Urrizaren lurraldean

Iruindarra da faborito gaur, buruz buruko Kutxabank torneoko finalean. Barrenetxea IV.a jokoa nahastuz saiatuko da ezustekoa ematen

Barrenetxea IV.a, saskiarekin, eta Urriza, aurrean, iragan asteartean eginiko pilota aukeraketan. MAIALEN ANDRES / ORIAMENDI.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Inor ez da ohitzen finalak jokatzera. Ezinezkoa da. Urte osoa egun handietarako prestatzen igarotzen duzu. Finalak hobeto kudeatzen ikas dezakezu, baina ohitzea ezinezkoa da». Javi Urrizak (Iruñea, 1981) horrela deskribatu zuen iragan asteartean gaurko finalaren bezperetan sentitzen zuena. Haren ibilbidea ikusita, kosta egiten da sinestea, baina kirio horiek onartzeak hezur haragizko bihurtzen dute. Izan ere, gaur, buruz buruko Kutxabank erremonte torneoko finala jokatuko du zortzigarren urtez, eta, beste behin ere, bera da faborito. Zazpigarren txapelaren bila ariko da Urriza. Endika Barrenetxea aurkariak (Hernani, Gipuzkoa, 1990), aldiz, aurrenekoa nahi du.

54 metroko pilotaleku batean buruz buru aritzea tortura mota ederrenetako bat da. Are gehiago, erremontean bezala, piloteoan arnasa hartzeko tarterik ez badago. Eta kalbario hori inor gutxik bezain ondo jasaten du Urrizak. Ez dira hitz hutsak, buruz buruko txapel gehien irabazi dituzten pilotarietan bigarrena baita. Hala ere, pixka bat urrun du oraindik Koteto Ezkurrak osaturiko 11 txapeleko bilduma.

38 urte ditu Urrizak, eta, binaka garai bateko alderik markatzen ez duen arren, buruz buru ez du parekorik. Azken lau txapelak jarraian irabazi ditu, finaletan nagusitasunez gailenduz. Txapel bilduma, baina, ez da Urriza faborito izatearen argudio bakarra. Aurtengo txapelketan hiru partida jokatu ditu, eta hirurak alde handiz irabazi ditu: 30-18 Ansa II.ari; 30-22 Endikari; eta 30-20 Barrenetxea IV.ari.

Aurrekarien analisiak ia ezinezko bihurtzen du Barrenetxeak ezustekoa ematea, baina horrek ez du atzelari gaztea kikiltzen. «Finalerdietako partidan ere inor gutxik espero zuen nik irabaztea. Zergatik ez dut beste ezusteko bat emango?», galdetu zuen pilota aukeraketan. Izan ere, ligaxkako azken partidan Urrizaren aurka galdu ondoren, iragan astean 30-25 irabazi zion Endikari, atzetik aurrera eginda.

Barrenetxeak Urrizak baino eskarmentu gutxiago du. Gaurkoa buruz buruko bigarren finala du, eta aurrekoan, 2016an, 30-21 galdu zuen, Urrizaren kontra. Egun hartan ezer gutxi egin ahal izan zuen, baina Barrenetxeak jauzi handia eman du harrez geroztik. «Oriamendiko koadroko pilotaririk profesionalena da», aitortu dio aste honetan Urrizak. Atzelariak bilakaera fisiko handia izan du, eta ahaztua du duela urte gutxi hamalau kilo galtzera eraman zuen hesteetako gaitza. «Finala ez irabaztea porrota litzateke», adierazi du, eta ondo pentsatua du gaur nola jokatu. «Jokoa nahasten saiatuko naiz, gauza ezberdinak egiten. Lau sake mota ezberdin egin ditzaket. Urrizak nondik irtengo natzaion ez jakitea nahi dut». Giro oso ona espero da Galarretako harmailetan. Urteko egunik garrantzitsuena da erremonte zaleentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.