Pello Bilbao. Bahrain taldeko txirrindularia

«Oraindik ere urduritasuna pizten dit Itzuliak»

Gernika-Lumokoak kuttuna du Euskal Herriko lasterketa nagusia. Podiuma helburu duela ekin dio lasterketari, nahiz eta lehen etapan uste baino makalago ibili. Hala ere, uste du galdutako denbora ez dela erabakigarria.

AITOR MANTEROLA GARATE.
Aitor Manterola Garate.
Hondarribia
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Uste baino okerrago ekin zion atzo Euskal Herriko Itzuliari Pello Bilbaok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990). Ondo prestatua zeukan Hondarribiko erlojuaren aurkakoa, baina ez zitzaion ondo atera. Ez du amore eman, ordea, eta, etapa amaitzerako, burua datorrenari begira zeukan. Hartutako kolpea barneratzen ari zen arrabolaren gainean hankei eman eta eman, gorputza ez ezik burua ere bere onera ekarri nahian.

Espero ez zenuena gertatu zaizu, eta erlojupeko txarra egin duzu.

Ilusio handia neukan etapan, baina ez dut asmatu.

Erabakigarria izango al da galera?

Ez. Ez da erabakigarria izango. Itzulia hasi baino ez da egin.

Zer da Itzuli hau zure denboraldiko plangintzan?

Hasieratik markatuta egon den helburua, eta Italiako Giroaren aurretik izango dudan lasterketarik garrantzitsuena. Gainera, taldeburu bezala etorri naiz, eta ez dut aukera handirik izango horretarako denboraldian zehar. Ardura guztia niretzat da, eta anbizio guztiarekin ariko naiz. Motibatuta nago ahalik eta urrunen iristeko eta podiumera salto egiteko asmoarekin. Helburu errealista horixe da.

Nolako lasterketa espero duzu gaurtik aurrera?

Urtero esaten da gogorra dela, baina aurtengoa are gehiago. Bigarren etapa ez beste guztiak dira oso gogorrak. Espero dut estu joatea, eta azken egunera arte ez erabakitzea.

Tadej Pogacar ez etortzeak zenbateraino baldintzatu dezake lasterketa?

Horrenbesteko nagusitasuna daukan txirrindulari bat ez egotearen ondorioa izango da ez garela haren zain egongo. Nork bere estrategia landu ahal izango du, eta lasterketa askoz irekiagoa izango da. Eskertzen da Pogacar ez ateratzea: aurkari bat gutxiago.

Faboritoa Roglic bakarrik da?

Nagusia bai, behintzat.

Jumbok dena kontrolpean edukitzea izan daiteke Pogacar ez izatearen beste ondorio bat?

Izan daiteke. Vingegaard ere badute: biekin jokatzeko aukera ematen die horrek, eta indar handia ematen die. Gainera, Roglic jarri da sailkapeneko buru, eta horrek ere emango die lasterketa kontrolpean edukitzeko aukera.

Zer da zuretzat Itzulia?

Lasterketarik gustukoena. Urte osoan zain egoten naiz. Hamabi urte daramatzat profesionaletan, eta oraindik ere urduritasuna pizten didaten gutxienetako bat da. Etxean jokatzen dugu, onena eman nahi dugu, eta ardura edo erantzukizun hori sentitzen dugu. Ibilbidea oso ona da, zaleak ere bikainak, gainean egoten dira, eta lasterketa apartekoa da guretzat, bakana.

Zer zen umetan?

Umetan bainoago, gaztetan hasi nintzen txirrindularitzari erreparatzen. Orduan hasi nintzen lasterketak ikusten, eta bertatik bertara ikusi nuen lehena izan zen. Horrek piztu zidan zaletasuna, hurbiletik halako lasterketa handia ikusteak.

Zer geratu zaizu buruan lehenengo aldiz lasterketa ikustera joan zinen garaietatik?

Txirrindulari profesional bat hurbiletik ikustea; gorputza hain fin eta ondo markatuta izatea. Gaur egun neure burua ikusten dut horrela, eta ohitu naiz. Baina, orduan, pentsatu nuen makinak zirela, propio diseinatutakoak, beste espezie batekoak balira bezala. Horrek harritu ninduen.

Zein zenuen idolo edo eredu?

Ez dut eduki, ez behintzat palmaresagatik. Ondo ezagutzen ditudan pertsonak dira nire idoloak, erakusten dutenak zerbait berezia pertsona bezala. Joseba Beloki eta Amets Txurruka izan dira nire erreferenteak. Hurbilekoak izan dira niretzat.

Lasterketa motzak, luzeak edo biak?

Segun eta nolakoak diren, berdin zait. Strade-Bianche klasikoa, Itzulia eta Giroa dira gehien gustatzen zaizkidanak.

Ohitzen al da bat urtean hainbeste egunez etxetik kanpo lo egiten?

Bai, guztiz. Nomada puntua izaten dugu azkenean. Batzuetan, esnatu, eta ez dakigu non gauden ere. Hori bai, nik nire burkoa edo bururdia eramaten dut beti leku guztietara. Aparteko lekua dauka maletan.

Burkoaz gain zer beste gauza ekarri dituzu maletan Itzulira?

Nahiko minimalista naiz. Leku asko uzten dut libre, burkoa sartzeko. Eta pare bat liburu ere bai. Arropa, justukoa. Hoteletan, txandalarekin ibiltzen gara, eta, lotarako, pare bat pijama nahikoa ditut. Lasterketarako arropak maleta txiki batean eramaten ditut, eta taldearen autobusean uzten dut. Egunero garbitzen dizkigute arropak. Lan handia dago horren atzean. Dena eginda ematen digute; ez dugu ezer egiten.

Zer liburu mota irakurtzen dituzu?

Denetarik. Historia errealetan oinarritutakoak asko gustatzen zaizkit, bidaienak eta abenturazkoak ere bai. Lasterketetara eramateko badira, oso gai sakonak ez zaizkit gustatzen. Arinak nahiago.

Noiz irakurtzen duzu, lo hartu aurretik?

Bai, ohitura dut. Lotarako laguntzen dit, eta deskonektatzeko ere bai, beste pertsona baten munduan eta arazoetan sartzeko balio duelako irakurketak, norberarenak ahaztuta.

Zaleak badaude errepide bazterretan, baina helmuga-irteeretan oraindik ezin libre ibili haiek. Bi tarte horietan hutsunea nabaritzen duzu?

Errepide bazterrean badaude, eta ez da gutxi, egon garen bezala egonda. Datorren urtean dena libre izango dela ematen du. Ea horrela den, eta egoera hau bere onera itzultzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.