Labur eta euskaraz

Gaur hasiko da Lautan Hiru antzerki laburren jaialdia. Hamasei obra emango dituzte Bilboko zenbait tokitan, maiatzaren 27ra bitarte

Jaialdiaren antolatzaileak, programazioaren kartelarekin, Bilboko Plaza Barrian. LAUTAN HIRU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
«Euskarazko antzezlan labur askorik ez dago». Eta, hala ere, hirugarren aldia da dagoeneko Lautan Hiru jaialdiko antolatzaileek miaketa lana egin, eta hamasei piezatako hautaketa bat eskaintzen dutela. Elkarlanean antolatzen dute jaialdia Euskaltzaindiak eta Bilboko Zazpikaleetako hainbat eragilek —Bira kultur guneak, 7Katu gaztetxeak eta Cafe Bar Bilbao tabernak, hain zuzen—, eta, hasierako hitzak gorabehera, emaitza onak lortu izan dituztela ere azpimarratu du Iñaki Mendizabal Euskaltzaindiako komunikazioko kideak. Gaur izango da lehenengo emanaldia, eta maiatzaren 13an, 20an eta 27an egingo dituzte hurrengoak, Euskaltzaindiaren egoitzan eta Biran; hiru antzezlan labur emango dituzte saio bakoitzean.

Ohiz otsailean egiten duten jaialdia maiatzera atzeratu behar izan dute; areto bakoitzerako ateratzen zituzten 90 bat sarrerak 30era mugatu behar izan dituzte; eta ikuskizunak bi tokitan egingo dituzte, ohiko lau lekuetan egin beharrean. Halere, antolatu ahal izate hutsa azpimarratu du Mendizabalek: «Aurten, garrantzitsuena egitea da, antzezleei plaza hori ematea, eta katea ez etetea». Antzerkizaleak izanda, antolatzaileek erabaki zuten gisa horretako jaialdi bat sortzea, eta lehen aldiko harrera «ezustea» izan zela dio Mendizabalek, «jende andana» hurbildu baitzen festibaleko aretoetara. Bigarren aldian ere joera mantendu zuen jarduerak, eta, aurten, jada lortutako «arrakasta eta giroa» ez etetea dute jomuga, oroz gain.

Festibalaren lorpenen artean, «zubi lana» egitea nabarmendu du komunikazioko kideak, katebegi izaera baitu Lautan Hiruk bai antzerki zaletasunari dagokionez, baita euskara sustatzeari dagokionez ere, Mendizabalek zehaztu duenez. «Beste motatako lanak ikusteko aukera ematen du: ez dagoena ohituta antzerki obra luzeak ikustera, Lautan Hirun trebatu daiteke, eta gero agian Arriaga antzokira joan daiteke, adibidez».

Halaber, «euskara eta euskal kultura hauspotzeko bide polita» iruditzen zaio antzezlan laburraren moldea, eta horretan ere trebatzera joan izan dira batzuk aurreko aldietan. «Erdi euskaldunak, euskaraz ikasten ari direnak eta erdaldunak etorri izan dira». Moldearen laburtasunari egotzi dio hori, baina baita jaialdiak eskaintzen duen «kategoriari» ere: «Gauza politak eta erakargarriak egitea da amurik onena gure hizkuntzara hurbiltzeko».

Askotariko eskaintza

Jaialdiko programazioa aletu du Mendizabalek: «Molde diferenteetako lanak ditugu; beti izaten ditugu umoretsuak, gizarteko gaien ingurukoak...». Gaur, Esti Curielen 35 huts, Anodino teatroaren Zom2 eta Tranpola taldearen Txilin hotsak antzezlanak emango dituzte Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurrerago, Cafe Bar Bilbao sariduna taularatuko dute —Asier Hernandezen Kill, Kerra eta Karma—, baita Artekartu konpainiaren Hauts artean ere, Euskaltzaindiak Bilboko Udalarekin batera lehen aldiz emandako laguntzaren irabazlea. Sarrerak Cafe Bar Bilbaon daude salgai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.