Ederra izan da itzulera

Realak 3-2 irabazi dio Levanteri Zubietan. Etxekoak irabazten joan dira lehenbizi, galtzen gero, eta Ceciliak garaipena eman die 90. minutuan

Realeko jokalariak zaleekin garaipena ospatzen, atzo, Zubietan. REALA.
Julen Etxeberria - Ainara Arratibel Gascon
2020ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Aspaldikoz, Zubietan jokatu zuen atzo Realak, eta, aspaldikoz, zaleen babesean. Eta ederra izan zen itzulera. 3-2 irabazi zion talde txuri-urdinak Levante indartsuari, eta, horri esker, hasiera bikainari eutsi dio: bi neurketa jokatu ditu, eta bietan nagusitu da; hots, sei puntutatik sei lortu ditu. Gaurko neurketen zain, bigarren postuan dago sailkapenean, Bartzelona liderrarekin eta Athletic hirugarrenarekin berdinduta. Bi talde horiek gaur jokatuko dute hirugarren norgehiagoka.

Bikain hasi da Natalia Arroyo entrenatzailearen aldia, eta bikain hasi zen ere atzoko partida talde txuri-urdinarentzat: 22. minuturako aurretik zegoen. Nerea Eizagirrek sartu zuen gola, area barruan izandako aldaratze bat aprobetxatuta. Gola jasota, Levantek itsuan egin zuen aurrera. Ausart jokatu zuen, eta saria jaso zuen, lehen zatia amaitu baino lehen lortu baitzuen neurketari buelta ematea: 35. minutuan, Irene Guerrerok sartu zuen banakakoa, eta 45. minutuan, Esther Gonzalezek 1-2koa; biek buruz.

Txuri-urdinak burumakur joan ziren aldagelara, zigor handiegia jasota. Baina indarberrituta itzuli ziren, eta gero eta aukera garbiagoak sortzen hasi ziren. Arroyok aldaketak egin zituen, eta Kiana Palacios, Barbara Latorre eta Cecilia Marcos zelairatu zituen, Leire Baños, Sarriegi eta Gemma Gilen ordez. Eta bete-betean asmatu zuen: 77. minutuan, Latorrek binakoa egin zuen, Nuria Rabanok erdiratutako falta buruz errematatuta; eta 90. minutuan, lehia amaitzear zela, Ceciliak garaipenaren gola sartu zuen, Latorreren erdiraketa bigarren zutoinean sareratuta. Gol horrek eztanda eragin zuen, bai zelaian, baita harmailan ere.

Pozik zegoen Arroyo partida amaieran. «Polita izan da ikustea taldeak une oro sinetsi duela bere buruan, eta ez dela konformatu berdinketarekin, nahiz eta emaitza ona izan. Sentipen onak ari gara izaten hasiera honetan».

Athletic eta Eibar ere etxean

11:00etan jokatu zuen Realak atzo Levanteren kontra. Bada, beste bi euskal taldeek, Athleticek eta Eibarrek, ordu berean jokatuko dute gaur. Zuri-gorriek Betis hartuko dute, eta segida eman nahi diote liga hasiera onari: jokatutako bi neurketak irabazi dituzte. Betisek, ordea, biak galdu ditu; tartean, lehen jardunaldian Eibarren aurka jokatutakoa (0-1). Espainiako taldea atzean sartu ohi da, eta kontraerasoan dituen aukerak baliatzen ahalegintzen da, batez ere etxetik urrun ari denean.

Angel Villacamparen arabera,«partida zaila» izango da; batetik, hainbat jokalari baitituzte min hartuta edo kili-kolo; eta bestetik, Betisek «puntu premia» baitu, eta hori lortzeko «baliabideak» baititu.

Eibarrek ere modu ezin hobean hasi du sasoia. Talde igo berria izanda, poltsikoratzen duen puntu bakoitzak balio handia du mailari eusteko bidean. Nerea Gantxegi jokalariak argi zioen lehen partidaren atarian sasoia «maratoi moduko bat» izango zela. Bada, joan egon diren sei puntuetatik lau dauzka dagoeneko. 1-0 irabazi zion Betisi estreinakoan, eta iragan jardunaldian bina berdindu zuen, Levanteren zelai zailean.

Gaur Madril hartuko du. Iragan sasoian Espainiako taldea sailkapenaren erdi-behealdean egon zen. Partida atariko prentsaurrekoan Iker Dorronsorok nabarmendu zuen Madrilek aurkariaren taldea «azkar» bilatzen duela: «Baloiarekin ekimena izatea gustatzen zaion taldea da, eta baloi lapurtu eta gero, oso onak dira. Hegaleko jokalariak eta aurrelaria ondo zaindu beharko ditugu».

Bere taldeaz, berriz, esan zuen «sinisten» duela egiten duen lanean, eta horretan dela «indartsua». «Guretzat partida guztiak oso zailak dira, bolada txarra edozein unetan iritsi daiteke. Lehen emaitzek morala eta konfiantza ematen digute baina badakigu berdin jarraitu behar dugula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.