Sanjoseak Bakion

Ahoa busti aitzin, topa

Bakioko txakolinaren 2018ko uzta aurkeztuko dute gaur San Jose eguneko azokan. Hiru upategik 130.000 litro ekoitzi dituzte guztira

Txakolinaren uzta berriaren aurkezpenak jende andana batzen du urtero Bakion. BERRIA.
Zihara Jainaga Larrinaga.
2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Neguaren azken txanpan, udaberria iristearekin batera, urteko txakolinaren uzta berriak lehen agerpena egiten du urtero Bakioko San Jose eguneko azokan (Bizkaia). Jai eguna izanik, espero da gaurkoan jendea bertaratuko dela Bizkaiko kostaldeko herrira.

Bakioko turismo bulegoak emandako datuen arabera, joan den urte hasiera ohi baino euritsuagoa izanak eragin zuzena izan zuen mahastien loraldian, eta, horren ondorioz, aurtengo txakolina egiteko beharrezko mahats aleak txikiagoak izan dira. Euriteak ia udan sartu arte luzatu ziren; udak, baina, ohi bezalako garapena izan zuen, eta iraileko hirugarren astean hego-haizea sartu zen. Horiek horrela, mahatsa baldintza egokietan umotu zen, eta ekoizleek adierazi dute gustura daudela jasotakoarekin.

Iazko uztako botilari kortxoa ofizialki kentzeko eguna izango da gaurkoa. Lau etxek produzitzen dute Bakioko Bizkaiko Txakolina izena duen ardoa: Abiok, Gorrondonak, Zabalak eta Basartek. Azken horrek, baina, ez zuen uztarik ekoitzi iaz, eta ez dira izango gaurko azokan. Gainontzeko hirurek 129.874 litro ekoitzi dituzte iazko uztarekin, eta lau txakolin mota ekoitzi dituzte. Txakolin zuria gehien, 118.200 litro, eta beste hirurak, askoz gutxiago: berezia (aparduna), 6.000 litro; beltza, 5.474 litro; eta gorria, 200 litro. Aurreko urteko datuekin alderatuz, litro kopuruak behera egin du. Azaldu dutenez, joan den urtean euriteek eragindako luiziek eta mahastien etekin txikiak kalte egin diete Bizkaiko eremu goiztiarrei; Bakio da eremu horietako bat.

Bestalde, adituek zehaztu dute inguruko upeltegietan ekoitzitako aurtengo muztioak usain garbikoak direla; etekin txikiagoko lursailetan hazitako mahatsek, aldiz, alkohol graduazio altuagoa dute, gaineratu dutenez, etan horrez gain, neurriko garraztasuna dute. Bestalde, diotenez, 2018ko uzta gordetzeko modukoa izango da, eta eboluzio ona izango du denboran.

Txakolinaz beste

Urtero, Bakioko San Jose jaietan, antolatzaileek txakolinaren aitabitxi edo amabitxi bat aukeratzen dute. Aurtengoa Onintza Enbeita bertsolaria izango da, 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazlea, hain zuzen ere. Bakioko herritarrek proposatu zuten bertsolaria. 13:00etan izango da ekitaldia nagusia, eta, amabitxiak txakolin berria dastatu aurretik, guztiek batera egingo dute topa, kopak altxatuta.

Txakolinarekin mokadu bat ahoratu gura duenak aukera izango du 10:30etik aurrera, karpako erakusmahaietan: gazta, Urdaibaiko produktuak, ogi ekologikoa, txerrikiak... Horrez gain, 12:00etan Artxandako Txakoli Simon jatetxeko Oscar Garcia txakolin gorriz egindako sukalkia prestatzen ibiliko da goizean goizetik. Txistularien doinuek alaituko dute atsedenaldia. Umeek pottokan ibiltzeko aukera ere izango dute goizean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.