Esnatzeko, derbia

Anaitasunak eta Bidasoak elkarren aurka jokatuko dute gaur, Iruñean (16:15, ETB1). Neguko etenaren osteko lehen partida dute biek

Anaitasunako bi jokalari Leo Renaud-David Bidasoakoa heltzen, lehen itzuliko partidan. ANDONI CANELLADA/ FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Asobal liga gaur esnatuko da berriz, neguko hibernazioaren ondoren. Gizonezkoen liga sei astez egon da geldirik Munduko Txapelketaren eraginez, eta bi euskal taldeek elkarren aurka jokatuz berrekingo diote bideari. Helvetia Anaitasunak Arrosadian hartuko du Bidasoa (16:15), eta derbi orekatua espero da, sailkapeneko aldeak ulertzera eman dezakeen baino orekatuagoa.

«Itzuli bakoitzeko lehen partidak tentsio handikoak izaten dira, presaka jokaturikoak eta huts askokoak», aurreratu zuen atzo Jacobo Cuetara Bidasoaren entrenatzaileak. Ondo argudiatu zuen, eta ulertzekoa da, etenaldi hain luzearen ondoren taldeak ia zerotik hasten direlako. Ez da metafora bat. Azkenekoz, abenduaren 12an jokatu zuten, eta denboraldi-aurre txikiak egiten dituzte Gabonetatik aurrera.

Bi taldeen artean bederatzi posturen aldea dago sailkapenean, baina, puntu kopuruari begiratuta, bost baino ez dira. Bi taldeen inertziak ere ezberdinak dira. Bidasoak lehen itzuli ikusgarria egin zuen, «ligako ezuste handiena», Iñaki Aniz Anaitasunako entrenatzailearen ustez, baina oso justu iritsi zen abendura. Irungo taldeak jokaturiko azken bi partidak galdu zituen, Cuenca eta Logroñoren aurka, hurrenez hurren, eta etena une egokian iritsi zitzaion hutsarte bat eskatu eta berrindartzeko.

Anaitasunari, aldiz, aurkakoa gertatu zitzaion, behetik gora ari zela iritsi baitzen etena. «Egunez egun, konfiantza eta mentalitatea hartuz joan gara. Erregulartasuna lortu dugu, eta ondo iritsi gara bigarren itzuliaren hasierara», esan zuen Anizek. Ez da gutxiagorako; lehen zazpi jardunaldietan, lau puntu baino ez zituen lortu, eta hurrengo zortzietan, hamar. Erreakzioak jaitsieratik aldendu zuen Iruñeko taldea, eta, bide batez, aldagelako giroa lasaitu.

Lehen itzuliko derbia Bidasoak irabazi zuen (26-24), baina Irungo taldeak ia ez du oroitzapen onik Arrosadian. Bertan jokaturiko azken hiru partidak galdu ditu, baina, iragan sasoian, irabaztear ibili zen (23-24). Lehen itzuliko partidan, Rudy Sero albokoa nabarmendu zen, bederatzi gol sartuta, eta gaur itzuliko da taldera, hainbat lesio txikiren ondoren.

Anaitasunak, berriz, Mikel Arrizabalaga berreskuratuko du. Abuztuan lesio larria izan zuen ezker hankako perone hezurrean, eta, hartaz geroztik, geldirik egon da. Anizek, dena den, ohartarazi du albokoa oraindik ez dagoela sasoi betean.

Zuazo, lasaitasunaren bila

Zuazok ere gaur jokatuko du ligako partida, etxean, Morvedreren aurka (20:00). Aurkaria da jaitsiera postuen langa ezartzen duen taldeetako bat, eta, hari irabazten badio, Zuazo jaitsieratik zazpi puntura egongo da; nahikoa ligako bigarren itzulia lasai jokatu eta gora begira jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.