Historiaren lanbro artetik

Yoseba Peña idazleak sustatutako 'Hariak' sentikaria emango du Loraldiak martxoaren 14an

Amaia Ozerin Loraldia jaialdiko kidea Yoseba Peña idazlearekin eta Rafa Rueda musikariarekin. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Bizitzari oraindik ere bizitza amiñi bat gehitzea izan da Yoseba Peña idazlearen motibazioa. 2018an eman zuen argitara Hariak eleberria, baina hasiera-hasieratik ikusi zuen argi liburuko pertsonaien istorioak oholtzara eramango zituela, eta horregatik jo zuen Rafa Rueda musikariarengana, Iraia Elias aktorearengana eta Nahikari Gabilondo bertsolariarengana. Literatura, musika, bertso jarriak, argazkiak eta bideoak uztartzen dituen ordubete inguruko emanaldia osatu dute guztien artean, eta sorburu izan duen liburuaren izen bera darama saioak ere: Hariak. «Euskal idazleok beti egin behar dugu zerbait gehiago», azaldu du Peñak. «Liburua ateratzen duzu, eta, dena ongi badoa, haren bizialdia izaten da urtebetekoa, eta egin behar da zerbait bizitza hori luzatzeko». Horregatik emanaldia sortzeko ideia: bizialdiari bizitza tanta bat gehiago jartzearren. Loraldia jaialdian eskainiko dute orain ikuskizuna, martxoaren 14an, Bilboko Itsas Museoko auditoriumean. Festibalaren webgunean erosi ahal dira jadanik sarrerak, eta aretoan bertan ere egongo dira salgai.

Kasik nobelaren ideiarekin batera sortu zitzaion nobelan oinarritutako emanaldia sortzeko ideia Peñari. Dokumentazio lanean zebilenean izan zuen Ez Dok Amairukoek asmatutako sentikaria hitzaren berri, eta argi ikusi zuen hori zela jarraitu beharreko bidea. Sentiaraztea helburu duen ikuskizunak izendatzeko sortu zuten hitza, eta horixe bera lortu nahi zuen Peñak ere; hala, lehenik, liburuarekin, nola, gero, emanaldiarekin. «Pentsatu nuen nobelarentzako estrategia onena zela irakurleari sentimenduen bidez heltzea, eta horrela hausnarketa bultzatzea. Eta horregatik dokumentazio lanetik beretik pentsatu nuen nobela amaitzen nuenean ahaleginduko nintzela sentikari bat egiten».

Hiru emakumezko belaunaldiren bidez kontatzen du liburuak 1936ko gerratik hasi eta 1980ko hamarkadara arteko Euskal Herriko bost hamarkadako historia, eta eleberritik ateratako hiru pertsonaia nagusien ahotsak dira emanaldiaren bizkarrezurra, nahiz eta zuzenekoetarako laugarren ahots bat ere gehitu duen egileak. Funtsean, «emakumezkoek pairatu duten isiltasuna eta bazterketa» da liburuaren eta ikuskizunaren gai nagusia, Peñaren hitzetan. «Frankismoan eta haren ondoren hainbat emakume ibili ziren leku garrantzitsuetan, eta haiei buruz ez da batere hitz egin. Beren figura berreskuratzeko aldarria egiten dut».

Iaz estreinatu zuten pieza Zarauzko Literaturia jaialdian, eta Donostian eta Oiartzunen (Gipuzkoa) ere egon dira gerora. Laugarren emanaldia izango dute Bilbokoa, eta orain arteko saioetan helburua bete dutela esan du Peñak: «Jendea hunkituta atera da».

Verdesi gorazarre

Ikuskizunaren planteamendua «soila» baina «eraginkorra» dela esan du Rafa Rueda musikariak. Hiru abesti berri sortu ditu berak emanaldirako. Audre Lorderen poema bat, Amaia Lasaren poema bat eta Inge Muellerren beste bat moldatu ditu horretarako, eta eskaria «opari bat» izan dela adierazi du. Oskorriren Adela abestiaren bertsio bat ere egiten du ikuskizunean, eta, tarteka, Iraia Eliasen irakurketa ere lagunduko du gitarrarekin. Ruedaren hitzetan, elkarrekin erraz lotzen direlako saioa osatzen duten diziplina guztiak. «Askotan erabili den formatu bat da, baina bere sinpletasunean lortu dugu kontatu nahi dugunaren esperientzia transmititzea».

Ruedaren lana goraipatu du Peñak. «Ez dakit aitortu zaion, baina giltzarria izan da Euskal Herrian azken hogei urteetan egin diren literatur ekitaldi musikaletan».

Berezia izango da Bilboko emanaldia: beren-beregi egokitu dute gidoia okasiorako. Maria Teresa Verdes bilbotarrari eskainitako bosgarren txatal bat gehitu diote saioari. «Oso ongi egiten du bat liburuko mezuarekin», esan du Peñak. Frankismo betean Emakume Abertzale Batzako kide izan zen Verdes, eta, gainera, presoei babesa eman eta erbesteko Eusko Jaurlaritzarentzat espioitza eta mezulari lanak egiten zituen Alava sarean ere hartu zuen parte. Peñak eman du azalpena: «Alava sareko emakumeek kristoren lana egin zuten; ez bakarrik presoei janaria eramaten eta erbesteko Jaurlaritzaren begi eta belarriak izaten, baizik eta baita nazien eta italiarren tropei buruzko xehetasun militarrak ematen ere. Gero emakume horien izena erabat galdu da historian».

Bigarren bizialdia liburuari probetxuzko suertatu zaiola onartu du idazleak. «Beste publiko batengana heltzeko lagungarri da». Dioenez, ez dago zertan liburua irakurri emanaldira joateko, baina, onartu duenez, ez dira gutxi izan emanaldiak hunkituta liburura iritsi diren ikusleak.

Informazio gehiago nahi izanez gero,jo webgune honetara: www.loraldia.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.