Espainiako Vuelta

Ohiko zigilua darama

Amaiera gogor ugari eta erlojuaren aurka 54 kilometro izango ditu datorren urteko Vueltak. Euskal Herrian bi etapa lehiatuko dira osorik

Espainiako Vueltaren aurkezpena, atzo, Madrilen. FERNANDO VILLAR / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Bukaera malkartsuz jositako ibilbidea izango du datorren urteko Espainiako Vueltak. Izan ere, guztira bederatzi etapak izango dute amaiera mendate batean. Lehengo lepotik burua, beraz. Irteera eta helmuga asko berriak izango dira, baina, funtsean, lasterketak betiko esentzia bera izango du. Gatza eta piperra jarriko diote Euskal Herriko etapek: aurtengo etenaren ostean, bi etapa osorik jokatuko dira Euskal Herrian, eta beste bat Bilbotik aterako da.

Aurrez ere jakina zen: Herbehereetan abiatuko da lasterketa, abuztuaren 19an, eta bertan jokatuko dira lehen hiru etapak. Plan hori 2020ko aldiari zegokion, baina atzeratu egin behar izan zen, osasun krisialdiaren ondorioz. Aurreneko etapa Utrechten hasi eta bukatuko da; 23,3 kilometroko taldekako erlojupeko bat izango da. Bigarren etapak ere hiri horretan izango du helmuga, eta hirugarrena Bredan amaituko da, baita hasi ere. Egun lasaiak izango dira, haizeak lasterketa hankaz gora jartzen ez badu behintzat.

Vueltak lehen etena egingo du orduan, Euskal Herrira bidean jartzeko. Bertan lehiatuko dira ondorengo bi etapak. Lehenengoak, lasterketako laugarrenak, Gasteiz eta Guardia lotuko ditu, 153 kilometroko ibilbide batekin. Opakua eta Herrera igoko dituzte, azken hori helmugatik15 kilometrora. Biharamunean, Irun eta Bilbo artean ibiliko da tropela, 187kilometroko ibilbidea osatuz. Gangurengo igoera izango da epaile; birritan igoko dute. Hurrengo etapa Bilbon hasiko da, eta hortik Kantabriarantz joko du lasterketak, Pico Jano mendatearen bila. 11 kilometro eta %6,4ko pendiza du, eta aurrenekoz igoko dute Vueltan. Lasterketako lehen bukaera malkartsua izango da.

Hurrengoak Asturiasen egongo dira, 8. eta 9. etapetan. Bata Fancuayan finituko da; aurrez ez dute sekula igo Espainiako proban. Zazpi kilometroko igoera da, hots, ez da Angliru edo Gamoniteiru bezain luzea; baina ez zaio gogortasunik falta, batez besteko pendiza %8,6ko duen neurrian. Les Praereseko horma izango da Asturiasko beste amaiera menditsua; bezperan bezala, lau gain igarota iritsiko dira azken igoerara.

Atseden hartu ostean, Herrialde Katalanetan sartuko dira ziklistak, Elx eta Alacant artean erlojuaren aurka lehiatzeko. 31 kilometroko saio laua izango da; ez da oso luzea, baina bai onenen artean alde aipagarriak eragiteko nahikoa. Igotzaileek ez dute zertan kezkatu, denbora berreskuratzeko aukera izango baitute Andaluziako etapa menditsuetan. 12. etapan, Sierra Bermejan barneratuko da tropela; iaz 8.000 hektarea kiskali zituen bertan baso-sute batek. Peñas Blancasen egongo da helmuga; ez dute lehen aldiz igoko, baina datorren urtean lau kilometro erantsiko dizkiote.

Mendate bakarreko etapa izango da hori, eta 14.ak ere antzeko itxura izango du: gogortasuna amaieran igo beharreko Los Villaresek eta Sierra de la Pandera ezagunak emango diote. Arnasa hartzeko betarik gabe, biharamunean maila bereziko Sierra Nevadan egongo da helmuga. Aurrez mendate bakarra igoko dute; halere, desnibela 4.000 metrotik gorakoa izango da.

Zirrara, azken unera arte

Indarrak berritzeko tartea hartu, eta azken txanpan sartuko da proba.Etapa gorabeheratsuak topatuko dituzte Extremaduran: 17. eta 18. etapak Piornal eta Tentudia mendateetan amaituko dira, hurrenez hurren —horiek ere igoera berriak dira—, eta ondoren, zirkuitu bihurria izango dute Talavera de la Reina inguruan.

Sailkapeneko aldeak handiak izanda ere, dena erabakitzeko egongo da, edozer gauza gerta daitekeelako 20. etapan, Guadarramako Mendilerroan. Galde diezaiotela, bestela, Fabio Aruri; han Tom Dumoulini segada egin, eta hala irabazi zuen 2015eko Vuelta. Oso etapa hautsia izango da; azkenak, ordea, itxura etzana izango du. Irabazleak Madrilen altxatuko ditu besoak, irailaren 11n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.