Kolpea jo du Realak

Irabazi egin dio Celtari (2-1), eta bosgarren lekuaren jabe egin da, sei partidaren faltan. Portuk eta Januzajek irauli dute kontrako emaitza

Carlos Fernandez eta Gorosabel atzoko partidan, aurrera egin nahian. JON URBE / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Bost partida zeramatzan Realak Ligan irabazi ezinda, bi berdinketa eskasekin, eta atzo garaipena behar zuen Celtaren aurka, Europarako bidean kolpea jotzeko. Baita lortu ere.

Partidak nolakoak izango diren asma daiteke kasu batzuetan, aldagai batzuen arabera: bi taldeen jokatzeko modua, hamaikakoak eta abar. Atzokoak bazuen ero samarra izango zenaren traza jokatzen hasi aurretik. Batez ere, Celtak erasora jokatzeko duen moldeagatik, jokalari askorekin jotzen baitu gora, atzealdean zuloak utziz. Realak atera zuen hamaikakoak sua harrotzeko bidea ireki besterik ez zuen egin, Imanolek batera jarri zituelako Januzaj, Portu, Isak eta Carlos Fernandez, euskarriak Gebara eta Guridi zirela. Eta bai, ero hasi zen partida. Horrelakoa izan zen lehen zatia.

Paseak elkarri kateatu ezinda aritu ziren bi taldeak. Normala ere bai, hain bizi jokatuta. Kontua da Celtak sartu zuela lehen gola, 22. minutuan, Hugo Mallok buruz korner batean. Berehala erantzun zion Realak, Portuk eraso bizi batean berdindu egin zuelako. 25. minutuan gertatu zen. Handik lau minutura, penaltia hutsegin zuen Isakek, gero Januzaj-k egin ez zuena hamar minutu geroago. Irauli egin zuen emaitza Realak, Celtak utzitako zuloak baliatuz, Carlos Fernandez punta-erdi lanetan dotore ari zela, eta aldea handitzeko moduan ere izan zen. Baina 2-1ekoarekin joan ziren atsedenaldira.

Realak ikusi zuen partidak kontrol gehiago behar zuela, eta lehen zatian baino gorago sakatzen hasi zitzaion Celtari. Galiziarrak Remiroren atetik urrun ziren, eta etxekoak, aldiz, gertu Ivan Villarren atetik. Portuk zutoinera bota zuen, eta horixe izan aukera garbiena. Baina emaitza ez zen aldatu, eta pixkanaka, galiziarrak baloiaren jabe eginez gorantz hasi ziren. Aukera garbirik sortu gabe.

Bosgarren lekuaren jabe egin da berriz ere Reala, eta bere esku du Europa ligan aritzea. Azkeneko sei partidetan kale ez egitea nahikoa du. Aukera ederra du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.