Azken gozokiaren bila

Urtezahar eguneko beste derbia jokatuko dute Osasunak eta Alavesek, Sadarren. Ataka estuan iritsiko dira nafarrak; lasaiago daude arabarrak

Osasunako eta Alaveseko kideak elkar agurtzen, sasoi-aurrean Taxoaren jokatutako lagunartekoan. JESUS DIGES / EFE.
enaut agirrebengoa
2020ko abenduaren 31
00:00
Entzun
2020an Espainiako Ligan jokatuko den azken partida izango da Osasuna eta Alavesen artekoa. Girotu egingo dute Urtezahar arratsaldea, zaleak gaueko oturuntzak prestatzen hasi aurretik. Gosegarri ona izango da Sadarren jokatuko den derbia, eta oso zapore gozoa izango du irabazten duen taldearentzat. Alavesentzat berdinketa ere ez litzateke mokadu txarra izango, azken jardunaldian Eibarri 2-1 gailendu eta gero. Osasunak, baina, premia gorria du irabazteko, zortzi partida baitaramatza puntuak hirunaka batu gabe. Kale edo bale egiteko partida izango da nafarrentzat.

Ezin daiteke bestela izan, jaitsiera postuetan katigatuta egonik. Jokoan izan diren azken 24 puntuetatik bi besterik ez ditu batu Jagoba Arrasateren taldeak; hein handi batean, golak erruz ari delako jasotzen: hamalau egin dizkiote azken bost partidetan. Edonola ere, apurka asmatzen hasi da ate aurrean. Esaterako, bi gol egin zizkion Elxi azken jardunaldian. Beste argi-printza lehia hartan taldeak eginiko presio zorrotza da. Kaiolatu egin zuen Elx zenbait minutuz, eta gaur Alaves are estuago hartzen saiatuko da.

Bete du zigorra Aridanek, eta jokatzeko moduan izango da gaur; baita Jony ere, arazo fisikoak gainditu ostean. Iñigo Perezek,ordea, ezingo du jokatu, kaleratua izan baitzen Elxen.

Putzutik urruntzeko aukera

Garaipen lasaigarria lortuta iritsiko da Alaves gaurko partidara. Huesca eta Celtaren kontrako estropezuek berpiztu egin zituzten sasoi hasierako zalantzak, baina arabarrak bide onera itzuli ziren Eibarren aurka. Bi puntura dituzte oraintxe jaitsiera postuak, eta pauso handia emango lukete gaur irabazita. Zelai erdian Battaglia faltako dute, txartel pilaketa tarteko, eta Elyk eta Ponsek ere ezingo dute jokatu, min hartuta daudelako. Bai, ordea, Duartek, azken lehian belaunean izandako lesioa ez baita uste bezain larria. Ikusteko dago ea Jota eta Lucas Perez berriz ere hamaikakotik kanpo geldituko diren.

OSASUNA-ALAVES
Osasuna.Ruben; Nacho Vidal, Aridane, David Garcia, Juan Cruz; Oier, Moncayola, Torres, Ruben Garcia; Budimir eta Calleri.
Alaves. Pacheco; Ximo, Laguardia, Lejeune, Duarte; Manu, Pina, Edgar, Luis Rioja; Joselu eta Lucas.
Epailea. Jaime Latre.
Lekua. Sadar.
Ordua. 16:15ean (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.