Egonkortzen ari den bidaia

'Soinuen bidaia II' diskoa aurkeztuko du Alberto Urretxok, gaur, Bilboko Campos antzokian
Soinuaren banda egitasmoko kideak, entsegu batean.
Soinuaren banda egitasmoko kideak, entsegu batean. ALBERTO URRETXO Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko azaroak 3

Aurkakoak dirudite, baina osagarriak direla dio Alberto Urretxo tronboi jotzaileak. Bilboko San Mames estadioan Berri Txarrak, Muse eta Crystal Fighters ari diren bitartean, Soinuaren bidaia II diskoaren aurkezpen kontzertua egingo dute Bilboko Campos antzokian. «Musika klasikoa ez dago horren sartuta gure gizartean, eta, oro har, ez dago ezagutzarik». Horrekin hausteko proposamena ondu dute. «Pentsatu genuen bestelako lanketa egitea ahalik eta herritar gehienengana iristeko ». Duela hiru urte abiatu zuten egitasmoa, Soinuaren bidaia I diskoarekin, eta bigarren proiektuari heldu diote orain. Musika klasikoaren ekosistema indartu nahi duela dio Urretxok. «Hemengo konpositoreak eta musikariak elkartzea da gure asmoa, plataforma bat izatea». Doako emanaldia izango da biharkoa. 19:30ean hasiko da kontzertua.

Bilboko Orkestra Sinfonikoan aritzen da Urretxo tronboia jotzen, eta orkestran kide dituen beste hainbat musikari bildu ditu Soinuen bidaia egitasmoan ere: Catalin Bucatar, Giulia Brickemeier eta Iñigo Grimal biolin jotzaileak, Adriana Grigoras viola eta Javier Martinez txelo jotzailea, hain zuzen. Horiez gain, Amaia Zipitria piano jotzaile eta Musikeneko irakaslea, Jone Martinez Sopranoa eta Garikoitz Mendizabal txistularia izango dira oholtza gainean. «Euskal Herrian formakuntza handia duen eta oso interesgarria den jendea dago, eta horiek saretzea ere bada egitasmoaren helburuetako bat».

Polentzi Gartziak ondu du, adibidez, Sonata biola eta pianoarentzat pieza. Egitasmoaren ikus entzunezkoak sortzen ere aritu da Gartzia. Musikagile gisa, bidea urratzeko aukera eskaini dio Urretxok. «Mundu honetan ahots propioa izateko ahaleginetan ari garenontzat oso aukera ona da. Proiektu handizalea da Urretxok gidatu duena, eta musikalki oso plurala. XIX. mendetik XXI. mendera bitarteko piezak bildu ditu, eta, nazioarteko musikagile ospetsuen lanez gain, hasi berriak garen musikagileen piezak ere sartu ditu diskoan. Lehen urratsak egiten ari gara, eta niretzat oso garrantzitsua izan da egitasmoaren parte izatea».

Hedatzea nahi dute

Musika klasikoaren egoeraz aritzeko galderak jaurti ditu Urretxok. «Jendea etortzen da, adibidez, Bilboko Orkestra Sinfonikoa entzutera? 30 eta 50 urte bitarteko herritarrak ez dira gu entzutera etortzen, ez dutelako tradizio hori. Horiengana heldu nahi dugu honako proposamen honekin». 35 emanaldi egin zituzten lehen diskoarekin, baina aitortu du Euskal Herrian kontzertuak programatzeko zailtasunak izan zituztela. «Egin ditugu kontzertu gehienak ezagutzen gintuzten aretoetan eskaini ditugu. Pozik gaude, baina, oro har, kostatu egiten zaigu emanaldiak programatzea». Jendea erakarri nahi dutela dio. «Pixkanaka ari gara lanean».

Sentsibilizazio falta nabari du Urretxok, behin baino gehiagotan azpimarratu du. «Musika klasikoarekiko dagoen ezjakintasuna izugarria da, eta hezkuntzaren eremuan ere nabaria da ez dela inolako apusturik egiten. Guk argi dugu gure gizartean eremu hau lantzea beharrezkoa dela, eta horregatik ari gara ezberdina den zerbait egiten. Plataforma gisa lanean jarraituko dugu». Gizartean errotuta dauden aurreiritziak izan ditu ardatz. «Elitistak eta arraroak garela uste dute askok, eta ez da egia». Bat egin du Gartziak ere. «Egia da nolabaiteko esfortzu intelektuala eskatzen duela musika klasikoak, eta gaur egungo gizartean gero eta erosoagoak garela musika ohituretarako ere».

Sentimenduak dira egitasmoaren ardatza. Soinuaren banda I lehen diskoarekin egin bezala, «aldika» banatu dute diskoa. «Hiru etapa bereizi genituen lehen diskoan: lehen aldian, irudikatu genuen gazte baten lehen kontaktua musikarekin; bigarrenean, profesional nola bihurtzen zen kontatu genuen; eta, hirugarrenean, helduarora nola heltzen den. Oraingoan, laugarren, bosgarren eta seigarren aldiak irudikatu ditugu. Sustraiak eta eguneroko bizipenenak landu ditugu bigarren diskoan». 20 abesti biltzen ditu diskoak.

Diru bilketa bidez ondu dute lana, eta aurreikuspen guztiak bete dituztela azaldu du musikariak. «Ulertzen dugu egoera nola dagoen, eta jendeak dituen zailtasunak. Nahiz eta aukera izan diru laguntza publikoak publikoak eskatzeko, erabaki genuen beste era batean egitea, benetan diru laguntzak behar dituzten sortzaile horiei diru laguntza ez kentzeko». Azaldu duenez, oraindik ere irekita martxan dute diru bilketa kanpaina.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

albertourretxo.com

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Jon Insaust, Josemi Beltran eta Patxi Presa, gaur goizean, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian. ©Idoia Zabaleta / Foku

Ostiralean abiatuko da Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 31. Astea

Itziar Ugarte Irizar

Azaroaren 6ra bitarte, 50 proiekzio inguru izango dira: generoko urteko ale nabarmenetako batzuk, klasikoak eta baita beste zenbait jarduera ere. Jaialdiaren egoitza nagusiak Antzoki Zaharra eta Viktoria Eugenia izango dira.

Virginia Woolf idazle ingelesa; jardun betean zegoen 1920. urterako, baina bide oparoago baten atarian oraindik. ©BERRIA

«Negu sasoiko lehen eguna»

Joannes Jauregi

Idazle baten egunerokorik ezagun eta oparoenetako bat izango da Virginia Woolfena, ia bizi osoa eman baitzuen osatzen. Gaur duela ehun urte, astelehenarekin, Woolfek 38 urte zituen; idazle argitaratua zen, baina artean onenak eman gabea. Eta sarrera bat egin zuen egunerokoan.

 ©JON URBE / FOKU

«Tentsioa dakarten lanak falta dira»

Itziar Ugarte Irizar

Formatu bikoitzeko lan batekin itzuli da: 'Unisonoa', lerro bateko poesia liburua eta hamabi soinu pieza. Lengoaia behatzeko eta entzuteko denboratzat du idazketa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna