Gasteizko jaiak

Harri, larru, egur... eta rock

Jaietako gune nagusietako bat da Foru plaza: herri kirolak eta musika kontzertuak uztartzen dituzte egunero han, goizean goizetik hasi eta gaueko ordu txikiak arte.

Harri, larru, egur... eta rock.
aitor biain
Gasteiz
2018ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Berezia da Gasteizko Foru plaza. Badu erakargarria bezain liluragarria den zerbait. Hiriaren bihotzean, tradizioa eta modernitatea uztartzen dituen plaza da, zulo bat, salbuespen bat. Harria du protagonista urteko egunik gehienetan, baina, tarteka, larrua eta egurra ere izaten ditu lagun. Gasteizko jaietan, zehatz esateko. Izan ere, gutxi dira herri kiroletarako espresuki egokitutako plazak dituzten herriak, eta are gutxiago euskal hiriak.

Harria eta larrua izan dira protagonista goizean lehenbizi. Jaietan egunero egin bezala, Andre Maria Zuriaren gazte eta afizionatu mailetako pilota txapelketako partidak jokatu baitira. Urtzi Jausoro eta Alex Sueiro pilotari gazteek jokatu dute aurreneko partida: 10:30ean hasi da lau eta erdiko finala, eta harmailak leporaino beteta zeuden ordurako. Eguzkitan ziren geratzen ziren toki apurrak, baina inork ez zituen nahi: «Ez al zuen, bada, eguraldi txarra egin behar?», entzun da halako batean harmailaren goiko aldetik. Tanto laburrak jokatu dituzte partidaren hasieran; gehiago gozatu dute bigarren zatian. Sueiro berehala jarri da aurretik markagailuan, eta ez dio aukerarik eman Zaramaga pilota elkarteko gazteari. Amaieran, 17 eta 22: txapela, Sueirorentzat.

«Zer du pilotak barruan? Egurraren antzeko soinua ateratzen du pareta jotzen duenean», galdetu du Antonio Lopezek. Andaluziatik etorri da bisitan, eta harrituta geratu da pilota bertatik bertara ikustean. «Eta zer da eskuetan jarria dutena? Zertarako balio du?», jarraitu du galdezka. Jose Mari Alonsok erantzun dizkio bisitariari hark zituen kezka guztiak. Eta arreta handiz entzun ditu azalpenak.

Emakumeen txanda izan da ondoren. Lau eta erdiko kanporaketa jokatu dute Patri Espinarrek eta Maite Ruiz de Larramendik. Partida orekatua izan da oso, eta ikuskizun ederra eman dute bi pilotariek; txalo artean zoriondu dituzte ikusleek behin baino gehiagotan. Partida Espinarren alde amaitu da: 22-15. Munduko txapelduna da Galdakaoko (Bizkaia) pilotaria.

Larruak egurrari eman dio lekukoa eguerdian. Eguzkiak gogor jotzen du une horretan, eta tenperatura 30 graduren bueltan da. Majo izerditu dira Andre Maria Zuriaren txapelketa jokatu duten lau aizkolariak: Ugaitz Mugerza, Aitzol Atutxa, Arkaitz Jauregi eta Eloy Corchero aritu dira nor baino nor. Jendetza bildu da Foru plazan aizkolarien jarduna ikusteko. Mugerza-Jauregi bikoteak jantzi du txapela azkenean.

Lantzean behin, harriak harria ere izaten du lagun. Aizkolariekin batera, harri jasotzaileak ere izan baitira Foru plazan. Harri biribilari nork buelta gehiago eman aritu dira, tartean, Joseba eta Udane Ostolaza aita-alabak. Ikuskizun aparta eskaini du Idoia Etxeberria Ikutzak ere. Hilabete da Euskal Herriko txapela hirugarren aldiz jantzi eta erretiroa hartu zuela. Herri kirolen plazan izan du azken jardunetako bat.

Musikaren plaza

Foru plaza itxuraldatu egiten da eguzkia ezkutatzearekin batera. Eta harriak rock doinuekin egiten du dar-dar ilargipean; izan ere, udalak antolatzen dituen kontzertu nagusien agertoki bilakatzen da plaza. Vendetta taldearen kontzertua izan da gauean. Agurreko kontzertu biran sartua da taldea, eta, agertokietatik jaitsi aurretik, zuzenean ikusteko azken aukera izan da askorentzat.

Aurretik, halere, Marky Ramone musikari entzutetsuak igo dira plazako agertokira. Ramones talde mitikoaren bateria jotzaile izan zen taldearen ibilbideko lehen eta azken zatietan. Egun, 66 urte izanagatik ere, harria bera baino gogorragoa dela erakutsi du Foru plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.