«Egonkortasuna» nahi dute

Sergio Valdeolmillos, GBCko entrenatzaile berria, oso eskertua dago eman dioten aukerarekin

Sergio Valdeolmillos eta Nekane Arzallus, atzo Illunben egindako aurkezpenean. GORKA RUBIO / FOKU.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
«Ilusio eta ardura handiarekin»: halaxe hartu du Sergio Valdeolmillosek Delteco Gipuzkoa Basket entrenatzeko erronka. Hala adierazi zuen atzo egindako aurkezpenean. Aurreko sasoian taldeak egindako lana goraipatu zuen, eta horri jarraipena eta egonkortasuna eman nahi diola nabarmendu. «Gauza asko egin ziren ondo, eta nik beti sinetsi izan dut proiektuen jarraipenean, gauzak ondo joan daitezen. Uste dut egonkortasun hori izango dela gure helburuak lortzeko gakoa». Antzera mintzatu zen Nekane Arzallus presidentea: «Argi dago entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko modua duela, eta beti egongo dela aldaketaren bat. Baina Valdeolmillos aukeratuta jarraipena eta egonkortasuna eman nahi izan dizkiogu aurreko urteetako lanari».

GBCren zuzendaritzak beregan erakutsitako konfiantza eskertuz hasi zuen agerraldia Valdeolmillosek: «Gaur egun oso zaila da ACB ligan entrenatzea, eta ni fitxatzeko izan duten jarrera eskertu nahiko nieke». Eskaintza onartzeko ez zuen zalantzarik eduki: «Beharbada, itxaronda, beste eskaintzaren bat izango nuen. Baina hasieratik erakutsi zidaten ni hona etortzea nahi zutela, eta nire izateko moduaren arabera lan egiteko aukera izango dudala. Niretzat, oso garrantzitsua da hori». GBC lan egiteko «leku zoragarria» dela adierazi zuen: «Oso pozik nago. Balio handiko jendea dago hemen, eta azpiegitura oso aproposak. Ni, taldea laguntzera natorrenean, beste pertsona bat baino ez naiz».

Aurreko sasoian GBCk lortu zuenak«meritu handia» duela onartu zuen. Horrek, dena den, ez dio presiorik sortzen: «Presioa beti dago. Baina ohituta nago. Zenbaitetan gozatu egiten dut horrekin. Gainera, presioa bainoago, ardura sentitzen dut». Bere taldeen oinarria atzean dagoela azaldu zuen: «Erasoko jokoa defentsako lanetik abiatzea gustatzen zait». Nahi duen talde motari buruzko zertzeladak eman zituen: «Borrokalaria, sendoa eta lehiakorra izatea nahi dut».

Baskonian emandako sasoia «oso polita» izan dela nabarmendu zuen —Pedro Martinezen laguntzailea izan da—: «Aukera eman dit Europako saskibaloi onena ezagutzeko: Euroliga. Orain, hauxe nahi dut: ikasitakoa eta dudan eskarmentua hemen baliatu». Baina nola egingo du hori?: «Joko erritmoari eta taktikari lotutako kontuak izango dira gehien baliatu ahal izango ditudanak. Bestalde, jokalarien polibalentzia ere sustatu nahi dut. Saskibaloiak izan duen bilakaera handienetakoa da». ACB ligan izan duen ibilbideak ere lagundu egingo diola uste du: «Huelva, Granda, Ourense, Estudiantes... Sailkapenaren erdialdean egoteko borrokatzen ziren taldeak ziren, eta hor eman dut nire kirol ibilbideko zatirik handiena».

Datozen asteetan hasiko dira taldea osatzen, eta adierazi zuen lan hori erabakigarria izango dela: «Aurreko sasoiarekin alderatuz, denbora gehiago daukagu, eta lasaiago egin dezakegu. Horrek beti laguntzen du». Osaketa prozesu horretan, argi du oso garrantzitsua izango dela Henk Norel pibotak segitzea: «Bera pozik dago hemen, eta ahalegin guztia egingo dugu segi dezan. Ni baikor nago. Datozen egunetan harekin hitz egingo dut, nire joko filosofia azaltzeko. Beti gustatu izan zait barruko erreferentzia batekin jokatzea. Ea horrek ere laguntzen duen». Erreferentzia horrekin batera, lotu nahi duten beste jokalaria, joko antolatzailea: «Hortik abiatuta, joango gara taldea osatuz».

Argi du uda luzea izango dela: «Orain, ahalmen ekonomikorik handiena duten taldeek fitxatzen dute. Guk itxaron egin behar dugu. Arduragabea litzateke orain merkatura jotzea. Ez litzateke inteligentea izango». Mexikoko hautatzaile izan da zazpi urtez, eta ondo ezagutzen du Hego Amerikako merkatua. Hortik ere etor daiteke fitxaketaren bat: «Ezagutza hori baliatu nahi dut, prest egon behar baitugu edozein gorabeherari erantzuteko. Entrenatzailea, taldea eta German Cea zuzendari nagusia horretarako ari gara lanean». Halaber, harrobiko jokalariaren alde egindako apustuari eutsiko diotela berretsi zuen:«Taldearen behin betiko osaerak eragina izango du horretan. Baina iaz egindako lan onari jarraipena eman nahi diogu».

Nekane Arzallus presidenteak Valdeolmillosen eskarmentua nabarmendu zuen: «Saskibaloizale amorratua da, eta haren ilusioa eta hazten segitzeko grina nabarmenduko nituzke. Espero dut haren ilusioarekin zaleak gozarazten segitzea». Halaber, GBCra etortzeko erakutsitako «konpromisoa» eskertu zion. Fisacek zuen laguntzaile multzoari eutsiko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.