Espainiako Vuelta

Papurren garrantzia

Nielsenek esprintean irabazi du Vueltako 16. etapa. Hautagaiek indarrak gorde dituzte. Roglicek sei segundo lortu ditu gainsariei esker

Papurren garrantzia.
enaut agirrebengoa
2020ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Vuelta Hurdesetik igaro zen atzo, Luis Buñuel zinema zuzendariak 1933an erretratatutako eskualdetik. Dokumentalak Ogirik gabeko lurra zuen izenburutzat, eta bertako biztanleen pobrezia modu gordinean erakusten zuen. Akaso etapa hasi aurretik ikusiko zuten filma ziklistek, garrantzi handia eman baitzieten papurrei: tropelak ihesaldia irensteko gosea izan zuen, lasterketa azken txanpan egon arren, eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma) sei segundo ahoratu zituen helmugako gainsariei esker. Bada zerbait, gaurko etapa erabakigarriari begira. Esloveniarra Magnus Cort Nielsen (Education First) irabazlearen atzetik sartu zen.

Hasieran haizeak triskantza egin zezakeen arren, inork ez zuen soka tenkatzeko borondaterik izan, eta Portillo eta Robledoko igoeren zain gelditu ziren liderrak. Mendateen aurretik, bost ziklistako ihesaldia osatu zen lasterketa buruan. Azken aukera izan zitekeen atzokoa ehiztarientzat, eta Burgos taldeak izan zuen anbizio gehien: Angel Madrazo, Jesus Ezquerra eta Juan Felipe Osorio sartu zituen aurrean. Remi Cavagna (Deceuninck), Bob Stannard (Mitchelton) eta Kobe Goosens (Lotto Soudal) izan zituzten bidaide. Alabaina, esprinterren taldeek kate motzean lotu zituzten iheslariak. Bi mendate luze izan arren, desnibela 2.600 metrokoa zen; hots, azkarrenak osorik irits zitezkeen bukaerara.

Gaitasunik izan ez zutenak Osorio eta Ezquerra izan ziren. Bata Portillon gora gelditu zen atzean, eta bestea Robledora iritsi aurreko sasi-ordeka batean. Aukera taktikorik gabe gelditu zen Burgos. Ordurako, aginte makila hartua zuen Ineosek. Portilloko jaitsiera bihurrian jarri zen buruan, eta luzatua eman zion tropelari. Hala, aurreko laukotea 1.30eko errentarekin hasi zen Robledo igotzen. 40 kilometro gelditzen ziren helmugarako.

Gainetik bost kilometrora, alde egiten saiatu zen Cavagna. Kostata, baina gurpila hartu zion Stannardek. Hogei segundoko abantaila baino ez zuten mendate gainean. Oilarrak ez ziren mugitu, eta, jaitsieran, agintea hartu zuen Movistarrek. Tropelak begi bistan zituen Cavagna eta Stannard, baina ezin zuen 14 segundo eskaseko tartea itxi. Gauzak hala, Cavagnak hordagoa jo zuen helmugara iristeko 17 kilometro falta zirenean. Alde zuen haizea, herenegun haren taldekide Cattaneok ez bezala. Haren patu bera izan zuen, ordea: harrapatu egin zuen tropelak. Bi kilometroren faltan zapuztu zuten haren ametsa, eta, bukaeran, Cort Nielsenen abiadura gailendu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.