaialdian behin baino gehiagotan izana da Gay. Hotel Room erakutsi zuen Zuzendari Berriak sailean 1998an, eta En laciudad (2003) eta Truman erakutsi ditu gerora, azken bi horiek Sail Ofizialean. Truman-en kasuan, Gizonezko Aktore Onenaren Zilarrezko Maskorra ere eman zien Zinemaldiko epaimahaiak Ricardo Darini eta Javier Camarari.

Nacho Alvarezek (Montevideo, 1986), berriz, bere opera prima erakutsiko du Zinemaldian. 1970eko Espainian kokatu du Explota explota, eta garai hartako askatasun faltari eta giro grisari dantzaren bidez aurre egin nahi dion gazte bat du protagonista. Raffaella Carra kantari italiarren hainbat hit dira soinu bandaren parte.

Eleberria zena telesail

Telesailak jaialdiaren parte bihurtu dira jada, eta aurten Inés del alma mía izango da horietako bat. Alejandro Bazzanok (Habana, 1963) eta Nicolas Acuñak (Santiago, 1972) zuzendu dute ekoizpena, eta lehen atalak estreinatuko dituzte Donostian.Isabel Allenderen izen bereko eleberria du oinarrian; drama historikoa da, XVI. mendeko Extremaduran (Espainia) girotua. Elena Rivera, Eduardo Noriega, Benjamin Bikuña, Carlos Barced, Enrique Arce eta Francesc Orella daude aktore taldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.