Bidaia bat erdigunera

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak hiru kontzertu emango ditu Europa erdialdean, abenduaren 4tik 8ra: Austrian eta Alemanian ariko da

Atzo aurkeztu zuten bira, Donostiako Kursaal auditoriumean. GORKA RUBIO / FOKU.
Andoni Imaz.
Donostia
2018ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ahotsak eta instrumentuak berotzen Donostiako Kursaal auditoriumeko korridoreetan. Azken entsegu eguna du EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak instrumentuak hegazkinean sartu eta bira hasi aurretik. Europa erdialdera egingo dute bidaia, Austriaraeta Alemaniara, «Europako orkestra eta errepertorio onenen lekura», Oriol Roch zuzendari nagusiaren hitzetan.

Astelehenean hasiko dute bidea, eta hiru kontzertu emango dituzte hurrengo egunetan: abenduaren 4an Linzeko Brucknerhausen (Austria), 6an Municheko Herkulessaalen (Alemania), eta 8an Bregenzeko Festspielhausen (Austria). Europako erdiguneko hiri eta areto garrantzitsuak dira hirurak, tradizio handikoak. Bira «internazionalizazio prozesu garrantzitsua» da orkestrarentzat.

Datorren asteko bira ez da nolanahikoa, eta Rochek hiru alderdi nabarmendu nahi izan ditu: batetik, «Euskadiren enbaxadorea» izango da EOS nazioartean, eta hasiko da entzule berriekin harremana eraikitzen. Bigarrenik, EOSen «hemengo publikoak» harrotasunarekin ikusiko du nola «haren tresna kultural bizia» halako lekuetan dagoen. Azkenik, barne mailan, egoera «bikainean baino hobean» dago orkestra, hazkunde betean, besteak beste «Robert Treviño zuzendariak egindako lanagatik».

Bigarren denboraldia du Treviñok EOSekin, eta bere aurreneko bira du taldearekin. Iaz, zuzendari titular izateko eskaintza egin ziotenean, argi esan zioten nazioarteko proiekzioa zela orkestrak egin beharreko hurrengo urratsa. Horretarako, Euskal Herria ezagutu nahi izan du aurrena, ondoren «euskal kultura ordezkatu» ahal izateko nazioartean. «Orain,esan dezaket ondo ezagutzen ditudala euskal konpositoreak; odolean daramatzat ia».

EOSen kalitatea nabarmendu nahi izan du zuzendariak. Kontatu du bakarlariak gonbidatzen dituztenean, sarri bizi izan duela istorio berdina. Lehenengo entseguaren ondoren, musikariengatik galdetzen diote: «Nondik atera dira?». Mundu osoko musikariak «txundituta» uzten ditu orkestraren mailak.

Nazioartera «handitasunez» zabaltzea erabaki du Treviñok: «Aparteko zerbait egin behar dugu, hori delako herrialde honek eta orkestra honek merezi dutena». Elkarri kontatzeko garaia da haren ustean, «besteek ikusten gaituzten moduak ere definitzen gaituelako».

«Frantziaren eta Espainiaren artean egonik», zenbait kulturatako nahasketa sumatu du zuzendariak Euskal Herrian, eta, kudeatzen «konplikatua» bada ere, «aberasgarria» ere iruditzen zaio. Musikak ordezkatzen du herrialdea, baina «proiekzio multinazionala» egiten du Treviñoren ustean: «Euskal Herriak beti izan ditu mugak zabalik, eta jario hori da hain zuzen bere indargune nagusia».

Euskal musikaren enbaxadore lanak egitea da EOSen helburuetako bat, eta euskal musikarekin hasiko dira datorren asteko birako hiru kontzertuak: Aita Donostiaren Meditazioa lanak irekiko du Linzeko emanaldia, eta Pablo Sorozabalen Siete Lieder (Hautaketa)-k, berriz, Munichekoa eta Bregenzekoa. Lehendabizikoz entzungo da euskaraz Sorozabalen lana, Mojca Erdmann soprano alemaniarraren ahotsean, hura ariko baita bakarlari lanetan kontzertuetan. Sorozabalen musika entzun zuenean, «edertasunak txundituta» geratu zen, «kolorea eta berotasuna» nabaritzen baitzuen kantuetan.

Hiru kontzertuetan Mahlerren Laugarren sinfonia joko dute programaren bigarren zatian, Alemaniako musikagilearen lanik ezagunenetako bat. Linzen, Aita Donostiaren lanaren ostean, orkestrak eta Edrmannek Mozarten soprano aria eta eliza sonata sorta bat joko dute. Munichen, Sorozabalenarena, eta, gero, Elgarren Enigma bariazioak emango dute.

Aita Donostiaren ondarea

Biola jotzailea da Elena Martinez de Murgia, eta betidanik aritu izan da EOSen, orkestra sortu zenetik beretik. Halere, errepertorioarekin lotura berezia dauka orkestrako kideen aldean. Osaba zaharra zuen Aita Donostia: amonaren anaia. «Oso pozik» agertu da hura programatu dutelako Linzeko kontzerturako. Meditazioa organorako idatzi zuen1908an, eta orkestrarako transkribatu zuen urte berean.

Parisen ikasi zuen Aita Donostiak, 1920ko hamarkadan, eta Ravelen ezaguna ere bazen. «Frantziako musikak eragin handia izan zuen beregan», Martinez de Murgiaren hitzetan. Elizgizona bazen ere, «oso modernoa zen bere garairako». Herri musika biltzen eman zuen bizitza, eta 1.500 abesti baino gehiagoko ondarea utzi zuen. Folkloretik jaso eta taldean jotzeko nahiz koruan abesteko moldaketak egin zituen, eta bere lan osoa editatuta eta eskuragarri dago gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.