Errealitate bat da

Aurkeztu dute Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena. Akordioaren garrantzia nabarmendu dute alde guztiek

Lan hitzarmenaren aurkezpen ekitaldia, atzo, Espainiako Kongresuan. J.J. GILLEN / EFE.
ainara arratibel gascon
2020ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Lan hitzarmen hau emakumeen futbolaren etorkizunerako lehen zutarria da». Hunkituta eta eskertuta mintzatu zen atzo Ainhoa Tirapu Athleticeko atezaina, Espainiako Ligako emakume futbolarien lehen lan hitzarmenaren aurkezpenean. «Hilabete hauetan niri egokitu zait jokalarien bozeramaile izatea, eta jende askok esan dit oso ausarta naizela. Baina ausartagoak dira nik ditudan lan baldintzak baino okerragoak izan eta borroka honetan amore eman ez duten futbolariek. Eredu dira».

Herenegun sinatu eta gero, Espainiako Kongresuan aurkeztu zuten atzo lan hitzarmena. Urtebete pasako borroka izan dute futbolariek. Izan ere, 2018an hasi zituzten negoziazioak, eta greba bat ere egin zuten beren lan eskubideak aitortuak izateko. Azkenean, astelehenean, telebista eskubideengatik eta zelaietan dauden publizitate estatikoa kudeatzeagatik klubei 100.000 euro ematea onartu zuen Mediaprok, eta horrek ahalbidetu du egoera bideratzea.

Lan hitzarmenean abenduan Kluben Elkarteak eta sindikatuek adostutako akordiorako oinarriak jasotzen dira. Horren arabera, jardun osoko kontratua duten futbolariek 16.000 euroko gutxieneko soldata izango dute urtean; %75ekoa dutenek, berriz, 12.000 eurokoa. Lan jazarpenerako eta haurdunaldi kasuetarako protokolo bana ere jasotzen ditu. Gainera, amatasunerako 600 euroren laguntzak aurreikusten ditu. Oporrak ere arautzen dira. Horren arabera, jokalariek 30 eguneko oporraldia izango dute. Opor horiek udan egingo dituzte, eta jarraian. Gainera, Eguberrietan etena izango da.

Lan hitzarmenak atzerako eragina du, eta ekainaren 30era arteko iraupena izango du. Iraungi baino hiru hilabete lehenago bi aldeetako batek salaketa jar dezake. Gainontzean, beste urtebeterako luzatuko da. Salaketa egonez gero, eutsi egingo zaie hitzarmenean jasotzen diren baldintzei, beste bat adostu arte. Hitzarmen berrian jasoko diren baldintzak gutxienez indarrean daudenen berdinak izango dira.

Hilabete hauetan erakutsi duten «batasuna» nabarmendu du Tirapuk. «Oso harro nago horretaz». Baina arantza bat geratu zaio: «Akordioa lehenago lortzea nahi genuen, eta pena dut negoziazioek iraun duten denboran min hartu, eta soldata duin bat ez duten jokalariengatik; kotizazio hilabeteak galdu dituztenengatik edo eta lan eskubideak urratuak izan dituzten jokalariengatik».

AFE futbolariensindikatuko buru David Aganzok jokalariek erakutsitako «ausardia eta umiltasuna» nabarmendu zituen. «Prozesu luzea eta gogorra izan da. Baina lan hitzarmen hau historikoa da, eta berdintasunaren eta justiziaren erakusle da. Borrokan jarraituko dugu bide horretan».

Kluben elkarteko Ruben Alcainek onartu zuen «asko» kostatu dela akordioa lortzea. «Baina pozik gaude, eta oso eskertuta lan hitzarmen hau posible egin duten guztiekin». Tirapuren antzera, espero du etorkizunari begira «zutarri garrantzitsua» izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.