Udazkenean egingo dira Xilaba eta Nafarroako eta Bizkaiko bertso txapelketak

Bizkaikoa abenduaren 18an egingo dute; Nafarroakoa, azaroaren 27an; eta Xilaba, azaroaren 13an. Ekainean hasiko da kanporaketa aurrekoa Nafarroan

Maddi Sarasua bertsotan, Xilabako saio batean, iragan urrian. GUILLAUME FAUVEAU.
Andoni Imaz.
2021eko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Xilaba amaitu gabe utzi zituzten iaz, COVID-19ak eragindako egoera zela-eta. Nafarroakoa, berriz, urte honen hasieran zen abiatzekoa. Egoerak hobera egin duela ikusita, hirurak aurtengo udazkenean egitea erabaki dute Bertsularien Lagunak Elkarteak eta Bizkaiko eta Nafarroako Bertsozale elkarteek. Atzo zabaldu zuten albistea.

Bizkaiko txapelketak hamar saio izango ditu; Nafarroakoak eta Xilabak, berriz, zortzina. Batzuetan, egun berean saio bat baino gehiago egingo dituzte, baina, zaleen mesedetan, egutegian txapelketak elkarren artean ahalik eta modurik onenean uztartu dituela azaldu du Bertsozale Elkarteak.

Irailean egoera aztertuko dute berriz, eta beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte txapelketak abiatzerako.

Sailkapen fasea egina dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Iazko udaberrian egin behar zuten, baina irailera atzeratu zen azkenean. Txapelketa urriaren 3an hasiko da, eta abenduaren 18an jokatuko dute finala.

Xilaba, berriz, final-laurdenetan zela eten zen iaz, Frantziako Gobernuak ezarritako neurri murriztaileen ondorioz. Irailaren 18an ekingo diote berriz lehiaketari, eta azaroaren 13an izango da finala.

Txapelketetako lehen saioak ekainean bertan egingo dituzte, Nafarroako kanporaketa aurrekoan. Laster zabalduko dute horiei buruzko informazioa. Txapelketa, berriz, urriaren 2an abiatuko da han, eta azaroaren 27an egingo dute finala.

Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketaren ordez, binakakoa egin zuten. Joan den maiatzean amaitu zen, eta Manex Agirrek eta Martin Abarrategik jantzi zioten txapela elkarri.

«COVID-19ak eragin izugarria izan du bertsolaritzan», adierazi du Bertsozale Elkarteak. Orain, bertso eskoletako eta plazetako dinamika berreskuratzea da lehentasuna haientzat.

Plazak, gorantz

Urteko lehen bost hilabeteetako jardunaren errepasoa egin dute, zenbakitan. 2019an egin ziren bertso saioak baino %60 gutxiago egin dira aurtengo lehen hilabeteetan, eta 2020an baino %25 gutxiago; iaz, martxoaren erdira arte ohiko martxan aritu ziren.

Azken boladan, jaialdiak eta bat-bateko saio bereziak izan dira nagusi, eta lagunarteko eta plaza libreko saio gutxi antolatu dituzte, kontrara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.