Aurkari ezagunak ditu

Eurokopako ligaxkako lehen neurketa du gaur Gernikak, Perfumerias Avenidaren pabiloian; bizkaitarrek «gogotsu» ekingo diote txapelketari

Margaret Roundtree barneraketa bat egiten, aurreko sasoian, Perfumeriasen kontrako lehia batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak gaur ekingo dio sasoi honetako bideari Eurokopako ligaxkan. Mario Lopezen taldea F multzoan lehiatuko da, eta bertan izango dituen hiru kontrarioetatik bi aski ezagunak zaizkio: Perfumerias Avenida eta Uni Gyor. Beste aurkaria Olivais izango da. Itziar Ariztimuño jokalariak nabarmendu du «gogotsu» daudela txapelketari heltzeko. «Pilatutako eskarmentuarekin beste urrats bat egin nahiko genuke Eurokopan, eta azkeneraino lehiatuko gara hori lortu ahal izateko».

Perfumerias Avenidaren pabiloian izango dute lehen neurketa bizkaitarrek, gaur, 20:30ean. Espainiako Ohorezko Mailan dozenaka aldiz jokatu dute haren kontra. «Erasoan eta defentsan asko estutzen du taldeak. Puntu asko sartzen dituzten jokalariak ditu, gainera. Irabazteko, 40 minutuetan zehar lehiatu beharko dugu ondo. Izan ere, nahikoa dute aurkariak pare bat minutuz arreta galtzea, norgehiagoka guztiz erabakita uzteko. Adi egon beharko dugu, ez baitute barkatzen». Harago doa Ariztimuño. «Multzoko aurreneko lekuan sailkatzeko faboritoa da».

Denboraldi hasieran «oso ondo» ikusi du Espainiako taldea. «Aldaketak egin dituen arren, betiko Perfumerias aseezina ikusi da». Asteburuan erakutsi zuen hori, garaipen ikusgarria lortu baitzuen Cadi la Seuren pabiloian: 37-73. Datuak esanguratsuak dira. Lehen lau jardunaldietan puntu gehien sartu dituen taldea da:318 —batez beste 79,5 partidako—.Gainera, Gironaren atzetik puntu gutxien jaso dituen bigarren taldea da :189 —lehiako, 47,5 batez beste—.

Renara Hayes eta Evelyn Akhator dira taldeko izarrak. Orain arte hamahiru puntu sartu dituzte batez beste partidako. Horrekin batera, Andrea Vilaroren gisako jaurtitzaile petoak dauzka. Aurreko sasoian Cadi la Seun nabarmendu eta gero, Perfumeriasen ari da orain Vilaro.

Baina, horien gainetik, aurrez aurre izango duen jokalari baten izena nabarmendu du Ariztimuñok: Silvia Dominguezena. «Europako joko antolatzailerik onenetako bat da, eta taldearen iparrorratza. Ahalmen handia du bere taldeari komeni zaion erritmoa ezartzeko partidei, eta, hori lortzen badu, are aukera gutxiago izango ditugu irabazteko».

Denboraldi askotan Euroligan jokatu eta gero, Perfumeriasek aurreko sasoian Ligako finala galdu zuen, ezustean, Gironaren kontra. Horregatik ari da lehiatzen orain Eurokopan. «Nik uste dut txapelketa irabazteko hautagaien artean dagoela, eta ziur nago are amorru handiagoz lehiatuko direla jokalariak».

Uni Gyor ere ondo ezagutzen dute. Aurreko denboraldian aurkari izan zuten ligaxkan Hungariako taldea. Malosten, Mario Lopezen taldea izan zen nagusi: 79-67. Gyorrek, berriz, etxean irabazi zuen: 79-61. «Talde indartsua da, batez ere etxean». Antzera mintzatu da Oliviasen inguruan. «Multzoko talderik ahulena dirudi Portugalgo taldeak, baina ez gara fio. Ezin da ezer jakintzat eman, eta gu ere ezustea ematen ahaleginduko gara».

Aurreko sasoian final-hamaseirenak jokatzeko urrats batera geratu ziren bizkaitarrak. Etxean, partida handia jokatuta, 84-69 hartu zuten mendean Galatasaray. Baina itzulian amore eman behar izan zuten Turkiako infernuan. 76-58 galdu, eta txapelketatik at geratu ziren. «Zaila izango da, baina gutxienez aurreko sasoikoa berdindu nahiko genuke, eta beste pauso bat eman Europan lehiatzeko gaitasunean».

Pilatu duten eskarmentua kontuan hartuta, taldea «prestatuago» ikusten du orain Europan lehiatzeko. «Duela bi denboraldi jokatu genuen estreinakoz Europan, eta kosta egin zitzaigun astean bi norgehiagoka jokatzera ohitzea. Aurreko sasoian, berriz, hobeto moldatu ginen. Taldeak egokiago kudeatzen du nekea, eta hori funtsezkoa da egutegia estutzen denean».

Denboraldi hasiera «ona»

Horrekin batera, dituzten indarguneak aprobetxatzea izango da gakoa, Ariztimuñoren arabera. «Defentsan oso ondo aritu behar dugu, laguntzetan asmatu, eta erasoan ditugun aukerak baliatu». Arlo horietan taldea ondo ikusi du denboraldi hasieran. «Jokalari berriak etorri dira, eta egokituz goazela ikusten da. Partidaz partida, gure jokoa landuagoa eta hobeagoa izaten ari da. Hori da inportanteena»

«Pena» izan zen Teneriferenaurkako neurketak azken unean egin ziela ihes. «Partida eskura izan genuen, baina erasoko azken jokaldietan ez genuen asmatu. Halakoek ikasteko eta hobetzeko balio izan behar digute».

Fitxaketa berriek ekarpena nabarmendu du. «Asko ari zaizkigu ematen, eta bide horretatik jarraitu behar dute». Besteak beste, Julie Wojta eta Blake Dietrick jokalari baliotsuenen zerrendan daude ligan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.