Final baten kutsua dauka

Eibarrek gaur Ipuruan Rayori irabazten badio, eskura izango du maila ziurtatzea. Mendilibarrek hemezortzi jokalari soilik ditu

Aitor Manterola Garate.
2019ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Finalak galdu edo irabazi egiten dira, eta irabazteko jokatu. Kale edo bale; ez da beste aukerarik izaten. Eibarrek gaur Ipuruan Rayo Vallecanoren aurka jokatu behar duen partidak badu halako kutsua. Ez da azkena, beste zortzi geratuko baitira ondoren, baina etxekoek aukera paregabea daukate sasoiko helburua ia behin betiko lortzeko. Irabaziz gero, ia ziurtzat jo ahal izango da Espainiako Lehen Mailan jarraituko duela. Horretaz mintzatu zen atzo Jose Luis Mendilibar: «Irabazten badugu, urrats oso garrantzitsu bat egingo dugu nahi dugun hori lortzeko bidean».

Orain, Eibarrek zortzi punturen aldea ateratzen dio Celtari, eta galiziarrak dira jaitsiko liratekeen azkenak. Rayo, gaurko aurkaria, atzerago dago, eibartarrek baino hamabi puntu gutxiagorekin, eta gaurko garaipenak hamabost puntura utziko luke. Ez hori bakarrik: Eibar 39 puntura helduko litzateke, eta, atzo Mendilibarrek esan zuenez, «zaila» izango da azken hiru taldeetako bat 38 puntura heltzea. Beraz, zenbakiek berresten dute gaurkoak baduela finaletik. Bada, Eibarrek irabazi egin behar du final hau.

Daukanarekin egin beharko du hori, hemezortzi jokalari bakarrik baitaude jokatzeko moduan lesioen eta zigorren eraginez. Arbilla, Bigas eta Calavera minez daude, eta Cucurella, zigortuta, txartelak pilatzeagatik. Taldeak igandean partida izan zuenez eta datorren larunbatean ere beste bat izango duenez —Real Madrilen aurka, kanpoan—, entrenatzaileak iragarri zuen aldaketaren bat edo beste izango zela hamaikakoan. Adibidez, Pape Diop ez zen izan Levanteren aurka aritzeko moduan, eta deialdian da; baliteke lekua izatea hamaikakoan.

Partidari aldez aurretik begiratuz gero, ematen du Eibarrek berea egiten badu aukera asko izango dituela garaipena lortzeko. Baina egin egin behar. Izan ere, azkenaldian makalago aritu da etxeko partidetan, aurretik izan zuen joko bizia harrapatu ezinda.Jokoan ez zaie nagusitu aurkariei, lehen egiten zuen bezala, eta, ezer baino lehen, jokoa berreskuratu beharko du, gaurko aurkaria menderatzeko eta ahalik eta erosoen jokatzeko.

Rayon bada aldaketa handi bat: Paco Jemez entrenatzailea itzuli da. Aurreko igandean zuen estreinakoa, eta berdindu egin zuen Betisen aurka, etxean. Mendilibarrek ezberdintasun handi bat ikusten du Rayo honen eta duela urte batzuk Jemezek zuzendu zuenaren artean: ez duela horrenbeste arriskatzen. «Orain arrisku gutxiago hartzen dituzte atzean; zuzenago jokatzen dute, baloia azkar goian jarri nahian, eta, alde horretatik, zaila izango da haiek ezustean harrapatzea».

EIBAR-RAYO VALLECANO

Eibar. Dmitrovic; Peña, Oliveira, Ramis, Jose Angel; Orellana, Diop, Jordan, Cardona; Enrich eta Charles.

Rayo Vallecano. Dimitrievski; Advincula, Ba, Amat, Alex Moreno; Mario Suarez, Medran; Embarba, Trejo, Bebe; eta De Tomas.

Epailea. Undiano Mallenco.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 20:30ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.