ARGI ALDIAN

Jolastuz ikasi

Gorka Azkune -

2018ko irailak 14
Irakaslea eta ikertzailea Deustuko Unibertsitatean

Ume-umetatik, jolastea oso gustuko dugu gizakiok. Pilota baten atzetik korrika ibiltzea, zarata eta soinu ezberdinak egiten dituzten jostailuak erabiltzea ala mahaiko joko tradizionaletan aritzea adibide batzuk besterik ez dira. Dibertsioa bilatzen dugun arren, jolastea ikasteko oso metodo boteretsua da. Gaur egun, eskoletan, jolasetan oinarritzen diren metodologiak lantzen saiatzen dira, adibidez, umeen ikasketa esperientzia indartu eta hobetzeko asmoz.

Milaka jolas eta joko mota ditugu eskura gure gizartean. Aspaldian arrakastarik handiena izaten ari diren jokoak, ordea, bideo jokoak dira ziurrenik. Haurrak zein helduak bideo jokoen munduan murgilduta daude, ordenagailuetan, sakelako telefonoetan ala betiko bideokontsoletan. Azken urteotan, bideo jokoen munduan ere izan dira aldaketak. Interneten eskutik, online jokoak oso-oso ezagunak bilakatu dira. Garai batean lau lagun etxe batean elkartzen ziren bezala joko baten aurrean, orain hainbat herrialdetako ehunka pertsona elkar daitezke zerbitzari batean, taldeak osatuz eta elkarren aurka jolastuz. Mikroak eta aurikularrak erabiliz, elkarren artean komunikatzen dira, taldeak behar bezala koordinatuz.

Era horretako bideo jokoen arrakasta hain da handia, ezen partidak streaming bidez ikus baitaitezke. Jokalari profesionalak ere badaude, jokatzea beren bizimolde bilakatu dutenak. Eta ekitaldi ikaragarriak antolatzen dira, jokalari onenak bildu eta elkarren aurka lehiatuz, sari potoloak irabazteko. Gogoratu besterik ez, Bilbon, irailaren bian, League of Legends jokoaren final handia egin zutela, Miribillako kantxan. Milaka pertsona joan ziren ekitaldia ikustera.

Modu bertsuan, baina beste maila batean, urtero The International izeneko ekitaldia egiten da. Ekitaldi hori Dota2 izeneko bideo jokoaren munduko txapelketa da. Txapelketaren handitasuna ikus dezazuen, hona hemen 2018ko ekitaldiko zenbaki batzuk: sari nagusia 25 milioi dolarrekoa izan zen, mundu osoan zehar 15 milioi pertsonak ikusi zuten streaming bidez, Vancouver hiriko Rogers Arenan ospatu zen eta 20 mila pertsona bertaratu ziren!

Zenbaki horiek harrigarriak badira ere, aurtengo The International ekitaldian bazen, niretzat, askoz harrigarriagoa suertatu zen beste gauza bat: parte hartu zuen taldeetako bat ez zegoen gizakiz osatuta. Bost programa adimendunez osatutako OpenAI Five taldeak parte hartu zuen lehenengoz, nahiz eta lehiaketa ofizialean ezin izan zuten jokatu. Zehazki, bi partida jokatu zituzten jokalari profesionalen aurka, baldintza berdinetan; hots, bost programa adimendunek pertsonek pantailetan ikusten dutena ikusten zuten, eta ekintza berdinak exekuta zitzaketen. Bi partidak galdu egin zituzten, baina oso estuak izan omen ziren: 50 minutu inguru lehiatzeko gai izan ziren partida bakoitzean, jokalari profesionalen antzeko mailan.

OpenAI Five taldeko programa adimentsuek, gizakion antzera, jolastuz ikasten dute. Bere buruaren aurka jokatzen ditu ehunka partida egunero, eta, jokatzearen poderioz, gizaki profesionalen maila lortu dute. Nahiz eta The International lehiaketan ezin izan zuten garaitu, aste batzuk beranduago lehiaketan jokatu zuen taldearen aurka, gehiago jokatu zuen beste talde bat jarri omen zuten lehian. Hau da, makinak makinen aurka. Eta sorpresa! Talde berriak zaharra garaitu omen zuen. Beraz, OpenAI Five abilidadeak hobetzen ari da oraindik.

Ikusten duzuenez, jolastuz ikastea ez da gizakiok bakarrik egin dezakegun zerbait. Jada badakigu makinekin ere antzeko gauzak egiten. Bideo jokoak ikasteko tresna izugarri boteretsuak dira makinentzat. Estrategiak burutzen, aldaketetara egokitzen, egoera larrietan azkar erreakzionatzen eta beste hainbat gauza egiten ikasten dute makinek bideo jokoen munduan. Ezagutza hori guztia mundu errealera eramatea da erronka. Noiz ikusiko ote dugu halakorik?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna