Hirugarren urteurrena aurrez aurreko saioekin ospatuko dute Artgian

Gaur hasi eta larunbata bitarte askotariko ekintzak izango dira aretoan: hala nola erakusketa bat, liburu aurkezpen bat eta antzerki emanaldi bat

Eider Iturriaga, Irantzu Lekue eta Pablo Otxoa de Olza, atzo, Gasteizen, aurkezpen ekitaldian. RAUL BOGAJO / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak kulturaren zerumuga ilundu badu ere, badira oraindik helduleku diren argi izpi batzuk. Gasteizko Artgia aretoa da horietako bat. Izan ere, arte galeriak hiru urte bete zituen izurritea gogorren jotzen ari zen egunetan. Itxialdian leiho birtual bat ireki zion aretoak arteari, Internet bidez erakusketak edonoren etxera irits zitezen. Osasun larrialdi egoera arindu den honetan, ordea, aretoak ateak ireki ditu, eta urtemuga publikoarekin ospatzea erabaki dute. Bada, zenbait ekitaldi antolatu dituzte datozen egunetarako. Irantzu Lekue aretoaren sortzaileak azaldu duenez, diziplina ugari uztartu dituzte urte hauetan guztietan, eta ospakizuna ere askotariko adierazpideen bitartez egin nahi dute. Arreta berezia jarri nahi diote hala artea, kultura eta komunitatea bera aberasteko asmoari.

Pablo Otxoa de Olza margolariaren erakusketa batek zabalduko du ospakizuna gaur bertan, hain zuzen. Batez ere, arte urbanoa jorratzen du margolari iruindarrak: hiri handietako paisaiak marraztu ditu azken 30 urteetan, eta ale horietako batzuk jarri ditu ikusgai erakusketan uztailaren 4a bitarte. New York, Bartzelona eta Buenos Aires eredu gisa dituzten hirietako kaleak eta eraikinak ikus daitezke errotuladore bidez marraztutako zuri-beltzeko nahiz koloretako irudietan. Paperaren gainean marraztutakoak dira gehienak, baina badira mihisearen gainean egindakoak ere; 30 bat dira denera.

Artistak adierazi du «hilabeteak» behar izan dituela ehunka piezatatik gutxi batzuk aukeratzeko: «Ildo bat, gai bat hautatu behar izan dut lehenik margolanak aukeratzeko. Hiria izan da hori. Horri esker, errazagoa izan da irudien hautaketa lana. Aitortu behar dut, hala ere, aukeraketak balio izan didala nire obrari beste modu batean begiratzeko». Itxialdi garaian egindako 45 eranskailuk osatzen dute erakusketa. 20:00etan izango da irekiera ekitaldia. Ondoren, Xiomara Zugazagoitia eta Willy Granados musikariek osatutako La Trama taldeak kontzertua eskainiko du.

Berri Txarrak taldearen etenaren aurreko kontzertu bira jasotzen duen liburua ere aurkeztuko dute Artgian. Berba eta Irudia argazki liburuaren nondik norakoak azalduko dituzte Eider Iturriaga eta Ibai Arrieta argazkilariek bihar, 19:00etan. «Munduan hara eta hona aritu ginen, iaz, talde baten atzetik, baina, justu, liburua aurkezten hasi behar genuenean, pandemiaren kontu hau iritsi da. Mugituz aritu ostean, erabat geldirik egon gara», adierazi du Iturriagak barre artean. Liburuaren xehetasunez gain, ordea, zuzeneko musikaren argazkilaritzaz aritzeko tartea ere izango da solasaldian. «Zuzeneko argazkietatik harago doan liburua baita guretzat. Finean, musika talde batekin bira bat egitea zer den erakusten du: agertokiaren gainean eta azpian gertatzen dena jasotzen du». Solasaldiaren ostean, zuzeneko emanaldia eskainiko du Doctor Sax bakarlariak.

Larunbatean amaituko dira ospakizun ekitaldiak Mirena Nafarrateren performancearekin. Eta zu, zeren beldur zara? izeneko ikuskizuna aurkeztuko du eguerdian, aretoan bertan. Gasteizen jaiotakoa da Nafarrate, baina azken urteetan Bartzelonan dihardu antzerkigintzan lanean.

Aretoaren edukiera mugatua izango da ekitaldi guztietan; beraz, beharrezkoa da aretoari sare sozialen, webgunearen edo posta elektronikoaren bitartez abisatzea bertaratu nahi izanez gero.

Laguntzak berreskuratu

Artgia aretoa bultzada handia izan da urte hauetan guztietan artista gazteentzat eta hasiberrientzat. Lekue pozik azaldu da orain arte egindakoarekin. «Hilero erakusketa bat egin dugu ia-ia; beraz, 36 inguru egin ditugu guztira. Horrez gain, antzerkiak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak ere antolatu ditugu. Oso pozik gaude gune honi eusteagatik. Orain artekoaren bidetik jarraitzea espero dugu. Gure nahia da gauza berriak erakusten jarraitzea».

Ekitaldiak antolatzeaz gain, artista gazteentzako diru laguntzak ere ematen ditu Artgiak. Laguntza programa geldirik dute orain, ordea, baina ahal bezain azkar berreskuratzea da aretoaren lehentasunetako bat, Lekuek azaldu duenez. «Laguntza publikoak kendu dituzte, baina espero dugu beste enkargu batzuen bitartez laguntza horiei eustea. Beharrezkoak dira, bigarren krisia baita hau gazteentzat. Gainontzean, artearen alorrean lan egiteko zailtasunak izango dituzte askok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.