Aurkari ezaguna bisitan

Gernikak Gyor hartuko du gaur, Eurokopako ligaxkako bigarren lehian. Iaz bitan jokatu zuten ligaxkan, eta beti irabazi zuen etxean aritu zenak

Gernikako jokalariak, elkarrekin, IDKren aurka jokatutako Euskal Koparen finalerdian. LOINTEK GERNIKA.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Lointek Gernika Bizkaiak gaur jokatuko du Eurokopako lehen ligaxkako bigarren partida, Malosten, Uni Gyor Hungariako taldearen aurka (20:00, ETB4). Bigarren partida izanagatik, garrantzitsua izan daiteke sailkapenari begira. Izan ere, Perfumerias Avenida Espainiako taldea koska bat gorago dagoela kontuan hartuta, Gyor da itxuraz bizkaitarren aurkari nagusia Eurokopan aurrera egiteko.

Gernikak eta Gyorrek neurketa bat jokatu dute jada ligaxkan, eta oso bestelako emaitza lortu dute: gernikarrek lanak eman zizkioten Perfumerias Avenidari, baina azkenean galdu egin zuten, 62-59; hungariarrek, aldiz, nagusitasunez irabazi zioten Olivais Portugalgo taldeari, 76-62. Hala, Gyor da F multzoko lehen sailkatua, eta Gernika, hirugarrena.

Bi taldeok badute elkarren berri, joan den sasoian ere multzo berean aritu baitziren. Bitan jokatu zuten elkarren aurka, eta bakoitzak partida bat irabazi zuen. Hain zuzen, etxean aritu zena gailendu zen bietan: Gernika-Lumon (Bizkaia), 79-67 nagusitu ziren bizkaitarrak, eta Gyorren, 79-61 hungariarrak. Gernika sailkatu zen kanporaketarako. Bigarren izan zen, bederatzi punturekin—Girona izan zen lehena, hamabi punturekin—, eta Gyor hirugarren, puntu bat gutxiagorekin.

Asko aldatu da Gyor

Ia urtebete joan da ordutik, eta Hungariako taldeak apenas duen antzik ordukoarekin. Entrenatzaile bera du, Milos Pavovlic serbiarra, baina hark ia talde berria du bere esanetara. Hiru jokalarik bakarrik jarraitzen dute: Zsofiua Vargak, Agnes Torokek eta Timea Czankek. Beste bederatziak, ordea, aurten ailegatu dira. Jokalari berri horiek dira, hain zuzen, taldearen bizkarrezurra orain. Zofia Hruscakova pibot eslovakiarra da horietako bat. Bikain aritu zen lehen partidan: hemezortzi puntu sartu zituen, eta sei errebote jaso. Bi jokalari antolatzaileak ere nabarmendu ziren: Sandra Ygueravide valentziarra —hamabi puntu eta zortzi asistentzia— eta Klaudia Papp hungariarra —11 puntu eta zortzi asistentzia—. Reka Dombai eta Panka Dul eskoltak ere aintzat hartzekoak dira. Alicia Devaughn ere ari da, duela bi sasoi Gernikan denbora gutxi bat egin zuena.

Bi estiloren arteko lehia izango da: Gernikak bizi jokatu nahiko du, eta Gyorrek lasai. Bere jokoa inposatzen duenak asko izango du egina. Etxekoek beren zaleen aurrean jokatuko dutela baliatu nahi dute, baita sasoia ondo hasi izanak emandako indarra ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.