Hegaluzea: itsasotik ahosabaira

Hegaluzearen denboraldia abiatu berri da. Oraindik goiz bada ere, sasoi «ona» hasi dutela diote arrantzaleek; salatu dute arrantza eskubideetan ere «espekulazioa» dagoela.

Richard Ubera arrantzale erretiratuak ezkor ikusten du arrantzaren bilakera. A. M.
Ainize Madariaga
2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Abiatua da hegaluzearen sasoia, duela hamar bat egun. Ziburuko portuan (Lapurdi) bi ontzi pelagikoek erakutsi dute beren burua: Saint Jean Priez pour Nous eta Sanaga. Haietatik deskargatu dituzte ehunka atunzuri, dirdira handiko aho-okerrak. Haien urdina nekez bereiz daiteke zeru nabarretik.

Mokofinek hainbertze estimatzen duten platerera heltzeko, hegaluzeak bide egin du: maiatzean hasten da espeziea Coruña (Galizia) eskualdetik migratzen, hortik ur-laster batek Irlandara darama, eta bertzeak, Bizkaiko golkora.

«Oraingo arrantzak ez du deus ikustekorik duela 50 urte egiten genuenarekin. Orduan, laborantzan bezala, arrantzontziek sasoika lan egiten genuen: lehenik sardina, gero antxoa, atunzuria eta atun gorria. Tamalez, kapitalismoak denona den natur baliabidea pribatizatu digu. Arrantzaren finantzaketaren garaian gaude. Arranguratua naiz gure ondokoendako», xehatu du Richard Ubera esperientzia handiko arrantzale ziburutarrak.

Izan ere, lurra arrantza eskubideekin alderatu du: arrantzontzi bakoitzak bere arrantza eskubideak ditu. Afera da multinazionalek ontzi zaharrak erosi bai, baina berriztu gabe arrantza eskubideak metatzen dituztela. Hala, arrasteontzi handiez, arrantzale xumeei leku guztia kentzen diete. «Gero eta gehiago espezializatu behar izan gara: aniztasunetik arrantza bakarrera, baina inposatua izan zaigu. Lehen, sasoi bateko arrantza ez bazen biziki emankorra izan, ondokoak orekatzen zigun. Orain, ordea, bakarra baduzueta hori ez bazaizu ongi abian, zureak egin du! Gazteak ezin abiatuz ari dira», gehitu du Uberak.

Funtsean, arazoa politikoa dela laburbildu du: «Frantziak Bretainiari eman dio lehentasun osoa, ministroa hangoa baitzen; Hendaiako portua ito dute, eta Donibane Lohizune-Ziburukoan ez da kasik deus gelditzen. Deslokalizazioa da: potoloenek txikienak irensten dituzte».

Oroitzen da hondasare arrantzan ari zirelarik barkuan 14 lagunek egiten zutela lan, 11 tona hegaluze portura ekarriz; lan «konplikatua» zen.

Arrantzaren arantza

Gisa horretako barkuak, oraingo egunean, ez dira hamar bat baizik gelditzen Donibane Lohizune-Ziburuko portuan; bakoitzak bizpahiru arrantzale daramatza, eta hamabi metro luze dira gehienez. Ontzi pelagikoak lau dira, binaka lan egiten baitute; bien artean sare zabala herrestan daramate, tarteko guzia irentsiz. Horietan bospasei langile ari dira lanean, eta badituzte jada bi ateraldi eginik.

David Milly Lapurdiko arrantzaleen erakundeko zuzendariak dio arras ongi abiatu dela sasoia: «Gutxienez iaz bezain ongi; hola segituz, kuota ez da aski izanen. Dena den, ezin da erran zer gertatuko den, baliteke bi asteko etena izatea, ezin baita aitzinetik jakin hegaluzeak nora joko duen. Horregatik, barkuak biziki higikorrak dira, mugimendua segitzeko». Hendaiatik Arcachoneraino 1.000 tona hegaluze arrantzatzeko kuota dute, baina iaz, konparazione, hain zuten sasoi emankorra izan, non irailerako jada kuotara heldu baitziren eta arrantzatzeari utzi behar izan baitzioten.

Ismael Ituarterentzat, atunzuriaren denboraldia ez da «hain ondo» hasi. Izan ere, ekainaren 21ean atera dira aurten lehen aldiz hegaluzeetara Ondarroako portutik (Bizkaia), eta herenegun itzuli, Ongi etorri txalupako makinak arazo bat ukan baitu.

Bart atera da berriz ere hamabost laguneko tripulazioa, beita biziaren bila, gaur, hegaluzeetara arrapartitzeko menturan. Banaka-banaka arrantzatzen dute hegaluzea, Ondarroatik 220 miliara urrunenik eta 50era hurbilenik, eguzkiz eguzki, gauez 6-7 orduz lo eginez: «Badakizu, ekainean eguna oso luzea da; beraz, lan asko eta lo gutxi!», azaldu du, irriz, Ituartek. Motorreko arazoarengatik, ez dute 5.000 kilo hegaluze «baizik» ekarri.

Dena den, aurten «sekula baino arinago» atera dira, antxoaren arrantzaren kuota lehenago bukatu baita, eta hegaluzea ere goizago jin. «Iaz historikoa izan zen: kuota abuztuaren 23rako amaitu zen! Normalean urrira arte egoten gara; pila bat egon zen! Aurten, denok pentsatzen genuen iaz bezala egongo zela, baina ez: bada, baina ez horrenbeste», gehitu du Ituartek.

Ongi etorri txalupak ibilbide oparoa du, martxo-apiriletan berdela arrantzatu baitu, udaberrian antxoa, eta orain hegaluzea; azaroan, sardina bila ateratzeko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.